euskaraespañol

Minbiziak aktibatutako zelula-mota bat kentzean gibeleko metastasia ia guztiz desagertzen dela frogatu dute

Aitor Benedicto EHUko ikertzaileak azaldu du gibeleko zelula izartuek metastasiaren garapena bultzatzen dutela, nahiz eta paradoxikoki gibela babestu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05

Ezkerretik eskuinera: Beatriz Arteta, Maria Dolores Boyano, Aitor Benedicto, Alba Herrero.
Ezkerretik eskuinera: Beatriz Arteta, Maria Dolores Boyano, Aitor Benedicto, Alba Herrero. | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

Hepatology Communications aldizkari entzutetsuak eman du EHUko Cancer and Translational Medicine ikerketa-taldearen aurkikuntzaren berri. Saguetan egindako saiakuntzek agerian utzi dute gibeleko zelula izartsuak —berez gibeleko hainbat gaitz osatzeko lagungarri direnak— tumorearen aurrean aktibatzen direla eta tumorea garatzen laguntzen dutela, eta, gainera, tumorearen aurrean aktibatzen eta ugaltzen diren zelula horiek kendu dituzten kasuetan metastasia ia desagertu egin dela.

Gibeleko zelula izartsuak (HSC, hepatic stellate cells) aktibatu egiten dira gibelak lesio bat daukanean (hala nola fibrosia edo gibel gantzatsua), lesioa sendatzeko: zelulaz kanpoko matrize bat sortzen dute, besteak beste kolagenoz osatua, eta kaltetutako gibelean orbain bat sortzen dute, gibela babestea baita haien funtzioa. Baina Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Cancer and Translational Medicine ikerketa-taldean ikusi dutenez, gibeleko zelula izartsu horiek lagundu egiten diote tumore metastasikoari garatzen.

Aitor Benedicto tumore-mikroingurunearen arloan jarduten duen EHUko ikertzaileak azaldu duenez, “zelula metastasikoak gibelera heltzen direnean, zelula izartsuak aktibatu egiten dira eta ugaldu; kolagenoa jariatzeaz gainera, odol-hodi berriak sortzen laguntzen dute, eta, gorputzaren defentsei oztopo egiten dieten hainbat faktoreren ondorioz, tumore-zelulak garatzen laguntzen dute”.

Hepatology Communications aldizkari entzutetsuan argitaratutako lanean, EHUko ikertzaileek lehen aldiz ikusi dute minbiziak aktibatzen dituen gibeleko zelula izartsuak kentzean saguen “metastasia ia guztiz desagertu dela: bereziki kolageno-metaketa murriztu delako; odol-hodien sorrera ere blokeatu dugulako; gibelaren erantzun immunea hobea delako eta tumorearen kontra aritu daitekeelako. Tumore metastasikoak duen laguntza kendu egin dugu”, azaldu du  Aitor Benedictok.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute gibeleko zelula izartsuak nahitaezkoak direla gibel-metastasia abiatu eta garatzeko, eta, horrenbestez, “ate berriak zabaldu ditugu gibel-metastasia tratatzeko tumorearen mikroingurunera zuzendutako terapia berriak garatzeko”.

Zenbait jatorri dituen metastasia

Cancer and Translational Medicine taldeko kide den ikertzaileak azaldu duenez, gibeleko metastasia jatorrizko zenbait minbizitatik erator daiteke: “Koloneko minbiziak, pankreako minbiziak, bularreko minbiziak eta melanomak, adibidez, gibeleko metastasia eragin dezakete. Eta ikusi nahi dugu ea zelula izartsuekin ikusitako efektua gibelaren beraren erantzuna den edo jatorriko minbiziak eragindakoa ote den”. Ikerketa koloneko minbiziak eta melanomak eragindako gibeleko metastasiarekin egin dute, eta, orain, pankreako minbizia ikertzen ari gara”, dio Benedictok. Orain arte egindako ikerketek agerian utzi dute “gibelaren edo zelula izartsuen erantzuna berbera dela jatorriko minbizia desberdina izan arren”, erantsi du.

“Dagoeneko badakigu zelula hauek gaitasuna dutela metastasiaren garapena bultzatzeko. Orain —dio EHUko ikertzaileak—, konparatu behar dugu gibelak nola jokatzen duen zelula izartsuak daudenean eta kentzen ditugunean. Eta alderaketa horretan ikusiko dugu zer proteina adierazten diren metastasia garatzen denean, bai zelula izartsuetan eta bai inguruko beste zeluletan ere. Hala jakin ahal izango dugu zelula izartsuak tumorearekin aktibatzean zer aldaketa gertatzen diren proteinetan, tratamendurako diana edo itu batzuk aurkitzeko”.

Gaur egun, ikusi da koloneko minbiziak gora egin duela, baita gazteetan ere; koloneko minbizia daukaten gaixoen % 70ek gibeleko metastasia garatuko dute bere bizitzan, eta normalean horixe izaten da paziente horien heriotzaren kasu nagusia. Benedicto oso itxaropentsu dago: “Emaitza politak lortu ditugu. Bide luzea geratzen bada ere, lortutako emaitzak oso esanguratsuak dira. Sendabidetik lehen baino gertuago gaude”. Gainera, “zelula izartsuek lotura daukate gibeleko zenbait gaitzekin, eta jende asko ari da haiek nola desaktibatu ikertzen. Badugu susmagarri nagusia, eta lanean ari gara”, esanez amaitu du.

Informazio osagarria

Aitor Benedictok New Yorkeko Icahn School of Medicine at Mount Sinain egindako egonaldi batetik abiatu zen ikerketa hau.

Aitor Benedicto Garcia EHUko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko irakasle laguntzailea da, eta eskolak ematen ditu Farmazia graduan eta Ikerketa Biomedikoa masterrean.

 

Erreferentzia bibliografikoa