euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Juan Manuel Machimbarrena

Helduak adingabeen 'ehizan' Interneten: oinarrizko lau arau tranpan ez erortzeko

Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko irakasle atxikia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/27

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Edozein haur edo gaztek telefono adimendun bat badu eskuan, mezuak jasotzeko eta trukatzeko aukera dauka munduko edozein lekutako ezezagunekin. Harreman, informazio eta komunikazio arloko teknologiek adingabeekin komunikatzeko eta elkarri eragiteko modu berriak ahalbidetzen dituzte, baina baita abusu forma berriak agertzea eta areagotzea ere.

Helduek eginiko online sexu eskariak eta elkarreraginak haurrak eta nerabeak mugitzen diren online ingurune berriaren ondorio negatibo bat dira, bai eta arazo kaltegarrienetako bat ere, asimetrikoa delako: heldu batek egiten duenez, adingabea zaurgarritasun eta babesgabetasun egoeran geratzen da, eta arazo psikosozial larriak eragin diezazkioke.

Erakartzea, limurtzea eta manipulatzea

Sexu eskariak dira adingabeek online jasotzen dituzten eskaerak helduen eskutik argazki edo bideo sexualak bidal diezazkieten, sexuari buruzko galderei erantzun diezaieten edo sexu jardueretan parte har dezaten online edo bizitza errealean. Bestalde, elkarreragin sexualizatua da adingabeak online testuinguruan jarduten duenean heldu batekin argazki edo bideo sexualak bidaliz, sexu elkarrizketak edukiz edo heldu batekin geratuz harremanak izateko.

Batzuetan, eskari eta elkarreragin horiek erakarpen, limurtze eta manipulazio prozesu baten parte dira (‘grooming’ terminoa erabiltzen da gehien ingelesez); horren bidez, adingabeak atxikimendu eta intimitate sentimendu bat garatzen du helburu funtsean sexualak dituen heldu batekiko.

Hamarretik ia bi erasotuak dira

Nazioartean, metaanalisiak adierazten du adingabeen % 11,5ek (12-16 urte) sexu eskariak jaso zituztela Interneten bidez.

Espainiako testuinguruan, UNICEFek berriki eginiko txosten batek adierazten du hamar nerabetik batek sexu proposamenen bat jaso duela heldu baten partetik Interneten. Berriki eginiko beste ikerketa batek agerian utzi du adingabeen % 12,6k sexu eskariak jaso izanaren berri eman zuela eta % 7,9k helduekin Internet bidez elkarreragin sexualizatuak izanaren berri eman zuela.

Adituek, gainera, fenomeno horren maiztasuna aztertu dute. 13 hiletan egindako luzetarako azterlan batean sexu eskariak % 23ko prebalentziarekin agertzen dira, eta elkarreraginak, berriz, % 14koarekin. Intzidentzia, hau da, 13 hilabete horietan agertu ziren kasu berriak, % 10ekoa izan zen.

Sexu eta adinaren araberako desberdintasunei dagokienez, UNICEFen txostenak agerian jartzen du neskek eskari gehiago jasotzen dituztela eta elkarreragin sexualizatu gehiago izaten dituztela helduekin. Adingabeen adina handitu ahala, halaxe egiten du arazo horien prebalentziak ere; hori, hein batean, arrazoi honi zor dakioke: adingabeak pubertaroan sartzen doaz eta norbere sexualitatearekiko interes handiagoa dute.

Abusu mota hori kroniko bihurtzen zaien biktimek bizi kalitate okerragoa dute osasunari dagokionez.

Gurasoen bitartekaritza online

Familiei dagokienez, arazo hori prebenitzeko modu onena gure adingabeek Internet nola erabiltzen duten gainbegiratzea da, arau argiak jartzea zer egin dezaketen ez zer ez jakiteko, eta Internet erabiltzen laguntzea arrisku mota horiei buruz informatzeko eta prebenitzeko.

Gurasoen bitartekaritza online (alegia, seme-alabek Internet erabiltzeko aukerak maximizatzea eta arriskuak minimizatzea) da hezkuntza eta gizarte txerto onena arriskuak murrizteko.

Horrela, zorigaiztoko arazo hori hein handian murrizteko funtsezko estrategietako batzuk hauek dira: aktiboki gainbegiratzea, ezezagunen kontaktuak murriztea, eta seme-alabekin sareko segurtasunari buruz hitz egin eta eztabaidatzea.

Gurasoen kontratua?

Baliteke esandakoaren zati bat Internet Security for Kids (ISFK) edo Fundación ANAR erakundeek proposatzen duten “gurasoen kontratu” bat erabiliz bideratu ahal izatea. Kontratu horiek oinarri bat dira familia bakoitzak egokien jotzen dituen terminoak eztabaidatu eta onartzeko.

Ikastetxeetan, prebentzio programak jar daitezke abian, hala nola Brief preventive intervention in grooming eta Safety.net programa. Informazioa eman eta kontzientziatzeaz gain, zenbait jarraibide ematen dituzte sareko abusu mota horien aurrean salbu egoteko.

Adingabeentzako jardunbide egokiak

Adingabeak eurak ardatz hartuta, hona hemen zenbait gomendio:

  1. Ez bidali argazki edo bideo sexual edo probokatiborik eta ez kontatu zure intimitaterik ezezagunei. Internetez informazioa bidaliz gero, haren gaineko kontrola galtzen duzu eta bidali duzunak nahi ez duzun norbaiten eskuetan edo nahi ez duzun lekuan argitaratuta amai dezake.
  2. Ez amore eman xantaien aurrean, ez bidali eta ez egin esaten dizutenik. Ez da geratuko: beti eskatuko dizkizu argazki edo bideo gehiago, mehatxatu egingo zaitu eta min gehiago emango dizu.
  3. Gorde elkarrizketak, argazkiak eta bideoak erasotzailea blokeatu aurretik. Erabilgarriak izango dira polizian salaketa jartzeko. Gurasoek eta poliziak babestuko zaituzte.
  4. Esan premiaz gurasoei edo helduren bati. Zu babesteko zehazki zer egin behar den jakingo dute. Erasotzaileek hori ez egiteko eskatuko dizute eta errudun sentiaraziko zaituzte, baina jakin behar duzu hori ez dela horrela. Hitz egin gurasoekin edo beste heldu batekin. Utzi laguntzen.

Oso garrantzitsua da Interneteko arrisku mota horri adi egotea, horiek uneren batean saihesteko edo nola aurre egin jakiteko. Gure esku dago gure adingabeen ongizatea babestu eta bermatzea.

The Conversation