euskaraespañol

Redes sociales campusa

Kimika bertso erritmoan Donostian

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2025/12/03, 11:00

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta EHUko Kimika Fakultateak "Jakinduriek mundue erreko dau" bertsozientzia ikuskizunaren saio bat antolatu dute, fakultatearen 50. urteurrena dela eta, bertso erritmoan ezagutza kimikoa zabaltzeko. Hitzordua datorren asteazkenean izango da, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Saioa 11:00etan hasiko da Donostiako EHUko Carlos Santamaria Zentroan.

Sarrera irekia da eserlekuak bete arte.

Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak aurkeztuko du ikuskizuna, eta bertan Amets Arzallus eta Oihana Arana bertsolariek inprobisatuko dute Ainara Sangronizek, Lide Aranak eta Josu Lopez-Gazpiok labur azalduko dituzten gaien inguruan.

Eguneroko kimikako apunteak

Ainara Sangroniz, EHUn Kimikan doktore eta Polimero eta Material Aurreratuen Saileko irakasleak, naturan aurki daitekeen nahasketa kimiko konplexuenetako bat argituko du: sugeen pozoia. Nahaste duala da: hilgarria izan daiteke, baina odol-presioa eta koagulazioa tratatzeko sendagaiak garatzeko oinarri gisa erabili daitezkeen konposatuak ere baditu.

Bestalde, Lide Arana biokimikariak, EHUko Biomedikuntza eta Biologia Molekularrean doktore eta Kimika Aplikatuaren Sailean irakasle denak, gure gorputzak milioika organismoz osatutako ekosistema bizi bat bezala funtzionatzen duela azalduko du; bakterioak, birusak eta onddoak aipatuko ditu, besteak beste. Zehazki, lankide mikroskopiko horiekin dugun harremana aztertuko du, haien ekarpena funtsezkoa baita gure osasunerako.

Gainera, EHUn Kimikan doktore eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) irakasle den Josu Lopez-Gazpio kimikariak gai oso arrunt baten atzean dagoen kimikan jarriko du arreta: puzkerrak edo flatulentziak. Azalpenean, hauei lotutako hainbat kontzeptu zientifiko aipatuko ditu, hala nola gasen, soinuaren, usaimenaren edo hartziduraren legeak.