Eskerrik asko EHUP! Jaiarekin bat egin zenuten guztioi
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

EHUko errektoretza taldeak eta EHUP! Jaiaren antolaketa-lanetan aritu den ikasle taldeak eskerrak eman nahi dizkizuete ostiralean Leioako campusera etorri zineten guztioi eta jaia primeran atera zedin boluntario gisa lanean aritu zinetenei.
Unibertsitatearen identitatea sustatzeko eta indartzeko asmoz egin zen EHUP! Jaia eta helburua aise bete da. Ikasle, irakasle nahiz langile guztiek izan zuten aukera elkarrekin ordu batzuk partekatzeko, ohiko girotik aparte, eta sortu zen giroa itzela izan zen. Ikasle jaia gaindituta, unibertsitate jai bilakatu zen EHUP! Jaia eta hori txalotzekoa da. Horregatik diogu arrakastatsua izan zela eta hori antolatzaile, boluntario eta parte-hartzaileei esker izan da posible.
Unibertsitatea ikasteko, formatzeko eta ikertzeko leku da, batez ere, baina baita bizipen gogoangarrien leku. Horregatik berresten dugu era honetako ekimenek balio dutela EHUko kide izateko sentimendua areagotzen eta bizipenez betetako unibertsitate garaiak bestelako sentsazioekin gogoratzen.
EHUren Leioako campusak hartu du aurten EHUP! Jaia. Baina ekimena ibiltaria izateko asmoz sortu da.
Eskerrik asko aurrekari berri hau posible egiteagatik.
EHUP! Jaiaren argazki galeria