euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ageing On ikerketa taldeko kidea eta doktorego aurreko ikaslea

Andrea Martin: «Ariketa fisikoak onura handiak dakartza onkologian, baina askotan ez da behar bezala bideratzen»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/25

Andrea Martinek "Ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua minbizia duten pertsonengan: ebaluazioa, triajea eta egokitutako programak" proiektuari buruzko tesia egingo du | Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa, EHU

Andrea Martin Fisioterapian graduatu da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea unibertsitate masterra egin du. Gaur egun Ageing On ikerketa taldeko kidea da. Ikerketa taldeak "Ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua minbizia duten pertsonengan: ebaluazioa, triajea eta egokitutako programak" proiektua jarri du martxan Leioako Udalarekin batera, eta Andrea Martinek horri buruzko tesia egingo du.

Zergatik aukeratu duzu proiektu hau zure tesirako?

Minbizia betidanik izan da niretzat gai berezia; nire inguruan hainbat pertsonek pairatu dute eta horrek eragin zuzena izan du nire ibilbide akademikoan. Gainera, ariketa fisikoak onura handiak dakartza onkologian, baina praktikan askotan ez da behar bezala bideratzen: askok ez dute jarduera fisikorik egiten, beldurragatik edo orientazio faltagatik, eta osasun-profesionalek askotan ez dakite nola eta nora bideratu pazienteak. Nik horretan lagundu nahi dut, segurtasuna eta aukera gehiago eskainiz eta pertsonei, beren gaitasunen arabera mugitzeko eta jarduteko aukera emanez.

Proiektu honek, gainera, osasun-sistemari tresna eraginkor bat eskaintzeko aukera emango du; profesionalek pazienteak modu seguru eta egokian bidera ditzaten. Horrela, gure lana ez da bakarrik zuzeneko laguntza izango, baizik eta askoz jende gehiagorengana iritsiko da, eta pertsona bakoitzari arreta pertsonalizatuagoa eta egokiagoa eskaintzeko aukera sortuko da. 

Hori dela eta aukeratu dut proiektu hau nire doktore tesia egiteko: minbiziaren gaia niretzat bereziki garrantzitsua delako eta, aldi berean, aukera ematen duelako pertsonei lehen eskutik laguntzeko eta proiektuaren eragina ahalik eta jende gehienengana zabaltzeko.

«Minbizia betidanik izan da niretzat gai berezia; nire inguruan hainbat pertsonek pairatu dute eta horrek eragin zuzena izan du nire ibilbide akademikoan»

Zein da proiektuaren helburua?

Proiektu honek helburu nagusi gisa minbizia duten pertsonei ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua ezartzea du, osasuna hobetuko duten eta seguruak izango diren esku-hartzeak bermatuz. Horretarako, honako helburu zehatzak planteatu dira:

  1. Minbizia duten pertsonen balorazioa, sailkapena eta bideraketa egiteko triaje-sistema bat garatu eta haren bideragarritasuna ebaluatzea.
  2. Minbizia duten pertsonentzat ariketa fisiko pertsonalizatuko programa bat ezarri eta ebaluatzea.

Esan ohi da minbizia duten pertsonek bizitza lasaia egin behar dutela… zuek jarduera fisikoaren aldekoak zarete?

Bai, baina neurri eta modu egokian. 

Azken urteetako gomendioek erakutsi dute ariketa fisikoa tratamenduaren osagarri baliotsua dela. Jarduera egokiak nekea eta depresio- eta antsietate-sintomak murriztu, muskulu-indarra eta funtzio kardiobaskularra hobetu, eta eguneroko jardueretan autonomia handitu dezake, besteak beste.

Hala ere, ez da guztiontzat berdin: tratamenduaren unea, diagnostiko mota eta gaitasun fisikoa kontuan hartu behar dira. Horregatik diogu jarduera fisikoa “bai”, baina beti ebaluazio zorrotza eta jarraipen profesionala eskatzen duen neurrian.

Ariketa-programa egokituak eta seguruak diseinatuko dituzue. Zer esan nahi du horrek?

