-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
In memoriam: José Ignacio García-Gurtubay García
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/02
Guretzat beti Iñaki Gurtubay (1941-2025) izan dena, beti euskal kulturarekin lotu izan duguna, unibertsitate ikasketetara euskara ekartzea bultzatu zuena, Zaragozan jaioa zen, eta, dirudienez, Madrilen zegoela, farmaziako ikaslea zela, euskal jatorriaz jabetu zen eta euskara ikasi zuen bertan. Iñakik bazekien denbora profitatzen eta, karrerako eta euskara ikasketez gain, organoa ikasten zuen San Bernardo kaleko Kontserbatorio zaharrean.
1968an hasi zen lanean Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Zientzia ikasketak Nautika Eskolako eraikinean irakasten ziren, Deustuko Botika Zaharra kalean. Eta bertan izan zen Iñaki, lehenengo ikasturteko lehenengo egunean, biologiako irakasle txit berria. Esan liteke, beraz, Zientzia Fakultateko Aita Fundatzaileen taldekidea izan zela. Berezko zeukan diziplinartekotasunari leial, aldi berean zen farmazia bulego baten titularra, Matiko auzo hurbilean, eta Bizkaiko medikamentuak banatzeko kooperatibako zuzendaritzan ziharduen, arlo horretako lehenetariko kooperatiba izanik.
Zientzia Fakultatea Leioako campusera behin ekarrita, gaur egungo usadioetarako adinean aski aurreratuta, bizitza berrorientatu zuen biokimikaren ikerkuntzara eta irakaskuntzara. Laborategiko inurria zen, lanean ezin zogiagoa, zer eta gertuko lankide asko harritu egin baitziren doktore tesia amaitua zuela jakiterakoan. 1979an defendatu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, J.M. Macarulla eta F.M. Goñi zuzendari izan zituela. Hortik aurrera, eta muturreko apustua eginda, Matikoko farmazia eskualdatu eta mintz mitokondrialen irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritzeari ekin zion buru-belarri, Londresko Unibertsitatean aldian behingo egonaldiak eginez teknika espezifikoak ikastearren. Laster eman zuten ahaleginok fruitua eta, 1983an, garai hartan Madrilen egiten ziren oposizio gogorrak gaindituta, Unibertsitateko Irakasle Atxikien Kidego Nazionalean sartu zen, Biologia arloan. Denboraren poderioz, Iñakik, José Luis R. Arrondo gogoratuarekin eta behean sinatzen dugunokin batera, Biokimika Sailaren "Biomintz Taldea" sortu zuen, etorkizunean "Biofisika Unitatea" izango zenaren hazia (gaur egun "Biofisika Institutua").
80ko hamarkada produktibitate handikoa izan zen Iñakirentzat mintzen eta bioenergetikaren azterketa eta ikerketetan, Halobacteriumaren hazkuntza sistema bat atondu baitzuen "mintz purpura" deiturikoak lortzeko, sistema ezin hobea eta ezin soilagoa, aztergai gogokoen zituen ikerketak egin ahal izateko. Beti diskretua, urte haietan izan zituen ikasleak markatuta geratu ziren, kalitatearekiko eta erreproduzitze esperimentalarekiko zorroztasun ia obsesiboa zela eta. Laborategiko lanaz gain, Eduardo Rial bere ikasle izandakoa lagun, gaztelaniara ekarri zuen David G. Nicholls-en "Bioenergetics" lana, Espainian Reverté argitaletxeak 1987an argitaratu zuena. Hori guztia gutxi balitz, haizetik xurgatu zituen garai hartan Euskal Sukaldaritza Berria zeritzonaren usainak, eta bromatologiaz eta nutrizioaz zeukan jakintza (farmazeutikoa zen, azken finean) baliatu zuen Donostian udako ikastaro batzuk antolatzeko gastronomiaren zientziaren inguruan, orduko izen handiak bertaratuta: Arzak, Fombellida, Subijana… Zorigaitzez, 1990ean, kolpe malapartatua jasan zuen, betidanik mugatua izan zuen ikusmenean; hain zuzen ere, erretina askatu baitzitzaion ondoen mantentzen zuen begian. Barraquer Institutuan ebakuntza birritan egin arren, ez zen sendatu eta zientzialari hura, neurri esperimental guzti-guztiak bertatik bertara begira eta behatu behar zituen zientzialari hura laborategitik erbesteratu zuten. Alajaina, irakaskuntza jarduerari eutsi ahal izan zion, biomolekulen egitura ardatz eta muin hartuta, 2011n erretiroa hartu zuen arte. Hurbileneko lankide eta laguntzaileek prestatua zioten omenaldi saio akademiko bat, baina bertan behera utzi behar izan zen azken orduan, uko erabatekoa egin ziolako era hartako ekitaldi batean parte hartzeari. Kukua beti kuku.
Mari Carmen Galligo emaztea, Iñaki, Aitor eta Idoia seme-alabak eta bost biloba utzi ditu.
Félix M. Goñi eta Alicia Alonso