Laura Vela-Plo: «Hizkuntzak ez du bakarrik gizartea islatzen, moldatu ere egiten du»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/14

Hizkuntzak ba al du eraginik pertsonak irudikatzeko moduan? Laura Vela-Plok, Hizkuntzalaritzan doktore eta UPV/EHUko HiTT (Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldea) taldeko ikertzaileak, gai hau aztertzen du maskulino generikoaren eta beste formula inklusibo batzuen erabilerari buruzko ikerketa esperimental batetik abiatuta, hala nola, substantibo epizenoen erabilera, desdoblemanduak edo “-e” morfema generoaren pertzepzioan.
Marta de Pedis eta Marina Ortega-Andresekin batera egindako proiektuak hiru ikerketa esperimental barne hartu ditu – bi gaztelaniaz eta bat euskaraz –, eta horietan 1.500 lagunetik gora hartu dute parte.
Vela-Plok emaitza nagusiak aurkezten ditu gaur, maiatzak 15, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta duen Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldian.
Zerk bultzatu zintuzten ikertzera hizkuntzak nola eragiten duen generoaren pertzepzioan? Zer galdera erantzun nahi zenituzten proiektuaren hasieran?
Ikerketa esperimentaletan hutsune bat antzeman genuen alor honetan, bereziki gaztelaniaz, ikerketa gutxi baitaude eta euskaraz, bat ere ez. Egiaztatu nahi genuen ea zenbait hizkuntza-formula – maskulino generikoaren erabilerak edo desdoblamenduek, esaterako – alborapen bat sortzen duten pertsonak imajinatzeko edo irudikatzeko moduan. Gainera, tipologikoki ezberdinak diren bi hizkuntza konparatu nahi genituen: gaztelania, genero gramatikal markatua duela, eta euskara, aldaera askotan ez duenik. Gure helburua zen, azken urteetan zabaldu diren argudio faltsu, aurreiritzi edo oinarririk gabeko diskurtsoen aurrean, oinarri sendo gisa balioko zuten datu enpirikoak ematea.
Zer berezitasun eskaintzen ditu hizkuntza horietako bakoitzak – gaztelania eta euskara – genero-alborapenak aztertzerakoan?
Gaztelaniaz, genero gramatikalaren bereizketa duen hizkuntza denez, batez ere maskulinoa eta femeninoa, ohikoa da maskulino generikoa erabiltzea kolektibo mistoak izendatzeko. Egiaztatu nahi genuen erabilera horrek benetan generiko gisa funtzionatzen duen edo maskulino gisa interpretatzeko joera dagoen. Beste estrategia inklusibo batzuk ere aztertu ditugu, hala nola desdoblamenduak (“los y las”), “persona” bezalako hitz epizenoak, “el alumno” bezalako substantibo kolektiboak edo “-e” morfema ez-bitarra, duela gutxi sortutakoa eta oraindik ere erdal gizartean gutxi erabiltzen dena.
Euskaraz ez dago generoaren araberako bereizketa gramatikalik substantiboetan, eta jakin nahi genuen antzekorik gertatzen ote den bereizketa horiek ere ez dituzten hizkuntzetan, esaterako, ingelesean edo suedieran: zenbait esamolde anbiguo batzuk maskulino gisa interpretatzen direla. Hori euskaraz ere gertatzen den egiaztatu nahi genuen, eta, egotekotan, ea erabilera-gida batzuen gomendioek alborapen hori saihets dezaketen.
Gaztelaniaren ikerketa-gune nagusietako bat maskulino generikoa da, eta jardunaldian aurkeztuko dituzue emaitzak. Zer ondorio du pertsonen irudikapen mentalean testu bat irakurtzean?
Erabilera oso zabalduta badago ere, datu sendoak dituzten azterketa esperimental gutxiek adierazten dute maskulino generikoa ez dela benetan inklusibotzat hartzen interpretazio azkar batean. Oro har, formula maskulinoak irakurtzen direnean, gizonak imajinatzeko joera dago. Horrek, beste formula argiago batzuk bilatzeko beharra planteatzen du, anbiguotasun hori saihesteko, are gehiago, berdintasunezko irudikapenak garrantzia duen testuinguruetan.
«Oro har, formula maskulinoak irakurtzen direnean, gizonak imajinatzeko joera dago»
Zer gertatzen da estrategia inklusiboak erabiltzen direnean, hala nola desdoblamendua edo forma neutroagoak? Ezberdintasunik ikusten al da mezuaren ulermenean?
Bai, eta hau da gure ikerketaren gakoetako bat. Egiaztatu dugu pertsonak aipatzeko moduak eragina duela hauek irudikatzeko moduan. “Hautagaia” edo “postua eskatzen duena” bezalako hitz epizenoek interpretazio bidezkoagoa sortzeko joera dute: parte-hartzaileen % 50 inguruk emakumeak imajinatzen zituzten eta gainerako % 50ak gizonak.
Gainera, ohartu gara ez duela soilik hizkuntza-formulak axola, baita nork interpretatzen duen ere. Esate baterako, gizonek maskulino generikoa maskulino esklusibo gisa interpretatzeko joera dute; emakumeek, berriz, ekitate handiagoz erantzuten dute desdoblamenduen aurrean, eta are gehiago islatzen dira halakoetan. Bestalde, “-e” morfema gehiago interpretatzen da zerbait femeninoa balitz bezala, baina uste dugu azterketan parte hartu zutenek sumatu zutela genero eta inklusio kontuekin lotuta zegoela lana eta, agian, horregatik izan daitekeela hori.
