Kimika Fakultateak bere 50. urteurrena ospatu zuen
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/25
Mende erdiko historia ospatzeko ekitaldiekin jarraitzen du EHUko Kimika Fakultateak eta, Kursaalean, Donostian, ospakizun sozial handia antolatu zuen. Ikasle ohi, langile ohi, ikasle, langile eta gonbidatu bereziekin 600 pertsona inguru bildu ziren. Hauen artean, kanpoko gonbidatu bereziak izan ziren, hala nola, erakundeen ordezkariak (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala), Fakultatearekin harreman estua duten Donostiako Ikerketa Zentroetako Zuzendaritzak eta EHUko ordezkariak, errektoreordeak eta beste zentroetako dekano eta zuzendariak.
50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezi honek helburu desberdinak zituen. “Mota honetako topaketetan ohikoa den bezala -dio Jon Matti Matxain Kimika Fakultateko dekanoak-, ongi pasatzea eta oroitzapen politak partekatzea izan zen helburu nagusia. Baina ez zen helburu bakarra. Ekitaldiak aukera eman zigun aintzinako lagunekin berriz elkartzeko, eta aldi berean, Kimika Fakultateak Donostiako eta Euskadiko gizartean izan duen eragina ikusarazteko. Zalantzarik gabe, fakultatea gure gizarteak azken hamarkadetan izan duen eraldaketaren eragileetako bat izan da. Gaur egun, Donostia Zientzia Hiria bada, besteak beste, fakultatearen lanak eta bidean izandako kide eta lanari esker izan da. Bidean topatutako bidelagunek ere zerikusi handia izan dute, noski”. Horien artean, ikastegiatik sortutako ikerketa zentroak eta hainbat enpresa, eta spin off aurkitzen dira. “Hauek guztiak eta gurean izandako ospe handiko sarien irabazle, eta abaraurreko dekanoen lana errekonozitzeaz gain, gure fakultatean lanean aritu direnei eta handik ateratako ikasleei ere omenaldia eskaini genien. Azken hauek gizartearen esparru desberdinetan aritu dira, Kimika eremu zabaletara eramanez eta beren lanaren bidez gizarteari ekarpen baliotsuak eginez. Hortaz, gure fakultatean aritu diren pertsona guzti hauen inpaktu positiboa balorean jarri nahi izan genuen egun garrantzitsu horretan. Beste 50 urtez aritzeko indarrak metatu dugu! Gora Kimika!”, aldarrikatu du Fakultateko dekanoak.
