euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Medikuntza Graduko 285 ikasle ari dira EKOE proba egiten

Joxerra Bengoetxea errektoreak eta Urtza Garay Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak ebaluazioa garatzen ari den agertoki klinikoak bisitatu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/29

Medikuntza Graduko ikasleak 2026ko EKOE proba egiten Bilboko Hezkuntza Fakultatean | Argazkia: EHU

Medikuntza Graduko ikasleak 2026ko EKOE (Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratua) proba egiten ari dira egunotan Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Proba hori funtsezkoa da seigarren mailako ikasleen gaitasun profesionalen eskuraketa balioztatzeko.

EKOE 2026 bi fasetan garatzen da. Lehenengoa aurrez aurrekoa da, eta maiatzaren 25ean, 26an eta 27an egiten ari da Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Leioa). Bertan, ikasleek benetako egoera asistentzialak simulatzen dituzten 10 estazio gainditu behar dituzte. Bigarren fasea ekainaren 5ean izango da, eta online egindako 10 kasu klinikoen ebazpenean datza, Estatuko beste Medikuntza Fakultateekin batera.

Edizio honetan 285 ikaslek hartzen dute parte, gaztelaniazko (187) eta euskarazko (102) taldeetan banatuta. EKOEren antolakuntzak giza baliabide ugari mobilizatzen ditu: irakasle ebaluatzaileak (134), beste irakasle, teknikari eta administrazioko langileak (30) eta agertoki klinikoak errealismoz birsortzeko lan egiten duten boluntarioak (70) besteak beste.

EKOEk aukera ematen die ikasleei dituzten ezagutzak integratzeko, gaitasun klinikoak aktibatzeko eta jardun profesionala erreproduzitzen duten egoera simulatuei aurre egiteko. Bisitan zehar, bi agintariek oso balorazio positiboa egin dute, bai probak izan duen garapenari dagokionez, bai antolakuntza-lan handiari dagokionez.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak eskerrak eman nahi dizkie proba hau gauzatzen laguntzen duten pertsona guztiei. Funtsezkoa da ebaluazio zorrotza, objektiboa eta Medikuntza Graduko gaitasun profesionalekin lerrokatua bermatzeko.

Errektoreak, bere aldetik, halako ebaluazioen garrantzia nabarmendu du, “gaitasunetan oinarritutako prestakuntza bermatzeko”. Ildo berean, errektoreordeak azpimarratu zuen beharrezkoa dela ikasleen jarduna testuinguru simulatuetan ebaluatzea, ezagutzaren aplikazio praktikoa eta ikaskuntzen integrazioa sustatzen baitute.

 

EKOE probari buruzko informazio gehiago:

https://www.ehu.eus/eu/web/medikuntza-erizaintza-fakultatea/medikuntzako-gradua-ekoe

https://www.cndmedicina.com/category/ecoe/