euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ainara Larrondo Ureta

Garapen Jasangarriko Helburuak eta etorkizuneko komunikatzaileak: prestakuntza gizatiarragorako bidean?

Kazetaritza Saileko irakasle titularra eta IKD3 i320-22 proiektuaren koordinatzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/28

Ainara Larrondo Ureta
Ainara Larrondo Ureta. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Gaurkotasun informatiboa nahiko genukeena baino sarriago astintzen dute inpaktu eta dramatismo handiko gertakariek. Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak, berriki, aipatu gaurkotasun horren irudirik gordinena eskaini du eta bere dimentsio zein konplexutasun osoan ulertzeko zailak zaizkigun mugetara iristen ari da. Informazio-estaldura guztietan bezala, gerra eta gatazka armatuei lotutakoetan ere kazetariek zorroztasun eta profesionaltasun handiena nabarmendu behar dute, eta horrek, kasu askotan, norberaren sentiberatasuna eta inplikazio pertsonala alde batera uztea dakar.

Baina gizaki diren heinean, kazetaritzan dabiltzanentzat bereizketa hori egitea ez da batere erraza. Are gehiago, gogoeta horien harira, nork bere buruari galde diezaioke ea ba ote dagoen kasuren bat zeinean kazetariaren beraren balio gizatiar eta enpatikoak hiritarrei helarazten zaizkien kontakizunak indartu eta positiboki hunkigarri bihurtzen dituen. Baietz uste dugu.

Izan ere, egun hauetan ikusten dugu nola komunikabideek, aipatu gatazken berri ematean, lehentasuna eskaintzen dieten giza kontakizunari, “storytelling”-ari, emozioen testigantzari eta, azken batean, afektibitateari. Emozioen bidez informatzean oinarritzen den tratamendu mota bat da eta, behar bezala bideratuta eta planteatuta, ez du zertan sentsazionalismoaren sinonimo izan.

Aldi berean,  komunikazio-enpresak erredakzioen eguneroko lana “robotizatzen” hasi dira, Adimen Artifiziala eta algoritmoak erabiliz (albisteak arin sortzeko, informazioak egiaztatzeko, edukiak pertsonalizatzeko, etab.). Hortaz, komunikabideetako erredakzioetan prozesu “hotzak” edo gizatasunik gabekoak hedatzen hasten diren unean, batzuek hasi dira kazetarien giza balioa eta balio profesionala aldarrikatzen. Honekin batera, kazetaritzaren oinarrizko balio deontologikoak berreskuratzearen alde egiten da (informazio-zorroztasuna, objektibotasuna, edukiak pertsonalizatzea, etab.), lanbidea nolabaiteko “revival” bat bizitzen ari dela ulertuta. Hala, esaterako, Covid-19 pandemian sortutako desinformazioko krisian publikoak komunikabide tradizionalekiko konfiantza berreskuratu zuen, Reuters Institutuaren 2020ko “Digital News Report” azterlanean erakusten denez.

Era berean, lanbideak gaur egun bizi duen “revival”-arekin ondo lotzen den tratamendua da, formatu luzeko kazetaritzari (longform journalism) edo kazetaritza motelari (slow journalism) dagokionez; izan ere, trataera sakon hau, kazetaritza lasterrari (fast journalism) kontrajarririk, kausak, testuinguruak, eta ondorioak ulertzera bideratua dago, berehalakotasunaren kazetaritzari eta oinarrizko datuari (fast journalism) indargabetzen edo osatzen. Halaber, kazetaritzaren balio eta printzipio etikoen egungo aldarrikapenarekin bat datorren tratamendua izango litzateke, desinformazioa edo “fake news” eta sareko “izenburu mamuak” (clikcbaiting) bezalako joerek markatutako testuinguruan.

Lerro hauetatik defendatzen dugu garrantzitsua dela kazetarien sentsibilitatea eta enpatia sustatzea, tokiko eta munduko herritarren arazoak ikusarazteko, eta gizarteen erronka nagusiei erantzuna emateko, kontzientziak pizteko, aktibismoak sortzeko eta gobernu arduratsuak dinamizatzeko. Badakigu hedabideek eta haien titularrek gertaera bakoitza eraikitzen dutela eta, horrekin batera, gure jarduera-esparruak. Mundu ekologikoagoa, berdintasunezkoagoa, bidezkoagoa, azken batean aurreratuagoa bilatzen badugu, beharrezkoa da komunikabideen bidez jasotzen ditugun informazioek bide horretatik jotzea.

“Desideratum” horrek Nazio Batuen 2030 Agendaren eta haren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuen (GJH) asmoak partekatzen ditu. Beraz, galde liteke: loturarik ezar ote daiteke GJHen eta kazetaritzaren artean? Gure erantzuna da posible dela hori egitea kazetariek ondoen egiten dakitenaren bidez: istorioak kontatuz eta eduki erakargarriak sortuz egungo hedabideen eskaintzaren aurrean gero eta arreta gutxiago duen publiko hiperkonektatuarentzat (eta galduarentzat).

Eta nola lagun dezakegu horretan unibertsitatetik eta Kazetaritza gradutik? Ingurune digital berrietan komunikazioari lotutako ikasgaiak eskaintzen ditugun Kazetaritza Saileko zortzi irakasleok* galdera hori egin genion geure buruari. Eragindako gogoetaren eta Hezkuntza Berriztatzeko hainbat proiektutan bereganatutako esperientziaren ondorioz, Unibertsitateko Hezkuntza Aholkularitzako Zerbitzuaren laguntzarekin ‘Web edukien idazkera eta sorkuntza’ irakasgaian 2020an IKD3 proiektu bat (i320-22) jarri genuen martxan: “Mundu globalizatu batean eta baterako komunikatzen irakastea. Zeharkako Gaitasunak (ZG) eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) proiektu transmedia ekintzaileak oinarritutako irakaskuntzan”.

Proiektua 2021eko abenduan amaitu bazen ere, interesgarria iruditu zitzaigun gune honetara gizartearen erronkei aurre egiteko prestatutako profesionalak bilatzera bideratutako hezkuntza-esperientzia hau ekartzea, unibertsitateko prestakuntza prozedurazko prestakuntzatik eta prestakuntza teknologikotik haratago doala ulertuta. Era berean, esperientzia hori unibertsitatean gauzatzen ari diren beste batzuekin harremanetan jarri nahi genuen, zubiak eta diziplina arteko loturak eraiki ahal izateko.

Planteatzen genuen galderari ikasgelako praktikan erantzuteak egokitzapen batzuk ekarri zituen eta ikasgaiko ikasleek lortu beharreko zeharkako gaitasunak indartzeko beharra mahaigaineratzera eraman gintuen. Zehazki, UPV/EHUk 2019ko katalogoan adierazitako zeharkako sei konpetentzia aurreikusi ziren.

Gaitasun horiek lortzeko, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Komunikazioko hiru graduetako talde guztietako bigarren ikasturteko ikasleek sareko informazio-produktu sakon eta argitzaileak garatu zituzten, banakako lana eta lan kooperatiboa taldeetan landuz. Kazetaritza-produktu horiek GJHekin zuzenean edo zeharka lotutako gaiei buruzko eduki bisualak, testualak, ikus-entzunezkoak, grafikoak eta interaktiboak oinarri hartuta landu ziren.

Multimedia estaldura mota honek gaitasun enpatikoa eta informatzeko beharrezko inpartzialtasuna orekatzea eskatzen du eta, horrez gain, hainbat formatotatik abiatuta, dokumentatzeko, informazioa egiaztatzeko eta edukiak lantzeko ahalegin handiagoa.

Horrela, ikasleek modu intentsiboan praktikan jartzen dute ohiko lanetatik urruntzen dituen rol bat, hala nola prentsa-oharrekin eta iturri ofizialetako komunikazioekin lan egitea, zeinak kazetariaren sormen- eta narrazio-gaitasuna mugatu ohi duen. Landutako komunikazio-proiektuetan ekintzailetza, sormena eta lan autonomoa sustatu ziren, ikasleak gaiak bilatzera eta jorratzera animatuz, komunikabideen ohiko gaien zirkuitutik haratago joateko. Ekimena positiboa izan zen, GJHak ikasleen artean ezagutarazi eta gizartean eragina duten gaiekiko kontzientziazio- eta sentsibilizazio-maila handitu baitzen. Lorpen horiek, dirudienez, ondo lotzen dira gure ikasleen belaunaldiaren kezka eta interesekin. Espero da, halaber, prestakuntza hori lagungarria izango dela gure ikasleek komunikazio-enpresetan egiten duten lanarekin, beren aletxoa eman dezaten GJHak lortzeko. Horrek, beharbada, lanbidearen ikuspegi kontrajarriak leuntzen lagun dezake, jakinda komunikazioa edota kazetaritza merkataritza-jarduera dela, baina baita informazio aske eta egiazkoa hornitzeko giza jarduera ere.

 

* IKD3 i320-22 proiektuan parte hartu duten irakasleak: Irati Agirreazkuenaga, Ainara Larrondo, Iñigo Marauri, Terese Mendiguren, Koldobika Meso, Jesús A. Pérez, Simón Peña, Izaskun Rodríguez.