Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretza talde berriak 100 egun bete ditu karguan. Kazetariekin Bilboko Bizkaia Aretoan egindako gosarian, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak lehen etapa honetan betetako konpromisoak partekatu dituzte.
Lehen 100 egun hauetan eguneroko kudeaketatik harago argi luzeak piztuta egin du lan errektoretza taldeak
Ordezkoak lanaldi osoan kontratatzeko aukera izango da ikasturte berritik aurrera eta Jaurlaritzarekin akordioa adostu da segurtasunagatik derrigor egin beharreko obrak finantzatzeko .
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/07

54 zuzendaritza eta 90 lagunetik gorako organigrama osatu du errektoretzak eta lan eskaintza publikoaren ia 600 TEKAZELen (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen) leku-aldatzearekin batera kudeatu ditu. Agintaldiko konpromisoekin betetzen hasteko, iragarri du irakasle eta ikertzaile ordezkoak lanaldi osoan kontratatzeko aukera izango dela datorren ikasturtetik aurrera, eta TEKAZELentzako kontziliazio neurri berriak jarri dituela abian. Bestetik, akordioa erdietsi da Eusko Jaurlaritzarekin segurtasunagatik premia larrikoak diren obrei aurten ekiteko.
Datozen bi urteetan estrategikoak izango diren eta garapen bidean diren hiru mugarri ere aipatu dituzte: EHUren Estatutu Berriak, Unibertsitatearen 2026-2028 Plan Estrategikoa eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege Berria. Ildo horretan adierazi du errektoreak garrantzitsua dela “argi luzeak piztuta izatea, sortzen diren beharrei erantzun eta programa betetzetik harago, amesten dugun unibertsitate eredua diseinatu eta planifikatuko dugu.
100 egunetan hartutako erabakien berri ere zabaldu da EHUko komunitateari zuzendutako berripaper berezian.