Euskal Herriko Unibertsitateko Gluten3S ikertaldeak egiaztatu duenez, zeliakia diagnostikoa jaso osteko lehen urtean banan banako nutrizio laguntasuna jasotzea ona da pazienteen dieta eta sintomatologia hobetzeko, horrek bizi kalitatea aldatzen ez badie ere.
Esku hartze nutrizionalak pertsona zeliakoen elikadura ohiturak hobetzen ditu
EHUko tesi baten arabera, banan banako nutrizio laguntasuna jasotzea mesedegarria da zeliakia diagnostikatu berri zaien pertsonentzat
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/04

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zenbait ikertzailek nutrizio hezkuntzarako esku hartze proiektu bat egin dute zeliakia diagnostikatu berri zaien umeekin, eta emaitzak onak izan dira, dietaren eta sintomatologiaren hobekuntzari dagokionez. Artikulu batean jaso dute azterlana –‘Importance of an Ongoing and Face-to-Face Dietary Intervention in Newly Diagnosed Pediatric Celiac Patients’–, eta ‘Nutrients’ aldizkarian argitaratu dute 2024an. Lan horretan erakutsi dutenez, pazienteei aurrez aurre eta modu aktiboan laguntasuna emanez gero, gabezia dietetikoak antzeman daitezke eta ohitura orekatuagoak sortu, baita gluten gabeko dieta (GGD) baten testuinguru murriztailean ere.
Zeliakia gaixotasun autoimmunea da, eta harentzako tratamendu bakarra GGD zorrotza egitea da. Hala ere, tratamendua ondo egiteak ez dakar beti bizi kalitate ona, faktore asko direla medio, hala nola gluten bako produktuen kostua, zama emozionala eta muga sozialak.
Ikertzaileek Osakidetzaren laguntzaz egin dute azterketa, eta diagnostikatu berriak ziren 70 neska-mutilek hartu dute parte. Lehen urtean zehar aurrez aurreko hiru saiotan bildu dira, eta haietan hainbat gai landu dituzte: gaixotasunaren eta dietaren nondik norako nagusiak, elikagaien kutsadura gurutzatuaren prebentzioa, etiketatzea eta nutrizio plangintza. Tresna osagarri gisa ‘Gluten3S Diet’ softwarea erabili dute, ikertaldeak berak diseinatua, GGDaren kalitatea zehaztasun handiagoaz ebaluatzeko.
“Elikaduran eta sintomatologian hobekuntza nabarmenak antzeman baditugu ere, pazienteen bizi kalitatea ez da hobetu, eta horrek berresten du dietari erreparatzea ez dela nahikoa”, adierazi dute ikertzaileek.
Ikuspegi integral eta holistiko baten garrantzia
Beharrezkoa da ikuspegi zabalago bat hartzea, neurketa kliniko tradizionaletatik harago. Halaxe berresten dute bai Gesala Perez Junkerak defendatutako doktore tesiak —‘Glutenik gabeko dieta orekatua eta segurua: Hezkuntza nutrizionalaren eragina oreka dietetikoan, sintomatologian eta bizi-kalitatean gaixotasun zeliakoa duten pertsonetan’— eta bai ‘A Global Approach to Follow-Up in Celiac Disease: From the Diagnosis to Long-Term Care’ artikuluak, 2024an ‘Foods’ aldizkarian argitaratuak. Bestela esanda, “beharrezkoa da parametro serologiko edo antropometrikoetatik harago joatea, eta aktiboki bultzatzea banan banako nutrizio laguntasuna, sostengu psikologiko egituratua eta inklusio sozialerako estrategia errealak” azpimarratu du ikertzaileak. Ikuspegi holistiko hori oso gutxi erabiltzen da oraindik ohiko jardun klinikoan, nahiz eta oso garrantzitsua den zeliakia daukaten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”.
Gaur egun, Espainiako estatuko osasun sistema publikoan, dietista-nutrizionistaren eta psikologoaren figurak ez daude sistematikoki txertatuta zeliakia duten pertsonen jarraipen prozesuan, nahiz eta hori guztiz aldentzen den populazio zeliakoaren benetako premietatik eta gomendio zientifiko berrietatik. Horrek are nabarmenago egiten du tesi honetan garatutakoa bezalako esku hartzeen balioa, batez ere umeentzat, dieta ohitura onen eta trebetasun emozionalen oinarri sendo batek berebiziko garrantzia izan baitezake haientzat epe luzera.
Etorkizuneko ildoak zeliakiari ikuspegi integral batetik heltzeko
Emaitza klinikoetatik harago, ikerketak etorkizunerako proposamenak egiten ditu, hala nola biomarkatzaile ez-inbasiboak erabiltzea, nutrizioaren jarraipena eta sostengu psikologikoa indartzea, jarraipena urtebetetik gorakoa izatea, eta ‘Gluten3S Diet’ bezalako tresna digitalak erabiltzea, jarraipena osoagoa izan dadin eta hobeto egokitu dadin pazienteen benetako premietara.
Lan berri honek ebidentzia baliagarriak eman ditu zeliakia duten pertsonen tratamendurako estrategia eraginkorragoak diseinatzeko, eta haien zaintza ikuspegi osoago batetik kudeatzeko. Gesala Perez Junkerak bi zuzendarikide izan ditu tesian: Arrate Lasa Elgezua eta Idoia Larretxi Lamelas, biak ere EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailekoak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Importance of an Ongoing Nutritional Counselling Intervention on Eating Habits of Newly Diagnosed Children with Celiac Disease
- Nutrients, 16(15), 2418
- DOI: 10.3390/nu16152418
- Global Approach to Follow-Up of Celiac Disease
- Foods (Basel, Switzerland), 13(10), 1449
- DOI: 10.3390/foods13101449