euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Gaur bost urte NASAren Perseverance roverra marteratu zen

Mars 2020 misioan dauden EHUko taldeek aurrera jarraitzen dute Marteko meteorologiaren eta lurzoruaren ezagutzan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/18

IBeA taldeko zuzendari Juan Manuel Madariaga  eta pantailan Zientzia Planetarioen taldeko zuzendari Agustín Sanchez Lavega
IBeA taldeko Juan Manuel Madariaga eta pantailan Zientzia Planetarioen taldeko Agustín Sanchez Lavega. | Argazkia: Laura López. EHU.

Gaur bost urte, 22:00ak baino lehenxeago, Perseverance roverra Marteko Jezero kraterrean pausatu zen. Mars 2020 misioaren bide-urratzailea dugu ibilgailu esploratzaile hori. NASAk inoiz prestatu duen misiorik osoenak helburu garbi bat du, Marteren iraganeko eta gaur egungo misterioak argitzen jarraitzea, zenbait mendez geroztik txunditzen gaituen planeta gorriaren misterioak argitzen jarraitzea, alegia. Izan al zen bizirik Marten? Zer gertatu zen ibai eta ozeano ugariekin? Zenbateraino da bortitza hango meteorologia?

Mars 2020 misioaren puntako ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateko bi taldek parte hartzen dute: Zientzia Planetarioen Taldeak eta IBeA Taldeak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa). Perseverancek Martera iristeko ia zazpi hilabeteko bidaiari ekin aurretik hasi ziren taldeok elkarrekin lanean, biek izan baitzuten parte rover ibilgailuak planeta ikertzeko daramatzan zazpi tresna sofistikatuetako biren garapenean.

Zientzia Planetarioen Taldeak MEDA tresna (Mars Environmental Dynamics Analyzer) NASAri 2013an proposatu zion talde txikian jardun zuen, Astrobiologia Zentroaren gidaritzapean jardun ere. Tresna hori nazioarteko zenbait taldek aurkeztutako 67 proposamenetatik hautatutako bat izan zen. Estazio meteorologiko bat da, atmosferaren egoera etengabe analizatzeko gai diren hainbat sentsore dituena. Batez ere, esekiduran dagoen hautsa eta haren ezaugarriak aztertzen ditu, hautsa iraunkorra baita Marteren atmosferan. IBeA taldeak, berriz, SuperCam tresnan parte hartu du garapenaren hasieratik. Tresna hori analisi kimikoak zein petrografikoak egiteko gai den sistema konplexu bat da, eta halako analisiak egitea ez da beste inoizko misiotan lortu.  Talde biei esker, Mars 2020 misioan tresna bana duten bi zientzialari-talde dituen Espainiako unibertsitate bakarra da EHU.

Bost urte horietan —bi urte eta erdi inguru, Marteko ordularian—, Perseverancek 40,85 km egin ditu Jezero kraterrean. Duela milaka urte aintzira bat zegoen han; horregatik hartu du misioak ikerlekutzat. Datu oso baliotsuak jaso eta bidali ahal izan ditu EHUko ikertaldeek beren ikerlana egin dezaten.

Dust devils eta beste fenomeno batzuk

Zientzia Planetarioen Taldeak tokiko meteorologia eta Marte planetako meteorologia globalaren zati bat aztertu ditu, bai eta zenbait aurkikuntza aipagarri egin ere, hala nola Marteko lehen soinuen detekzioa eta atmosferan esekiduran dagoen hautsaren marruskaduraren ondoriozko deskarga elektrostatikoen aurkikuntza. “Marteko meteorologia eta Lurrekoa nahiko antzekoak dira; izan ere, gure planeta baino txikiagoa den arren, antzeko errotazio-periodoa du (egunaren iraupena) eta urtaroen araberako aldaketa bortitzak: tenperaturak –33ºC eta –88C bitartekoak dira neguan, eta –13ºC eta -75ºC bitartekoak udan”, azaldu du Agustín Sánchez Lavega taldekideak, MEDA tresnarako NASAren ikertzaile eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedradun emeritoak. Marea termikoak aztertu ditugu, hau da, planeta osoari eragiten dioten irismen handiko tenperatura-gorabeherak, ekaitz izugarri gogorrak eta hauts-ekaitzak detektatu ditugu (ekaitzetako batek MEDAren sentsoreetako batzuk apurtu zituen 2022ko urtarrilean) eta ekaitzen kopuru eta intentsitateak atmosferan metatutako hauts-kantitatearekin duen lotura ere ikertu dugu. Dust devil deritzen hauts- eta haize-zurrunbiloak ere aztertu ditugu, bai eta Marten dagoen ur-lurrun eskasaren hezetasun-zikloa ere. Horrez gain, Marteren gainazalarekin kontaktuan dagoen atmosferaren 50 m-ko garaiera-tartean gertatzen diren prozesuak karakterizatu ditugu. “Ahalik eta xeheen ezagutu nahi dugu planetaren atmosfera, eta gai izan nahi dugu iragarpen meteorologikoa hobetzeko, mundu hori arakatzera iritsiko diren etorkizuneko misio robotiko eta gizatiarrei begira”, azaldu du Sánchez Lavegak.

