euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Leioako Udalak eta EHUk ikerketa proiektu bateratu bat garatuko dute minbizia duten pertsonei ariketa fisikoa egiteko preskripzioa optimizatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/22

Estitxu Garai, Ibon Rodríguez eta Ana Rodriguez-Larrad. | Argazkia: EHU.

Proiektu aitzindaria da, eta ebaluazio-sistema bat jarri nahi du abian, parte-hartzaileak osasun-egoeraren eta gaitasun fisikoen arabera sailkatu ahal izateko, paziente bakoitzaren beharretara egokitutako jarduera-programa seguruak, eraginkorrak eta egokiak diseinatzeko.

Leioako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, ariketa fisikoaren eta minbiziarekin duen harremanaren esparruan ikerketa-proiektu aitzindari bat garatzeko.

Akordioa Leioako alkate Iban Rodríguez Etxebarriak eta Estitxu Garai Artetxek, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak, sinatu dute. Akordioaren helburua minbizia duten pertsonen ariketa fisikoaren preskripzioa optimizatzea da, esku-hartze seguruak, eraginkorrak eta paziente bakoitzaren beharretara egokituak bermatuz.

"Ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua minbizia duten pertsonengan: ebaluazioa, triajea eta egokitutako programak" proiektua Ana Rodriguez-Larrad irakasleak zuzentzen du, Ageing On Ikerketa Taldekoa, Euskampus Fundazioak bultzatutako Onko-On Misioaren esparruan.

Ariketa egokitua eta segurua

Ikerketaren arabera, ebaluazio-sistema bat jarriko da abian, parte-hartzaileak osasun-egoeraren eta gaitasun fisikoen arabera sailkatu ahal izateko, ariketa-programa egokituak eta seguruak diseinatzeko.

Esku-hartzeek hiru hilabeteko iraupena izango dute, astean bi saio izango dituzte, eta bizimodu aktiboari eusteko gomendioekin osatuko dira. Era berean, jarduera onkologikoan diharduten profesionalen prestakuntza aurreikusten du proiektuak, eta horri esker, udal-baliabideak indartu ahal izango dira eta horrelako programen jarraipena bermatu ahal izango da herrian.

Esparru horretan, Leioako Udalak, Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzuaren (SOAF) bitartez, proiektuaren eskura jarriko ditu bere kirol-instalazioak eta beharrezko laguntza ekimena herritarrei hurbiltzeko, tokiko osasun-zentroekiko koordinazioa indartuz.

Aurkezpenean, Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak azpimarratu duenez, "hitzarmen honek herritarren osasunarekin eta ongizatearekin dugun konpromisoa islatzen du. Leioa bere bizitzako etapa guztietan eta aurre egin beharreko edozein egoeratan pertsonak zainduko dituen udalerria izatea nahi dugu ", gaineratu du," ikerketa honek prozesu onkologiko bati aurre egiten diotenen bizi-kalitatea hobetzeko bide itxaropentsua irekitzen du ".

Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak lankidetzak unibertsitateren jardunean duen garrantzia azpimarratu du. “Pertsonen eta komunitatearen ongizatean eragin zuzena izango du proiektu aitzindari honek eta guztiz bat dator komunitatearen zaintzarekiko unibertsitateak duen konpromisoarekin”.

Azkenik, Rodriguez-Larrad ekimenaren zuzendariak azaldu duenez, hau da eragile ugariren arteko proiektu kolaboratiboa —Osakidetza, Leioako Udala, Mugiment, Euskampus Fundazioa eta EHU— eta eskerrak eman dizkie erakunde guztiei proiektu hau posible egiteagatik. “Ebaluazio-sistema aitzindari bat garatuko dugu, osasun- eta jarduera fisikoko orientazio-sistemetan heda daitekeena. Ezagutza berria sortzeaz gain, jarduera onkologikoan diharduten profesionalen prestakuntza integratuko dugu, eta jarduera fisikoko profesionalena ere, programak etorkizunean jarraipena izan dezan. Proiektua dagoeneko martxan dago, eta azken 10 urteetan minbiziaren diagnostikoa izan duen pertsona orok Leioako osasun-etxera joan eta programari buruz galdetzea besterik ez du”, azaldu du.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ez du kostu ekonomiko gehigarririk izango, bi erakundeek jarriko baitituzte hitzarmena gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak.