-
Urtarrilaren 7an irekiko da Leioako kiroldegia
-
Javier Belausteguigoitia nabarmendu da Simon Marais Mathematics Competition-en
-
EHUpodcast: Dieta pertsonalizatu baterako biomarkatzaileak
-
La mirada indiscreta. Sobre la utilidad de las imágenes y los relatos en la cultura contemporánea
-
Bultzada hartzen duten ideiak: Handira Jo 2025 Sariak
Kimika Fakultatea saritua
2025eko Enpresa Berrikuntzarako DonostiaINN sarien esparruan Aintzatespen Berezia jaso du
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/21
2025eko Enpresa Berrikuntzarako DonostiaINN sariak emateko ekitaldia egin zen Maria Cristina hotelean, Donostia Sustapenak zientzia, teknologia eta enpresa arloetako hiriko erakundeekin elkarlanean antolatzen duen Berrikuntza Astearen XII. Edizioaren baitan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Fakultateak Aintzatespen Berezia jaso zuen "lehen mailako ekosistema zientifikoa garatzeko eta Donostia ikerketaren nazioarteko mapan kokatzeko egindako ekarpen erabakigarriagatik". Halaber, enpresa berritzaile gazteentzako saria jaso zuen Surphasek eta Enpresa berritzaile finkatu gisa iLine Microsystemek.
EHUko Kimika Fakultateko dekano Jon Matxin Mattxainek jaso zuen saria Jon Insausti hiriko alkatearen eskutik. “Kimika Fakultatearentzat aintzatespen hau jasotzea oso garrantzitsua da. Alde batetik, balorean jartzen du urte guzti hauetan jende askok egindako lan guztia. Pertsona guzti hauen lanari esker, gure Fakultatetik lau ikerketa zentro, CIDETEC, POLYMAT, Materialen Fisika Zentroa eta DICP atera dira, eta material aurreratuak eta biozientzia-bioteknologia sektoreetan hainbat spin off eta start up. Horien artean Surphase, aurten saritua izan dena ere! Beste aldetik, sariak indar berriak ematen dizkigu gure erronka berriei aurre egiteko. Zentzu honetan, gerora begira, orain arteko ezagutza transferentzia jarduerekin jarraitzeaz gain, ikerketa zentro eta enpresekin formakuntza hitzarmenak egiten hasi gara. Honetaz gain, gure graduan ibilbide duala ezartzea dugu erronka. Modu honetan gure ezagutza transferentzia hiru arlotan indartuko dugu: Formakuntza, Unibertsitate-Enpresa proiektuak eta Spin-off eta patenteen sorrera, gure irakasle, ikertzaile eta ikasleak eta lurraldeko enpresen arteko elkarlana indartuz”. Dekanoarekin batera, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizueta eta Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetzako, Enplegagarritasuna eta Transferentziako zuzendari Aitzol Ezeiza izan ziren.
Kimika Fakultateak jaso duen errekonozimendu berri honek amaiera ezin hobea eman dio ospakizunez betetako urteari, ikastegi bikain honen mende erdiko historia ospatzeko.