IBeA taldeak, bestalde, SuperCam tresnan parte hartzeaz gain, eragiketa-gela bat diseinatu zuen EHUren Leioako campusean, Martina Casiano plataforma teknologikoan. Gela hori 2021eko ekainean baliozkotu zen, eta hara jaisten dira SuperCam-ek arroketatik eta lurzoruetatik lortzen dituen analisi-datuak eta handik igotzen dira egin beharreko lagin-analisiei buruzko lan-aginduak. Analisi horien bidez, aukera dago hobeto ezagutzeko Jezero kraterra. “Lehen ezustekoa izan zen Máaz-eko arroketako poroetan sodio perkloratoa aurkitzea, osasunerako toxikoa den konposatu kimiko oso oxidatzaile bat”, azaldu du IBeAko zuzendari Juan Manuel Madariagak. Poroetan aurkitu izanak esan nahi du sodio perkloratotan aberats den ura dagoela arroken barruraino sartuta. Máaz da Jezero kraterreko bi formazio bolkanikoetako bat, bestea Séítah da. Hori izan zen bigarren ezustekoa; izan ere, aurretik ikusitakoaren arabera, uste zuten Jezero, antzinako aintzira baten hondoa, sedimentarioa izango zela, baina gerora ondorioztatu dute labazko bi korronte daudela bertan, Lurreko laben osagai berekoak (plagioklasak, piroxenoak eta olibinoak), baina proportzio desberdinetan; arroka sedimentariorik ez dago. “Momentuz Lurrean bezalakoa da dena, baina konposizio eta proportzio desberdinean”, gehitu du katedradunak. Beste aurkikuntza aipagarri bat da milaka harri zuri dagoela Jezeroren oinarriko amildegitik paleodeltaren lautadaraino. “Harri solteak dira, kilometro karratu askotan sakabanatuak. Gehien bat kaolinitaz osatuak daude; orain arte Marten inoiz aurkitu gabeko mineral bat, baina, adibidez, Monegrosen aurkitu daitekeena”, gaineratu du. Non azaleratu ziren ez dakite oraindik.

Bizirik egon al zen Marten?

Madariagaren taldeak bi helburu ditu; batetik, “Marteren gainazalean izan diren erupzioetako materialetan gertatu diren eraldaketa kimikoei buruz ditugun hipotesiak baieztatzea”. Eta, bestetik, “ahal badugu, arrokak ekartzea eta Lurreko laborategietan aztertzea, ikusteko ea baduten mikrobio-bizia inoiz izan delako erakusgarri den molekula organikorik”. Marte arakatzeko programa honen azpian ere biziaren existentzia datza. “Badakigu Marten ur asko egon zela duela 3.000 milioi urte; beraz, biziak izan zuen bere aukera. Ez dakiguna da aukera hori gauzatu zen ala ez”, azpimarratu du Sánchez Lavegak.

Lorpen horien guztien abiapuntu dira Mars2020 misioan egindako ikerketez talde biek aldizkari espezializatuetan —sona handikoak batzuk, Nature eta Science, besteak beste— argitaratu dituzten 75 artikuluak, zeinak, norbanakoaren eta taldearen aurrerabidearen emaitza izateaz gain, ezagutzaren mugan lan egitearen ondorio ere baitira, Madariagak dioen bezala. Baina, gizarte gisa, zergatik da garrantzitsua espazioa ikertzea eta, zehatzago esanda, Marte ikertzea?

“Ikertzeko grina giza espeziearekin berarekin datorren zerbait da. Naturaz gara esploratzaile. Beraz, badugu non gauden jakiteko gurari bat, guzti-guztia nola dabilen ulertzekoa, baita unibertsoa ere bere eskala handienean. Bestalde, espazio-agentziak eta, azkenaldian ikusten ari garen bezala, baita enpresa pribatuak ere diru asko inbertitzen ari dira espazioan, eta horrek zalantzarik gabe esan nahi du atzean etekin ekonomiko nabarmena dagoela”, dio Sánchez Lavegak. “Eta, gero, espaziorako garatzen diren teknologia horiek guztiak daude, espazioan arinena, erresistenteena dena behar delako..., baina eguneroko bizimoduan ere erabiltzen ditugu, oro har oso ondo ohartzen ez bagara ere. Sateliteak, adibidez. Gaur egun, ezingo ginateke bizi komunikazio-sateliterik edo meteorologia-sateliterik gabe”, gaineratu du Madariagak.