Ekainaren 1ean, Portugaleteko Nautika zentroan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) mugikortasun programen bidez aurten EHUn ikasi duten ikasleei agur esateko ekitaldia egin du. Ekitaldian parte hartu dute Joxerra Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak; Gotzone Barandika, Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak; eta Noé Cornago, Nazioartekotze zuzendariak.
Mugikortasuneko ikasleak agurtu ditu EHUk
Ikasturte honetan 45 herrialdetako 800 ikaslek aukeratu dute Euskal Herriko Unibertsitatea
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/03
Joxerra Bengoetxea errektoreak eskertu egin zien ikasleei EHUra etorri izana: “kultur aniztasunak balio handia du formakuntzan, eta aukera paregabea da EHU euskal kulturara hurbiltzeko eta ezagutzeko”.
Guztira, 800 truke ikaslek utziko dute ekainean EHU. Horietariko 550 2. lauhilekoko ikasleak izan dira, eta 250 ikasturte osokoak. SICUE (152), ERASMUS+ (457), LATINOAMERIKA (152) eta BESTE NORAKOAK (40) mugikortasun programen bidez, 45 herrialde ezberdinetatik etorri dira ikasleak gurera.
Hauek dira gehien errepikatu diren jatorriak: Espainia (152), Alemania (90), Italia (108), Frantzia (69), Txile (30), Mexiko (64), Herbehereak (23), Polonia (22), Txekiar Errepublika (21), Irlanda (18) eta Uruguai (15) . Hala ere, mundu osoko ikasleak izan ditugu: Norvegia, Kenya, Kazakhstan, Letonia, AEB, Hego Korea, Turkia, Costa Rica, Japonia, India eta Ekuador, besteak beste.
EHUko zentro gehienetan jaso dira truke ikasleak, eta bereziki jaso dituzte zentro hauek: Bilboko Ingeniaritza Eskola, Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Arkitektura Goi Eskola Teknikoa, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Letren Fakultatea.
Ekainean itzuliko dira euren herrialdeetara EHUn ikasi duten nazioarteko ikasleak.
