euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Adimen artifizialaren egia ezkutua: Usue Mori, EHUpodcast proiektuaren hirugarren atalean

Usue Mori Informatika Ingenieritzan doktorea eta Matematika eta Adimen Artifizialean (IA) aditua da. Aurtengo Gladys saria irabazi du.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/26

Ezkerretik eskuinera: Tania Arriaga, EHUpodcast proiektuaren elkarrizketen koordinatzailea eta Usue Mori, EHUko ikertzaile eta irakaslea
Ezkerretik eskuinera: Tania Arriaga, EHUpodcast proiektuaren elkarrizketen koordinatzailea eta Usue Mori, EHUko ikertzaile eta irakaslea | Argazkia: Laura López. EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea, ikertzailea eta Adimen Artifizialeko Graduaren koordinatzailea den Morik IA-ren benetako historia eta teknologiaren garapen korporatiboak dakartzan arriskuak azaleratu ditu. Diseinu etikoan, herritarren formakuntzan eta emakumezko erreferenteen garrantzian zentratu du eztabaida.

Elkarrizketan zehar, Morik gezurtatu egin du Adimen Artifiziala ChatGPT-rekin hasi izanaren ideia, eta 1950eko hamarkadako xake programen adibideak eta 1956ko Darmouth-eko kongresua aipatu  ditu arloaren jatorri gisa. Ikerketa arloari dagokionez, bere lana denbora-serieen datu-meatzaritzan oinarritzen dela azaldu du, bereziki medikuntzan, Alzheimerra eta Parkinsona bezalako gaixotasun neurodegeneratiboen iragarpena eta ulermena hobetzeko duen potentziala nabarmenduz.

Kontrol korporatiboaren arriskua eta alborapen algoritmikoa

EHUko Adimen Artifizialeko Graduaren koordinatzaileak ohartarazi du IA-ren garapena enpresa teknologiko handien esku soilik uzteak dakarren arriskuaz. Moriren hitzetan, interes ekonomikoa helburu nagusia izateak arriskuak sortzen ditu, hala nola datuen tratamenduan gardentasunik eza eta, batez ere, alborapen algoritmikoak. Horrek gizarte-talde minorizatuen diskriminazioa ekar dezake; izan ere, diseinatuak izan diren moduagatik, sistemek ez baitituzte kolektibo horien datuak kontuan hartzen.

Horren aurrean, Morik bultzatzen dituen ekimen sozialak aurkeztu ditu: Ondare Proiektua, onura sozialeko IA aplikazioak eta eztabaida sortzea helburu duena, eta HackMorea ekimena, Informatika Fakultatean emakumezko talentua eta erreferenteak sustatzeko sortua. EHUko ikertzaileak Gladys saria jaso du aurten, ingurune digitalean egindako funtsezko lanagatik.

Morik azpimarratu duenez, "ez dugu utzi behar IA enpresa handien esku geratzen", eta teknologia honen funtzionamenduaren inguruko formakuntza orokorra eskatu du, herritarrek IA-ren mugak eta erabilera etikoa uler dezaten.

EHUpodcast: zientzia entzungai

EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) dibulgazio zientifikorako ekimena da. "Entzun ta zabal zazu" lelopean, hileroko elkarrizketa hauek unibertsitateko ikerketaren eta gizartearen arteko zubia eraikitzea dute helburu, podcast formatua erabilita. EHUren ikerketa-lana modu atsegin, ulergarri eta irisgarrian ezagutarazi nahi da, unibertsitateko ikertzaileei egindako elkarrizketen bidez.

EHUpodcasten helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Elkarrizketak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.

Ekimen hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea den Tania Arriagak koordinatu eta aurkeztuko ditu. Ekimena Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin garatu da.

Dagoeneko entzungai EHUpodcasten, Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian  eta ohiko plataformetan.