Gure txokoak: Aintzatespena eta ikusgarritasuna
- Photocampus
Lehenengo argitaratze data: 2021/02/18
2018-2019ko ikasturtean, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Berdintasun Batzordeak parte-hartze prozesu bati ekin zion unibertsitateko kideen artean, zentro bakoitzeko jakintza arloan ekarpen nabarmenen bat egindako emakumeak aukeratzeko, eta haien izena jartzeko Fakultatean denen erabilerarako diren espazioei. Ekinbide horren bitartez, zenbait emakumeren lana, Gizarte Langintzaren eta Lan Harremanen diziplinak garatzen beren ekarpen teoriko eta praktikoa egina, aintzat hartu eta ikusgai jarri nahi izan zen. Duela gutxi, gainera, espazio horien errotuluak aldatu dira, eta, hala, emakume horien irudia eta testu labur bat, haien biografiari buruzkoa, erantsi dira.
Gizarte Langintzaren diziplinari dagokionez, adibidez, izena aldatu zitzaion tokietako bat lehen “Irakasleen aretoa” deitzen zen, eta orain “Jane Addams aretoa” da. Jane Addams (1860-1935) gizarte langile feminista eta ekintzaile bat izan zen; Estatu Batuetako harrera etxe lehenengoetako bat fundatu zuen. Beste emakume batzuekin batera, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga sortu zuen, eta 1931n Bakearen Nobel saria eman zioten, justizia sozialaren alde eta zapalkuntzaren eta esplotazioaren aurka agertutako konpromisoagatik.
Espazio hori aukeratu du Gure txokoak tarterako Praktika Curricularren eta Garapenerako Lankidetzaren dekanorde Ixone Fernández de Labastida Medinak. Hona hemen haren hitzak: “Pozgarria da Gizarte Langintzaren arloan emakume garrantzitsuenetako bat izandakoaren izena jarri izana. Gure fakultatea txikia da, ez dago toki askorik elkartzeko, baina pandemiaren aurretik Jane Addams aretoan egiten zen gure ikastegiko unibertsitate bizitzaren zati handi bat. Irakasleen zereginetako asko areto horretan egiten ziren: bilerak, batzarrak, mintegiak... Eta, horretaz gain, arnasa eta atseden hartzeko tokia ere bada. Jane Addams aretoan, halaber, irakasleentzat garrantzitsuak diren beste zenbait ekitaldi egiten dira, hala nola omenaldiak, norbaitek erretiroa hartzen duenean, eta eguneroko bazkariak, besterik gabe. Horregatik da berezia niretzat, eta espero dut berriz ere laster erabili ahal izatea ekitaldi horietarako guztietarako”.
Nola iritsi: 42°50'23.7"N 2°40'10.8"W
