euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Errepublikanismoari buruz euskaraz idatzi den lehenbiziko lana aurkeztu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/14

Unai Belaustegi-Martin Garitano-Esteban Antxustegi
Belaustegi, Garitano eta Antxustegi liburuaren aurkezpen-ekitaldian

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako eta Unai Belaustegi Historia Garaikidean doktoreak idatzitako ‘Errepublikanismoa Gipuzkoan (1828-1923)' liburua Unai Belaustegik lau urte luzez egindako lanaren lehendabiziko emaitza da. Bere garaian, helburu zehatz bati jarraikiz eman zitzaion hasiera ibiliari: Gipuzkoan nahiz Euskal Herri mailan sortu den hutsune historiografikoa betetzea. "Estatuan kultura politiko errepublikanoari buruz gero eta ikerketa gehiago burutzen ari badira ere, hemen oraindik asko falta da egiteko. Hori dela eta, liburuarekin nolabait, etorkizuneko lanen oinarri izan daitekeen informazioa zabaldu nahi izan dugu, nahiz eta horrek hein batean, irakurketa zaildu. Ezin ahaztu daiteke gainera, hainbeste eztabaida sortzen dituen II. Errepublikari buruz gehiago jakiteko, ezinbestekoa dela 1931 aurretik errepublikanoek eta gainontzeko korronte politikoek egin zuten bidea ongi ezagutzea. Bestalde aipatu, liburu hau dela errepublikanismoari buruz euskaraz idatzi den lehendabiziko liburua", dio Unai Belaustegik.

Liburua osatzen duten 400 orrialdeen bitartez, Gipuzkoan errepublikanismoak 1868 eta 1923 bitartean izan zuen bilakaera politikoaren azterketa aurkezten da. "Mugarri hauek, arrazoi zehatz batengatik aukeratu dira. Errepublikanismoa Estatu mailan lehendabiziko aldiz modu antolatuan 1868an egin zen publiko. 1923an berriz, Primo de Riveraren diktadurak errepublikanoen edozein aldarrikapen publiko debekatu zituen, loaldi politikora baztertuz", azaltzen du Belaustegik.

Esparru zabal hau, tarte kronologiko ezberdinetan antolatu da. "Lehendabizi, Gipuzkoan errepublikanismoaren hastapenak ikertu dira, 1868tik Berrezarkuntzaren hasiera arte. Gero, XIX. mendearen azken laurdena, hiru azpiataletan banatu da: errepublikanismoa garai politiko berrira nola moldatu zen, errepublikanismoaren urrezko aroa eta mende amaierako krisia". XX. mendeari dagokion tartea beste hiru atal orokorretan sailkatu da. "Lehendabizi, errepublikanismoak foruen eta Estatutik zetozen antolamendu politikoen arteko auzian izan zuen jarrera aztertu da. Ondoren, sozialismoarengana egindako hurbilketa ezagutu da eta azkenik, Berrezarkuntza garaiko krisian errepublikanismoa ere krisian nola sartu zen azaldu da. Aipatu tarte kronologiko bakoitzaren amaieran, garai horretako errepublikanoen oinarri ideologikoen azterketa sakona burutu da, errepublikanoek denboran zehar bizi izan zituzten aldaketak ezagutarazteko".

Unai Belaustegi
Unai Belaustegi Bedialauneta Historia Garaikidean doktorea da. Eusko Jaurlaritzak emandako lau urtetako bekarekin Euskal Herriko Unibertsitatean tesia hasi eta Nevadako Unibertsitatean egindako egonaldiaren ondoren Cum Laude kalifikazioa lortu zuen nazioarteko tesia irakurri berri du. Euskal Herriko Unibertsitatean bertan irakasle bezala esperientzia dauka Historia eta Geografia arloetan. Estatu mailako aldizkari zientifikoetan hainbat lan kaleratu ditu. Bere ikerketa lerroak, kultura politikoetara, prentsaren historiara, parlamentuen historiara eta biografia eta prosopografiara bideratu ditu. Historia Publikoari buruzko ikerketen hastapenetan dabil egun.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa