Gure txokoak: Futbolak harrapaturik
Photocampus: Eguneko irudia
- Photocampus
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/24
“Jaio nintzela mende erdia, hortxe, igaro ondoren ere futbol planetako orbitetako batean nabil. Esparru akademikora duela hiru hamarkada, hortxe, iritsi nintzen, futbola harrapatzeko gogoz, haren berri jakiteko irrikaz, ordukoan bestelako ikuspegi batetik, ikuspegi zientifikotik. Partida batean aritzen diren jokalarien arteko harremanen konplexutasuna neurtzeko, zinta metrikoa edo kronometroa alferrik zirela baietsi nuen, emozioz, afektibitatez, aldartez… emokaturik, eta ohartu nintzen praktika mugatzen duten arauen soiltasuna, ahal den neurrian, aztergai direnean neurriz gaindiko zailtasuna bihurtzen dela.
Duela hogei urte unibertsitatean laborategi berezi bat, futbol-zelaia, eraiki zuten, eta horri esker aukera izan dut sinergia kolektibotan aberatsa den jarduera soziomotor bat aztertzeko eta bertan esku hartzeko.
Atsegin dut joko-eremua hutsik eta isilik dagoela zapaltzea, eskolarik ez dagoenean, ikuslerik gabe, jokalari, prestatzaile fisiko eta entrenatzaile izan nintzenean bizi izandakoen oroitzapenak azaleratu daitezen, baina, oroz gain, oraingo irakasle eta ikertzaile hau inspiratuko duten ideien peskizan. Futbolaren ziurgabetasun-iturriak harrapatuta nauka, eta ezezagun horiek askatzeko ekinean segitzen dut. Ziurtasun pizar batekin deskribatzen eta esplikatzen dut jokabideen fluxua (banakako nahiz kolektiboena), askotan iheskorrak eta funsgabeak izan arren, futbolean aritzeko praktika zerbait errepikaezina bihurtzen baitute jokaldi bakoitzean. Aurresateko erronkak «futbolari» mantentzen nau, zelaitik hurbil. Askotan pasieran ibiltzen naiz joko-eremuan barrena, ezkutuan duen zer horren kezkan, gaurdaino beraren ondoan egoteagatik esker onez eta, batez ere, asebeterik.”
Horixe da Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle Julen Castellanoren lekurik gogokoena. Aurreko lerroak ere hark idatzi ditu.
Nola iritsi: 42°49'55.2"N 2°41'07.8"W
