euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUko talde batek dekagono formako egitura bat aurkitu du Saturnoko hodeietan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/03

Saturnoren hego hemisferioaren mapa polarra, Hubble Espazio Teleskopioarekin 763 nm-ko uhin-luzeran hartua (2025eko abuztuaren 29an).
Saturnoren hego hemisferioaren mapa polarra, Hubble Espazio Teleskopioarekin 763 nm-ko uhin-luzeran hartua (2025eko abuztuaren 29an). | Argazkia: NASA, ESA, A. Sánchez-Lavega (Euskal Herriko Unibertsitatea, EHU)

Agustín Sánchez-Lavega katedradunak zuzendutako ikerketak Hubble teleskopioak eta astronomo amateurren sare zabal batek hartutako irudiak izan ditu oinarri, eta gasezko planetetako fenomeno atmosferikoen ezagutzan aurrerapausoak emateko aukera emango du

Voyager 1 eta Voyager 2 espazio-ontziak 1980an eta 1981ean Saturno planetaren gainetik pasatu zirenean, aurkikuntza ugari egin zituzten, eta, horien artean, haren goi-hodeietan planetaren ipar poloa inguratzen zuen hexagono itxurako formazio bat zegoela nabarmendu zen. Egitura hori Saturnoren hexagono izenez ezagutzen da, eta gaur egunera arte iraun du; hau da, planeta horren urtebete baino gehiago (Lurraren 30 urte, gutxi gorabehera). Inoiz ez da horrelakorik ikusi eguzki-sistemako planeta bakar batean ere, eta hexagonoaren nondik norakoek erronka handia izaten jarraitzen dute meteorologo planetarioentzat.

Saturnoko haizeen banaketa eta dinamika atmosferikoa simetrikoak dira, baina, hala ere, hexagonoa ikusi zenetik igarotako urte guztietan ez zen ikusi halako egiturarik hego hemisferioan, eta horrek harritu egiten zituen ikertzaileak. 2023. urtean, ordea, planetaren hego hemisferioa gero eta hobeto ikusteko moduan egon ahala, Hubble Espazio Teleskopioarekin (HST) hartutako irudiek ez zuten hexagono bat erakutsi planetaren hego poloko eskualdearen inguruan, baizik eta egitura dekagonal bat (10 aldeko poligono bat). Egitura dekagonal hori berretsi dute HSTrekin 2024an eta 2025ean hartutako irudiek eta Lurreko teleskopioekin hartutakoek. Irudi horien arabera, dekagonoaren erpin batzuk beste batzuk baino lausoagoak dira, eta horrek iradokitzen du fenomenoa garatzen ari dela eta, beharbada, ez dela hexagonoa bezain egonkorra oraingoz.

“Benetan harrituta gaude aurkikuntza honekin. Erabat ustekabekoa da, eta egitura atmosferiko berezi hau datozen urteetan xehe aztertzeko ateak irekitzen ditu, bai eta hexagonoarekin konparatzeko aukera ematen ere”, adierazi du Agustín Sánchez-Lavegak —EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskola ko irakasle emeritua eta Science Advances inpaktu handiko aldizkarian argitaratutako ikerketaren burua—.

Ikerketan, dekagonoaren bilakaera erregulartasunez jarraitzeko, astronomo amateurren sare zabal batek hartutako irudietan oinarritu dira; izan ere, astronomo amateurrak gai izan dira beren teleskopioekin 2025ean zehar dekagonoaren erpinak behatzeko. Horri esker, doitasunez aztertu ahal izan da haren mugimendua. Dekagonoa, hexagonoa bezala, zurrusta-korronte batean murgilduta dago. Korrontearen abiadura maximoa 400 kilometro ordukoa da, gutxi gorabehera, eta dekagonoa bera osotasun gisa mugitzen da, planetaren errotazioarekiko mantso, orduko 10 kilometro inguruko abiaduran. Aldi berean, erpinek aurrera egiten dute, 32 eguneko periodoa duen mugimendu oszilakor bat eginez, eta hexagonoan ez da horrelakorik ikusi.

Bestalde, ekipo angloamerikar batek Hego Hemisferioko Behatokiko (ESO) VLT teleskopioarekin egindako infragorrien bidezko behaketei esker, dekagonoaren eskualdeko egitura termikoa aztertu ahal izan da, eta haizeak neurtu; hala, ikusi da haizearen abiadura altueraren arabera aldatzen dela. Aldi berean, HSTak espektroaren maila desberdinetan hartutako irudiek erakusten dute dekagonoa osatzen duten goiko laino eta hodeiek bertikalki estratifikatuak daudela.

Fenomenoaren izaerak erronka jotzen die eredu atmosferikoei. “Ez dakigu bai hexagonoa eta bai dekagonoa planetaren atmosferan, goiko hodei-geruzen azpian, sakonki errotutako egiturak ote diren edo azaleko formazio meteorologikoak diren eta hodei horiei soilik eragiten dieten”, azaldu du Sánchez-Lavegak. Ideia horiek esploratzeko, zenbakizko simulazioak egin dira atmosferaren eredu sinplifikatu batekin, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko (UPC) ikertzaileekin lankidetzan. Simulazio horiek erakusten dute, ikerketan sakontzen hasi aurretik ere, modu bat baino gehiago dagoela dekagonoaren geometria duen uhin bat sortzeko eta denbora batez iraun dezakeela uhin horrek oinarritzat duen zurrusta-korrontearen gainean.

Ikerketak gasezko planetetako fenomeno atmosferikoei buruzko oinarrizko galdera asko azaleratzen ditu. Zergatik eratzen dira Saturnon soilik halako uhin poligonalak? Ba al du zerikusirik Jupiterreko poloak inguratzen dituzten zikloien 5 eta 8 aldeko antolaketa poligonalarekin? Datozen urteetan gero eta hobeto ikusiko da Saturnoren hego hemisferioa, eta fenomenoari egingo zaizkion behaketek lagunduko dute haren ezaugarriak definitzen eta hango atmosferaren puzzle bitxi hori ebazteko eredu aurreratuak egiten.

 

Erreferentzia bibliografikoa

  • Agustín Sánchez-Lavega, Amy A. Simon, Michael H. Wong, Leigh N. Fletcher, Arrate Antuñano, Ricardo Hueso, Peio Iñurrigarro, Aida Flix-Bellmunt, Arnau Miró, Enrique García-Melendo, Trevor Barry, Jean-Paul Oger, Glenn S. Orton, Itziar Garate-Lopez
  • A decagon wave around Saturn’s south pole
  • Science Advances, sciadv.aee4251
  • DOI: 10.1126/sciadv.aee4251