AAn oinarritutako sei tresnek erakutsi dute Euskadin garatutako hizkuntza-teknologiaren potentziala. EHUko HiTZ zentroak antolatutako jardunaldia ILENIA, Adimen Artifizialean hizkuntzak bultzatzeko proiektuaren barruan kokatzen da.
Hizkuntzak adimen artifizialean sustatzea
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/04

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak eta ILENIA Proiektuak hizkuntzaren ekonomia berria eraldatzen ari diren teknologia digitalei buruzko jardunaldia antolatu dute.
Jardunaldia Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea; eta Igone Zabalak, EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzako errektoreordea, ireki dute. Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du aurrekaririk gabeko eraldaketa bizi dugula adimen artifizialak bultzatuta, eta iraultza teknologiko honen erdigunean hizkuntzak daudela, "gizaki egiten gaituztenak". Azpimarratu duenez, “adimen artifiziala benetan inklusiboa eta etikoa izan dadin, eleanitza izan behar du". Zentzu horretan, Latxa GAITU edo EUSKORPUS bezalako euskal ekimenak nabarmendu ditu, euskararen erabilera soziala sustatu eta corpus irekiak garatzen dituztenak, "aro digitalean hizkuntza bakar bat ere atzean geratzen ez dela" ziurtatuz. Adierazi duenez, "hizkuntza aniztasunak indartu egiten gaitu" gizarte gisa.
Jardunaldian zehar, Estatuko hizkuntzaren teknologien ekimen publiko nagusiak aurkeztu dira — ILENIA/ALIA, AINA, GAITU, NóS eta VIVES —, Hizkuntzaren Teknologien eragin handiko erabilera-kasuen azterlanaren emaitzekin batera.
IA eleaniztunaren potentziala
Topaketaren une nagusia ILENIA proiektuaren baitan garatutako bost erakusleen aurkezpena izan da, guztiak HiTZ zentroak sortutako LATXA euskarazko hizkuntza ereduaren oinarrituta daude.
- AhoMyTTS Kalitate handiko ahots sintetiko pertsonalizatuak lortzeko plataforma eta aplikazioa da. Ahozko ezintasunak dituztenei edo ahoko ezintasunak eragiten dituzten endekapenezko gaixotasunak dituztenei zuzenduta dago – EHUko HiTZ Zentroa.
- CheckeApp aplikazioak berrien egiazkotasuna adimen artifizialaren bidez konprobatzen du. Kontsultatu beharreko iturriak hautatzen ditu eta bilaketa galdera espezifikoekin pertsonalizatzeko aukera ematen du - SURLABS
- Kazetarien laguntzaileak informazioa bilatu, sortu eta transkribatzeko diseinatuta dago. Hiru atal nagusi ditu: Argiako albisteetan oinarritutako hemeroteka, testu-sortzailea eta elkarrizketen transkripzio automatikoa – Ametzagaiña.
- NatalíAk 112 larrialdi-zerbitzuetako telefono-agenteei hizkuntza-laguntza ematea du eginkizun nagusi. Larrialdi-egoera batean deitzaileak emandako informazioa interpretatzea errazten du, eta denborak bizitza salbatu dezakeen egoera batean erantzuna arintzen du - Natural Speech.
- Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) edukira azkar eta eleaniztasunez sartzeko aukera ematen du. Hizkuntza naturalaren bidez xedapenak, dekretuak edo iragarkiak bilatzea errazten du, laburpen ulergarriak eta iturri ofizialetarako lotura zuzenak eskainiz - LKS Next GobTech Euskadi.
- BlokLM erabiltzaileei beren dokumentuak antolatzen, ulertzen eta laburtzen laguntzeko diseinatua dago. Laguntzaile birtual baten gisa lan egiten du, galdera-erantzunak, laburpenak, FAQak, kontzeptu-mapak eta podcast moduko audioak sortuz – Orai NLP.
Aurrerapausoak hizkuntzaren ekonomian
Erakusle horiek EHUko HiTZ zentroak garatutako LATXA hizkuntza-ereduaren potentziala erakusten dute, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna ingurune digitalean integratzen dituzten adimen artifizialeko aplikazio berrietarako oinarri gisa.
ILENIArekin, Euskadik eta Euskal Herriko Unibertsitateak hizkuntza-azpiegitura ireki eta iraunkorren garapenean erreferente gisa duten posizioa indartzen dute, funtsezkoak baitira hizkuntzaren ekonomia berrirako eta sektorearen eraldaketa digitalerako.