«Ez du soilik hizkuntza-formulak axola, baita nork interpretatzen duen ere»
Genero, adin eta jarrera ideologiko desberdina duten pertsonak daude proiektuan. Zein puntutaraino dira erabakigarriak aldagai horiek?
Garrantzitsuak dira. Hiru esperimentu egin ditugu: bi gaztelaniaz eta bat euskaraz. Zehazki, jardunaldian aurkeztuko dugun azterketan estatu osoko 850 helduk parte hartu zuten, hizkuntza-eskakizun erdaldunekoak, 18 eta 75 urte bitartekoak. Aukeratutako pertsonei abokatu arloko postu baterako hautagaitza batzuen profil profesionala erakusten genien eta parte-hartzaile bakoitzak laburpen profesional hori baldintza batean ikusten zuen: dena maskulinoan, maskulinoan eta femeninoan desdoblamenduak eginez, genero gramatikala markatu gabeko hitz epizenoak erabiliz edo “-e” morfema erabiliz. Irakurri ondoren, erakusten genizkien lau irudietatik (bi emakumeenak eta beste bi gizonenak) hautagaitzari zein zegokion aukeratu behar zuten.
Besteak beste, egiaztatu dugu, maskulino generikoko esamoldeekin, gizonek gizonez bakarrik hitz egiten dela interpretatzeko joera dutela. Hala ere, hitz epizeno edo kolektiboekin eta generoa markatzen ez den formulekin, esaterako, “hautatuko pertsona” edo “lanpostua lortzen duena” bezalakoekin, interpretazioa orekatuagoa da. Halaber, desdoblamenduak ere emaitza orekatuak erakusten ditu, batez ere gizonen artean. Eta kasu guztietan, ikusi genuen interpretazioan nabarmen eragiten dutela sexismo-mailak edo feminismoarekiko edo LGBIQ+ kolektiboarekiko jarrera bezalako faktoreek.
Zure ustez, hizkuntza tresna eraginkorra al da desparekotasunak murrizteko eta gizarte berdinzaleago bati laguntzeko?
Bai, baina ez tresna bakarra. Hizkuntzak gizartea islatzen du, baina baita moldatu ere. Horregatik, garrantzitsua da hori aztertzea eta ulertzea zer ondorio dituzten zenbait hizkuntza-formulak. Nire ustez, gizarte-aldaketa bultzatzeko eta gizarte berdinzale baterantz joateko beste bide bat da.
Azken urteotan, hizkuntza inklusiboaz hitz egiteak eztabaida, eta, are gehiago, gaitzespena sortzen du zenbait publikoren artean. Zer diote zuen emaitzek gaur egun estrategia horiek hautemateko moduari buruz? Belaunaldien arteko desberdintasunik ikusten al da?
Jarrerak adinaren eta testuinguru sozialaren arabera aldatzen dira. Egiaztatu ahal izan dugunez, hizkuntza inklusiboarekiko kritika batzuek ez dute oinarririk. Adibidez, esan ohi da ulertzen zailagoa dela edo karga kognitibo handiagoa sortzen duela, baina gure datuek ez dute desberdintasun esanguratsurik erakusten irakurketa edo ulermen denboretan. Gainera, gaur egun inklusibotzat jotzen diren estrategia asko, hala nola desdoblamenduak edo substantibo epizenoak, ez dira berriak, izan ere, tradizio luzea dute gaztelaniaz.
«Gaur egun inklusibotzat jotzen diren estrategia asko, hala nola desdoblamenduak edo substantibo epizenoak, ez dira berriak»
Zer gomendio egingo zenieke eskola-materialak, diskurtso instituzionalak edo prentsako titularrak idazten dituztenei?
Gure lana deskriptiboa da, ez normatiboa, baina uste dugu datu enpirikoek hizkuntza-politikari buruzko edozein erabaki babestu beharko luketela. Kontua ez da maskulino generikoaren erabilera deabrutzea, baizik eta baloratzea noiz izan daitekeen anbiguoa edo baztertzailea. Lan edo hezkuntza arloan edo komunikabideetan, adibidez, baliagarria izan daiteke estrategiak konbinatzea: bikoizketak, hitz kolektiboak, epizenoak… Ez dugu uste estrategia baliagarri bakarra dagoenik, baina bai anbiguotasuna saihestu behar dugula, argi utziz edozein generotako pertsonez ari garela.
Hitzaldiaren ostean, zein mezurekin gustatuko litzaizuke publikoak alde egitea?
Alde batetik, hizkuntzak inporta duela, eta badituela bere eraginak. Gure hitz egiteko moduak eragina du hitz egiten ari zaigunaren generoa interpretatzeko moduan. Ikerketa esperimentala beharrezkoa dela, eztabaidak datu sendoekin babesteko eta zorroztasunik gabeko polemikak saihesteko. Eta batzuetan, zenbait ohitura aldatzea erraza ez bada ere, merezi duela hausnartzea nola hitz egiten dugun pertsonez eta zer irudikapen sortzen ari garen gure hitzekin. Eta gure hizkuntza-erregistroa egokitu, testuingurua eta entzuleak kontuan hartuta.
Halaber, garrantzitsua da azpimarratzea, oraingoz, azterketa interpretazio bitarrean zentratu dela – emakumeak eta gizonak –, eta ez duela beste genero-identitaterik jorratu. Badakigu oraindik asko dagoela ikertzeko zentzu horretan. Lan hau lehen urratsa baino ez da, ikuspegia zabaltzen jarraitzeko eta gure gizartean dauden genero-oldeei erantzuteko. Inporta zaiguna, azkenean, pertsonen egoera hobetzea da, hizkuntza ikerketaz harago.