euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Saioa Gómez Zorita, Iñaki Milton Laskibar, Maitane González Arceo eta María Puy Portillo

Noria eta wakamea: itsas algak kontsumitzeak hesteetako mikrobiotari mesede egin eta gaixotasunak prebeni litzake

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko ikertzaileak

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/09

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Itsas algek iodo, zuntz eta antioxidatzaile ugari dituzte. Ekialdeko gastronomian mendeak daramatzate algak erabiltzen; mendebaldekoan, berriz, zenbait hamarkada. Algen moldakortasuna erakusten duten bi adibide ezagun ditugu: noria, (ezaguna sushi biribilkiak biltzeagatik eta duen zapore delikatu eta txigortuagatik) eta wakamea (misoa eta antzeko zopetan, edo entsalada freskoetan ohikoa; testura leuna eta zertxobait gelatinakara ematen du). Biek eskaintzen dute aukera dietetiko ezin hobea, saldei, salteatuei edo ogiei umami zapore sakona emateko.

Baina ematen duten zaporeez haratago, osasunaren ikuspegitik badira zenbait arrazoi dietan algak sartzeko. Besteak beste, hesteetako mikrobiota hobetu dezaketela.

100 bilioi bakterioren kolonia

Hesteetako mikrobiota (lehen heste flora gisa ezagutzen genuena) mikroorganismoen komunitate handi batek osatzen du, batik bat, bakterioek eta, neurri txikiagoan, birus eta legamiek, zeinak hesteetan bizi diren, bereziki, heste lodian. Mikrobiota osatzen duten mikroorganismo horiek gizakiarekin batera daude, eta oso zeregin garrantzitsua dute osasuna mantentzean.

Honako hauek dira zeregin nabarmenenak: patogenoen aurka babestea, bitaminak eta entzimak sortzea, hesteetako barreraren funtzioari eustea, eta immunitate sistema modulatzea.

Era berean, hesteetako mikrobiota gai da elikagaien digeritzen errazak ez diren osagaiak (hala nola zuntza) hartzitzeko; hala, kate motzeko gantz azido (KMGA) gisa ezagutzen ditugun metabolitoak sortzen ditu.

Osagai horiek lagundu egiten dute mikrobiotaren osaera egokia mantentzen; izan ere, hesteetako pH-a erregulatzen dute, bai eta bakterioen hazkundea ere. Gainera, zenbait gaixotasun prebenitzen dituzte, antiinflamatorioak direlako eta hesteetatik odolera igarotzeko gaitasuna dutelako.

Baliabide natural ia “birjina”

Testuinguru horretan, itsas makroalgak potentzial prebiotikoa duten osagaien etorkizun handiko iturriak dira; baina oraindik gutxi aztertu dira. Hau da, hesteetako mikrobiotaren parte diren bakterio onuragarrien hazkundea eta jarduera modu selektiboan estimulatzen dituzten osagaien iturri dira, haien elikagai baitira. Horrez gain, prebiotikoek KMGAk sortzen dituzte, mikrobiotak hartzitu egiten baititu.

Bestalde, nutrizio osaerari dagokionez, itsas algak zuntz dietetiko ugari izateagatik nabarmentzen dira: zenbait espezietan beren pisu lehorraren % 50a gainditzen dute. Era berean, polifenol eta peptido ugari dituzte.

Konposatu horiek modu selektiboan faboratu dezakete hesteetan mikroorganismo onuragarrien hazkundea, eta lagundu egin dezakete osasunerako funtsezkoak diren molekulak ekoizten, besteak beste, KMGAk.

Aipatutako efektuez gain, osagaietako batzuek hesteetako barrera hobetu dezakete eta hanturazko prozesuak arindu, bai eta oxidazio estresa murriztu ere.

Lehenengo ikerketak eta aurrerapenak

Azterlan zientifiko batzuek bermatu egiten dute hesteetako mikrobiotaren egoeran eta, azken batean, pertsonen osasunean duten inpaktu positiboa. Gaur gaurkoz, oso azterlan gutxi daude, baina lehenengo urratsak eman dira.

Hala, zenbait lan aurki daitezke zeinak iradokitzen duten algen kontsumoak zenbait gaixotasun prebenitzen lagun dezakeela, mikrobiotaren gainean duten efektuaren bidez.

Zehazki, azterlan horietako batek ‘Monostroma nitidum’ algatik ateratzen den ramnan sulfato polisakaridoa ebaluatu zuen, eta haren portaera aztertu zuen xagu eta gizakiek irensten zutenean.

Karraskariei dagokienez, konposatu horrek handitu egin zuen bolumen fekala, oso baliagarria idorreria izanez gero, eta areagotu egin zituen gorozkien bidez kanporatzen diren kaloriak. Horrek adierazten du elikagaien energiaren zati bat ez dela xurgatzen. Gainera, hobetu egin zituen odoleko triglizerido, kolesterol eta glukosa mailak.

Idorreria izaten duten pertsonetan izandako efektuei dagokienez, polisakarido horien ingestioak sabel-husteen maiztasuna areagotu zuen, inolako albo ondoriorik izan gabe. Hori gerta daiteke hesteetako mikrobiotaren osaera hobetu egiten delako.

Beste lan batek, gainpisua eta obesitatea duten pertsonekin egindako saiakuntza kliniko batek, azaldu zuen ‘Ulva spp’. algatik ateratzen den xilolaminoglukuronano polisakaridoak murriztu egin zituela kolesterola eta hanturaren adierazleak.

Gainera, azterlan horrek ezagutzera eman zuen aldaketak egon zirela mikrobiotaren osaeran; horrek iradokitzen du onuretako batzuk lotuta egon daitezkeela hesteetako bakterioekin.

Bestalde, probiotikoak (mikroorganismo biziak) algekin konbinatzean sortzen diren ondorioen ikerketa ere jasota dago. Zehazki, ‘Laminaria japonica’ alga (Kombu izenez ezaguna) probiotikoekin nahasteari buruzko azterlan batek baieztatu zuen konbinazio horrek hobetu egiten zuela hesteetako mikrobiota, bakterio onuragarrien kopurua handitzen baitzuen.

‘Laminaria japonica’ algaren prebiotikoak probiotikoekin nahastearen efektu sinergikoak areagotu egin zituen hesteetako mikrobiotaren gaineko efektu onuragarriak.

Horrez gain, egiaztatu zen konbinazio horrek ez zuela sortzen albo ondoriorik, ez eta bestelako alteraziorik ere. Horrek adierazten du modu seguruan erabili zela.

Arrisku posibleak hainbeste onuren artean

Aipatutako azterlanen efektu positiboak nabarmenak badira ere, algak kontsumitzeak arriskuak izan ditzake osasunarentzat. Izan ere, algek kutsatzaileak izan ditzakete, hala nola metal astunak, eta horiek eragin negatiboa izan dezakete mikrobiotan eta, ondorioz, osasunean.

Bestalde, algen osagai isolatuak (adibidez, industrian erauzi edota kontzentratuak) kontsumitzen badira, alga osoan baino kontzentrazio handiagoan egiten dira kutsatzaile horiek; ondorioz, efektua alda dezakete.

Laburbilduz, elikagai hori gure dietan modu seguruan eta eraginkorrean sartzeko, aintzat hartu behar da zein alga espezie ikertu diren, bai eta aztertutako kontsumo kopurua eta maiztasuna ere; izan ere, alga bakoitzak osaera berezia du, eta osaera hori lekuaren eta bilketa unearen arabera alda daiteke.