Non dago boterea gaur egun?
UPV/EHUk Politikaren eta Administrazioaren Zientziaren XII. Biltzar Nazionala hartuko du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/13
Uztailaren 3tik 15era, UPV/EHUko Donostiako Ignacio Maria Barriola Zentroan, Politikaren eta Administrazioaren Zientziaren XII. Biltzar Nazionala egingo da: "¿Dónde está hoy el poder?". Asociación Española de Ciencia Política y de la Administración (AECPA) elkarteak antolatu du topaketa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) batera; 500 biltzarkidek baino gehiagok parte hartuko dute, eta 700 hitzalditik gora aurkeztuko dira.
Biltzarraren helburua da gaur egun politikaren munduan izaten ari diren aldaketa politikoak aztertzea. Zehazki, politikaren jokaleku berriak eta Espainian eta mundu osoan eratzen ari diren indar korrelazioak jorratu nahi dira, botere politikoaren ikuspuntutik.
Astelehenean, uztailak 13, hasiko da Politikaren eta Administrazioaren Zientziaren XII. Biltzar Nazionala, 18:00etan, UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian.
Irekiera-ekitaldian parte hartuko dute:
- Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioa eta Justizia Sailburua eta Gobernuaren Bozeramailea
- Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea
- Fernando Vallespín, AECPA-ko lehendakaria
- Raquel Vaz Pinto, Asociación Portuguesa de Ciencia Política elkarteko lehendakaria
- Quim Brugué, Instituto de Gobierno y Políticas Públicas (IGOP) institutuko zuzendaria
- Benigno Pendás, Centro de Estudios Políticos y Constitucionales zentruko zuzendaria
Rodney Herok emango du hasierako hitzaldia. American Political Science Association elkarteko presidente da (2014-15); halaber, Notre Dame Unibertsitateko Politika Zientzia Saileko irakasle (2000-10), Boulderreko Coloradoko Unibertsitateko irakasle (1989-2000) eta Colorado Springseko Coloradoko Unibertsitateko irakasle (1980-87) izan da. Aipatzekoak dira demokraziari, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako politikei, arraza/etnia politikei, eta hiri eta estatu politikei buruz egin dituen lanak, eta federalismoei buruzko analisiak.
Hiru lanegunetan, Politika eta Administrazio Zientziaren arloko lehen mailako adituak 70 bat taldetan antolatuko dira, sei arlo zientifikotan banatutako gaiez eztabaidatzeko: teoria politikoa; erakunde eta egitura politikoak; eragile politikoak; jarrera politikoa; kudeaketa eta politika publikoak; eta nazioarteko esparru ikerketak.
Argazki-oina (ezk-esk): Quim Brugué – Arantxa Elizondo – Fernando Vallespín