euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zitekek ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideia onenak saritu ditu

FuranTek, PolinBask, Mol Insight, Bizisun, PyroMov, Algak Solutions eta HYLIA proiektuak izan dira Bizkaiko Campuseko ekintzailetza-proposamen onenak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/07

Zitekek astearte honetan banatu ditu ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideien lehiaketako sariak, Bizkaia Aretoan | Argazkia: Fernando Gómez

Zitekek astearte honetan banatu ditu ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideien lehiaketako sariak. Ekimen honen helburua da Bizkaiko Campuseko unibertsitate-ikasleen artean ekintzailetza-izpiritua sustatzea eta enpresa bideragarri bihurtzeko potentziala duten proiektu berritzaileen garapena bultzatzea. Sari-banaketa ekitaldia Bizkaia Aretoan ospatu da, eta irabazleak Asier Barredo, Pablo Revillas, Kementsu Ibarguen, Amaiur Salaberria, Álvaro Prado, Paula Roldan eta Patricia Caballero izan dira.

Lehiaketaren xedea ikasleak motibatzea da, beren prestakuntzan eta esperientzia profesionalean eskuratutako ezagutzak bideragarritasun komertziala duten produktu eta zerbitzuen diseinuan aplika ditzaten. Proposamen onenak aitortzeaz gain, programak laguntza eskaintzen die beren ideiak enpresa-ekimen bihurtzea erabakitzen dutenei.

Proiektu irabazleak aukeratzeko, epaimahaiak hainbat alderdi baloratu ditu: proposamenen berrikuntza eta originaltasuna, garapen-maila, lehiakortasun-abantaila, bideragarritasun komertziala, teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa. Horrez gain, gizartean eta ingurumenean duten eragina eta Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) egiten dieten ekarpena ere kontuan hartu dira.

Edizio honetan lau sari nagusi eman dira: 3.000 euro lehen sailkatuarentzat, 2.000 euro bigarrenarentzat, eta 1.000 euroko bi hirugarren sari. Era berean, 500 euroko hiru akzesit banatu dira. Diru-horniduraz gain, beren proiektua abian jartzea erabakitzen duten pertsona edo talde sarituek prestakuntza, aholkularitza espezializatua eta lan-gunea eskura izango dituzte Zitek Programako Enpresa Zentroetan, beren negozio-plana garatu eta enpresa-jarduera hasteko. Aukera hauek enpresa bat sortu nahi duten gainerako parte-hartzaileentzat ere eskuragarri egongo dira, nahiz eta beren proposamenek saririk jaso ez izan.

Saritutako proiektuak

  • Lehenengo saria Bilboko Ingeniaritza Eskolako Asier Barredo ikaslearentzat izan da, FuranTek proiektuari esker. Itsasgarrietan, erretinetan edo poliuretanoetan bezalako produktuetan dauden materialak fabrikatzeko erabiltzen den jatorri biologikoko konposatu bat modu industrialean ekoitziko duen proiektua sortu du. Bere helburua industria kimikoari aukera jasangarriagoak eskaintzea da.
  • Bigarren saria Pablo Revillasi egokitu zaio, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikaslea, PolinBask proiektua sortzeagatik. Erle-erlauntzak eta sentsoreak erabiliz laboreen polinizazioa hobetzen duen zerbitzua sortu du. Batez ere Bizkaiko berotegiei eta baratze-laboreei zuzenduta dago, hala nola piper, tomate eta pepinoa.
  • Bi hirugarren sariak Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kementsu Ibarguen ikaslearentzat eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Amaiur Salaberria ikaslearentzat izan dira. Kementsu Ibarguenek Mol Insight proiektua garatu du, datu zientifikoen analisia sinplifikatu eta automatizatzen duen plataforma digital bat, ikertzaileen lana erraztuz. Bestalde, Amaiur Salabarriak Bizisun proiektuari esker BiziSENSE sortu du, eguzkiaren argitara egoteak azalean eragiten dituen kalteak denbora errealean detektatzea ahalbidetzen duen adabaki adimenduna.

Hiru akzesit

Epaimahaiak hiru akzesit ere eman dizkie berrikuntza-potentzial nabarmena duten proiektuei:

  • Álvaro Pradok, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak, PyroMov proiektua garatu du, planta mugikor bat,  hondakinak sortzen diren leku berean tratatzea ahalbidetzen duena; horrela, beste instalazio batzuetara garraiatzea saihesten da eta prozesua eraginkorragoa egiten da.
  • Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paula Roldanek Algak Solutions-i esker itsasoko mikroalgen laborantza jasangarriaren aldeko apustua egin du, elikadura osasuntsuko produktuetan, kosmetikan eta nutrizio-osagarrietan erabiltzeko osagai naturalak lortzeko.
  • Patricia Caballerok, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak, HYLIA izeneko sistema malgu bat sortu du, industria-instalazioetan hidrogeno-ihesak modu azkar eta seguruan detektatzea ahalbidetzen duena, istripuak prebenitzen lagunduz.