euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Jarduera elektrikoa detektatu da lehenengoz Marteko atmosferan

NASAren Perseverance roverak deskarga elektrikoen soinua entzun du. EHUko Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega ikertzaileak ari dira ikerketan parte hartzen

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/25

Ezkerretik eskuinera: Agustín Sánchez Lavega eta Ricardo Hueso , EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideak
Ezkerretik eskuinera: Agustín Sánchez Lavega eta Ricardo Hueso , EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideak | Argazkia: Mitxi

Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak barne hartzen dituen nazioarteko talde batek deskarga elektrikoak aurkitu ditu lehenengoz Marteko atmosferan. NASAren Mars 2020 misioko Perseverance roverak planeta gorriko atmosferan eskuratutako soinuak aztertzean egin da aurkikuntza; Nature aldizkarian argitaratu da.

Jarduera elektriko hori, gainera, Lurrekoaz oso bestelakoa da. Ricardo Huesok azaldu duenez, “Lurrean, hodeietan eta ekaitzetan pilatutako kargak dira nagusi elektrizitate atmosferikoan, eta tximistargien bidez deskargatzen da, modu bortitzean. Marten aldiz, elektrizitate atmosferikoa lehorra da eta hauts-partikulek zurrunbiloetan eta hauts-ekaitzetan talka egitean sortzen da; beraz, deskargak Lurrekoak baino askoz txikiagoak dira”.

Perseverance rovera —Mars 2020 misioko funtsezko elementua— Jezero kraterraren inguruan lurreratu zen 2021eko otsailaren 18an, eskualde hori esploratzeko eta Marteko gainazaleko lagin hautatuak jasotzeko. Lagin horiek Lurrera ekarriko dira etorkizunean, eta iraganeko bizitzaren arrasto posibleak bilatzeko erabiliko dira. Perseverance ibilgailuaren tresna zientifikoetako batzuk aipatzearren, Supercam tresnari elkartutako mikrofono bat du roverak, baita hainbat sentsore meteorologiko ere, MEDA estazio meteorologikoa osatzen dutenak. Madrileko Astrobiologia zentroak, Estatu Batuetako JPL erakundeak eta Finlandiako Meteorologia Institutuak (Helsinki) fabrikatu zuten estazio hori lankidetzan. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldea (EHU) da MEDAko talde zientifikoa osatzen duen ikertaldeetako bat.

Perseverance ibilgailuak, deskargen soinuak grabatzeaz gainera, haren efektu elektromagnetikoak ere jaso ditu mikrofonoaren zirkuituetako baten bidez. MEDAri esker, ikertaldeak zehaztu ahal izan du zurrunbiloak edo hauts-ekaitzak daudenean gertatzen direla deskarga horiek. Azterketan ondorioztatu denez, deskarga horiek laburrak dira (dozenaka zentimetro), lurreko ekaitzetan izaten diren ehunka metroko tximistargien aldean.

Agustín Sánchez Lavegak adierazi duenez, “Marte, bere karbono dioxidozko atmosfera ahularekin, mundu hotz, lehor eta hautsez betea da, non haizea oso bizia baita batzuetan haize-boladak daudenean zurrunbiloak eta gorantz jotzen duten hauts-burbuilak sortzen baitira; ekaitz handi-handien ehunka kilometroko fronteak ere izan daitezke, eta, batzuetan, planeta osoa hautsez estaltzen dute. Beraz, espero dugu deskarga elektrikoak, orain arte saiheskorrak izan badira ere, ugariak izatea ingurumen-kondizio horietan”.

"Triboelektrizitate" hori aurkitzeak —hauts-partikulen arteko talkak nagusi dituen fenomenoa—  ate berriak ireki ditu Marteren ikerketan. Elektrostatikoki kargatutako hautsak lagundu dezake elektrikoki lebitatu eta Marten hauts-ekaitz handiak sortzen. Gainazaletan ere erants daiteke, eta karga handiak jaso ditzake; beraz, arrisku-faktore bat da etorkizuneko misio tripulatuetarako. Gainera, deskarga elektrikoek atmosferaren kimikari eragin diezaiokete. Hala, material oxidatzailea sortuko litzateke, eta horrek, epe luzera, gainazaleko substantzia organikoak deuseztatzea ekar dezake; beraz, zailagoa da planetan iraganean izandako bizitzaren frogak aurkitzea. Edonola ere, EHUko zientzialariek ondorioztatu dutenez, “ikerketak bidea irekitzen du elektrizitateak Marteko atmosfera naturalean dituen eraginei buruzko galdera ugariren erantzunak aurkitzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Baptiste Chide, Ralph D. Lorenz, Franck Montmessin, Sylvestre Maurice, Yann Parot, Ricardo Hueso, German Martinez, Alvaro Vicente-Retortillo, Xavier Jacob, Mark Lemmon, Bruno Dubois, Pierre-Yves Meslin, Claire Newman, Tanguy Bertrand, Grégoire Deprez, Daniel Toledo, Agustin Sánchez-Lavega, Agnès Cousin, Roger C. Wiens
  • Detection of triboelectric discharges during dust events on Mars
  • Nature (2025)
  • DOI: 10.1038/s41586-025-09736-y