Egokitzapena zehatza da, lesio edo arrisku guztiak kontuan hartuta. Adibidez:

  • Hezur-metastasiak dituzten pertsonek karga axiala handia duten ariketak saihestu behar dituzte (adibidez, squat sakonak edo jauziak). Horien ordez, palanka mekaniko txikiko ariketak edo isometrikoak egin ditzakete, beti kontrol zorrotzean.
  • Bularreko minbizia eta linfedema duten pertsonetan, besoetako ariketak progresiboki egingo dira, konpresio-galtzerdiak erabiliz eta bolumen-kontrola eginez.
  • Neuropatia periferikoa duten pazienteetan, oreka arriskua badago, oinpeko presioa eta egonkortasuna lantzen dituzten ariketa zehatzak erabiliko dira.
  • Kirurgia abdominal edo torazikoa jasan duten pertsonek, orbainaren sendaketa-fasean, sabel-presio handiko mugimenduak saihestu beharko dituzte.

Horrelako xehetasunez betetako programak egiten ditugu, palankak, kargak... kontuan hartuz, segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.

«Parte-hartzaile bakoitza lau urratseko triaje-sistema baten bidez baloratuko dugu, ikerketa berrienetan eta gure taldearen esperientzian oinarrituta»

Ebaluazio-sistema aitzindari bat garatuko duzue. Zertan datza?

Parte-hartzaile bakoitza lau urratseko triaje-sistema baten bidez baloratuko dugu, ikerketa berrienetan eta gure taldearen esperientzian oinarrituta:

  1. Ariketa gomendioak betetzen ote dituen galdetuko diogu: astean gutxienez 3 aldiz 30 minutu ariketa aerobiko moderatua eta astean 2 aldiz 30 minutu indar-lana.
  2. Tratamendu onkologikoa amaituta dagoen ala ez zehaztuko da.
  3. Funtzionamendu maila baloratuko da ECOG-PS eskalaren bidez (0: guztiz aktiboa; 4: jarduera ia guztiz mugatua).
  4. Timed Up and Go proba egingo da: aulkitik altxatu, 3 metro ibili, buelta eman eta berriz esertzeko behar den denbora neurtzen da, erorketa-arriskua ebaluatzeko.

Emaitzen arabera, parte-hartzailea hiru mailatako ariketa-programetako batera bideratuko da, behar duen intentsitate eta jarraipen mailarekin.

Proiektuan parte hartu nahi duenak zer egin behar du? Zeintzuk dira baldintzak?

Parte hartu nahi duenak Leioako osasun-zentrora joan eta ariketa onkologikoko programari buruz galdetu behar du. Bertan egiaztatuko dute baldintzak betetzen dituen edo ez:

  • 18 urtetik gorakoa izatea.
  • Azken 10 urteetan minbizia diagnostikatua izatea.
  • Ariketa fisikoko ebaluazio eta saioetan parte hartzeko gaitasuna izatea.

Era berean, osasun-profesionalek kontuan hartuko dituzte programatik kanpo uzteko egoerak, hala nola egoera kliniko ezegonkorrak, ariketa fisikoa modu seguruan egiteko aukerarik ez izatea, edo ariketa fisikoko beste ikerketa batean aldi berean parte hartzea.

Zein da proiektuan parte hartu ahal izateko bilatzen duzuen profila?

Ez dugu profil zehatzik. Gure asmoa ahalik eta pertsona gehienengana heltzea eta onura zabaltzea da. Arestian aipatutako baldintzak betetzen dituen edonor ongietorria da, minbizi mota edo tratamenduaren unearen arabera bereizketarik egin gabe.

 «Programak hiru hilabete irauten du, baina hortik aurrera ez dugu parte-hartzailea bakarrik utziko»

Hiru hilabeteko esku-hartzearen ondoren, zer?

Programak hiru hilabete irauten du, baina hortik aurrera ez dugu parte-hartzailea bakarrik utziko: Leioako jarduera fisikoko orientazio-zerbitzura bideratuko dugu, eta han lagunduko diote bere behar berrietara egokitzen den komunitateko jarduera edo kirol-talde bat aurkitzen. Helburua, ariketak jarraipena izatea, ohitura bihurtzea eta epe luzera osasunari laguntzen jarraitzea da.