euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

In memoriam: Luis Martínez-Millán

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/05

Atsekabe handiz agurtzen dugu Luis Martínez-Millán (Villarroya de la Sierra, Zaragoza, 1942), neurozientzialaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Neurozientziak Saileko Giza Anatomia eta Enbriologiako katedraduna. Bat-batean zendu da, eta huts handia utzi du bai esparru akademikoan bai hura ezagutu, harengandik ikasi eta ezagutzarekiko pasioa harekin partekatzeko pribilegioa izan dugun guztiongan.

Bere ibilbidean zehar, Luis garunaren artisaua eta irakasle konprometitua baino askoz gehiago izan da. Zientzian sinisten zuen ikertzailea zen, eta garuna organo zoragarri eta txundigarria zela uste zuen. Neurozirujau esperimental apartekoa eta sutsua izan zen: sistema bisualean eta beste sistema sentsorial batzuetan arakatu zuen ulertzeko nola egokitzen ziren konexioak animalia esperimentaletan (gizakiak ez diren primateak barne) zentzumen-gabetzearen ondoren. Bere neurozientzietako ikerketek, neuroanatomiaren esparruko ekarpenek eta nerbio-sistemaren plastikotasunari buruzkoek, bai eta ikasleen belaunaldi berriei irakasteko bere etengabeko ahaleginek ere aztarna sakona utzi dute gure unibertsitatean eta Espainiako komunitate zientifikoan.

Luis ezagutu nuen 1975ean, Lyongo banlieuean auto-stop egiten ari nintzela. Nigan, eta bere ikasle guztiengan, garuna ezagutu eta ikertzeko jakingura geldiezina piztu zuen, eta ikertzaileon lana bizitzari zentzua ematen dion jarduera handia dela ulertarazi zigun. Langile nekaezina zen, izaera atipikokoa eta umore isekarikoa. Aragoiar fin gisa, zintzotasun eta irizpide erostezinak mantendu zituen gure komunitate akademikoan, jarrera kritiko eta eraikitzailearekin beti; eta hori ahaztezina eta eredugarria da ondo ezagutu genuenontzat.

Irakasle lanetan, Luis argia, zorrotza eta eskuzabala zen. Ezagutzak transmititzeaz gain, gogoberotasuna eta neurozientzietako ikerketarekiko eta irakaskuntzarekiko maitasun zintzoa ere zabaltzen zituen.

Harekin lan egin genuenok badakigu bere legatua ez dela soilik artikulu, proiektu edo eskuliburuetan neurtzen, baizik eta bere ogibidea bizi zuen etika isilean, irakasten eta praktikatzen zuenaren arteko koherentzian. Kide leiala, zuhurra, sinesmen irmokoa eta begirada argikoa zen.

Gaurkoan, agur esaten diogu goibeltasunez, baina baita esker onez ere. Bere bizitza jakintzara bideratzeagatik, benetan lagun zintzoa izateagatik, bai eta utzi digun guztiagatik ere. Luisen memoriak bizirik iraungo du gure fakultateko korridoreetan, irakatsi zuen ikasgeletan, berak irakatsitakoari esker egun garunari jakinguraz eta errespetuz begiratzen dion ikasle bakoitzarengan.

Bidaiari nekaezina zen eta bere jakingurak ez zuen mugarik. Bere hurrengo bidaia prestatzen ari zen azken atsedena hartu zuenean.

Bon voyage, Luis maitea! Zuregatik topa.

Gogoan izango zaitugu. Zure hutsak atsekabetzen gaitu, baina zure legatuak bizirik dirau.

Besarkada handia.

                                                                  Carlos Matute eta Francisco Doñate