Control y evaluación de la carga de entrenamiento para la preparación física de jóvenes futbolistas profesionales tesiaren egile den Asier Los Arcos Larumbek dioenez, aukera bikaina izan daiteke "hautemandako kargaren" metodoa talde amateurretako prestatzaile fisikoentzat, talde horietako gehienek ez baitaukate ez bihotz-maiztasunaren neurgailurik ez GPS teknologiarik.
Futbolarien egoera fisikoaren aldaketak azaltzeko lagungarri da esfortzuaren balorazio subjektiboa
UPV/EHUko tesi baten arabera, errentagarriagoa da "hautemandako kargaren" metodoa, merkea, malgua eta erabilerraza baita
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/21
Asier Los Arcosek argitu duenez, "ez dira gauza bera 'hautemandako karga' eta 'hautemandako esfortzua'. Entrenamendu edo partida bateko gogortasun-mailaz jokalari batek egiten duen balorazio subjektiboa (0tik 10erako puntuazioa) da hautemandako esfortzua. Ondoren, saioaren iraupenaz biderkatzen da hautemandako esfortzua, eta entrenamendu-karga kalkulatzen da, hots, hautemandako karga".
Tesiaren egileak dioenez, "jokalariaren entrenamendu-karga ezagutzeko aukera ematen du metodo horrek eta, ondoren, haren ahalmen fisikoan gertatzen diren aldaketekin lot dezakegu. Merkea, erabilerraza eta lehiaketetarako baliagarria da metodoa. Are garrantzitsuagoa: edonork erabil dezake bere jokalarien entrenamendu-karga zehazteko. Ez dago inongo diru-inbertsiorik egin beharrik; ez da behar bihotz-maiztasuna neurtzeko bandarik; ez da behar GPSrik... Gainera, beste bide batzuetatik jasotzen den informazioaren oso antzekoa da metodo horrek ematen duena".
Balorazio subjektiboko metodo bat erabiltzen lehena Gunnar Borg izan zen. Balio subjektiboak (kirolariak hautematen duen esfortzua) datu objektiboekin alderatuta (bihotz-maiztasuna, laktato-maila...) karga aurresaterik izango ote zen jakiten saiatu zen Borg, 1960ko hamarkadan.
Ondoren, "1996 aldera, Carl Fosterrek ere ekin zion kirolarien esfortzua balioztatzeari, baina, ariketaren une jakin batzuetan hautemandako esfortzuaz galdetu beharrean, saio osoaren balorazioa eskatzen zion kirolariari; ondoren, entrenamenduak iraun zuen denboraz biderkatzen zuen emaitza. Ariketa fisiko bateko zenbait uneren balorazioa eskatzen zion Borgek kirolariari (adibidez, bizikleta estatiko bateko esfortzu-mailak hainbat bider aldatuz); Fosterrek, aldiz, ariketa osoaren balorazioa eskatzen zion", dio Los Arcosek.
Osasuna B, probaleku
2012-2013 denboraldian 2. B Mailan jardun zen C.A. Osasuna (B) taldeko jokalariei egindako probak izan dira Asier Los Arcosen tesiaren oinarri. "Denboraldiko lau test-saiotan (uztailean, irailean, abenduan eta otsailean) aztertu zen jokalarien egoera fisikoa, proba hauen bidez: CMJa (Counter Movement Jump), esku libreko CMJa; CMJa, hanka nagusiarekin eta ez-nagusiarekin; 5 eta 15 m-ko esprintak, eta odoleko laktato-kontzentrazio-jakin bati dagokion abiadura", zehaztu du Los Arcosek.
Carl Foster ikertzaileak proposatutako esfortzua hautemateko eskalaren bidez balioztatu zuten jokalariek "hautemandako esfortzua", entrenamendu eta partida ofizial bakoitzaren ostean. Arnas aparatuaren eta muskuluen esfortzuaren balorazioa egin zuten futbolariek (neurri berria); entrenamendu karga (arnas aparatuaren eta muskuluen hautemandako karga), berriz, honela kalkulatu zen: hautemandako esfortzua saioaren iraupenaz biderkatuz. Futbolari bakoitzak bere egoera fisikoan atzemandako aldaketak ezagutu eta denboraldiko aldi bakoitzean metatutako hautemandako karga zenbatu ondoren, bi aldagai horien arteko lotura aztertu zen (entrenamendu-kargaren eta egoera fisikoaren aldaketen artekoa, alegia). Denboraldiko aldi batzuetan, futbolarien egoera fisikoaren aldaketaren % 35, gutxi asko, argitu zituen hautemandako kargak.
Informazio osagarria
Control y evaluación de la carga de entrenamiento para la preparación física de jóvenes futbolistas profesionales doktore-tesia, 2014an egina, Raúl Martínez de Santos eta Alberto Méndez-Villanuevaren zuzendaritzapean.
Argazkien-oina: Futbol-talde bat, entrenamendu-saio batean. UPV/EHU