euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Arkitekturari lankidetza deritzo

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/07

Afrikako landa herrixka txiki batean arkitektura hitza elkartasunaren sinonimoa da. Silva Macuan, edo Salaue ere deitutako herrixkan (Cabo Delgado probintzian), Mozambikeko iparraldean garrantzitsuentzat jotzen diren bi errepide nagusi batzen dira: bata, Maputo errepublikako hiriburua Tanzaniarekin lotzen duena da, eta bestea, Pemba, herrialde horretako iparraldeko portu nagusia, Malawirekin lotzen duena.

Kokapen estrategiko horrek ez du, halere, Silva Macuako 4.000 herritarrei inolako hobekuntzarik ekarri. Are gehiago, administrazio kontuetarako herrixka lau auzotan daude banatuta eta horietako bat ia-ia desagertu egin da, herritarrek herritik alde egiten baitute ur eskasiak eraginda. Silva Macuan bi iturri daude, baina biak ordaindu beharrekoak dira. Herrixkak ez du saneamendurako azpiegiturarik eta errepideen gurutzean linea elektriko txiki bat dute.

2011. urtean, herrixkak sekulako aldaketa izan zuen. Pilar de la Puerta Mesedetako Ordenako serora batek Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikaslea den bere ilobari eskatu zion aipatutako ikastegian  Silva Macua herriaren errehabilitazio integrala bultzatzeko proiektu bat abiaraz zezan. Proiektu horretan sartu ziren aipatutako eskola horretako ikasleak eta irakasleak eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Antropologia sailekoak. Mugarik Gabeko Arkitektoen Donostiako Atalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren laguntza izan dute. Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleek hiru hilabeteko egonaldia egin zuten herrixkan, 2013ko eta 2014ko udetan,  azter ingurune fisikoaren, hango bizilagunen eta haien kulturaz ikerketa, ezagutza eta sentsibilizazio lanak egiteko. Era berean, eskolan bertan ere egin ziren hainbat lantegi eta workshopa Alex Mitxelena eta Mikel Díaz de Ilarraza irakasleen tutoretzapean, besteak beste.

Egindako ikerlanaren emaitzaren ondorioz Mozambikeko Silva Macua herriaren errehabilitazio integrala bultzatzeko proiektu bat sortu da. ‘El proyecto maCOOa' liburuan jaso da proiektua, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak berriki editatu duena "Metodologías 02" bilduman, UPV/EHUko Bizi Kalitatea Arkitekturan (CAVIAR) ikertaldeak bultzatuta.

Alex Mitxelena irakasleak azaldu duenez, liburuak deskribatzen du, Garapenerako Lankidetza arloko adituen ekarpen teorikoetatik abiatuta, zein izan den proiektuaren bultzatzaileek aplikatutako metodoa eta nolako emaitzak lortu diren proiektua garatutako lehenengo urtean. Horretaz gain, arloko landa lanaren zati bat egin zuen kooperanteetako baten kontakizunak ere jasotzen ditu.

maCOOa proiektua

Proiektu honen (maCOOa) helburua da proposamen errealak gauzatzea herrixkaren garapen integrala lortze aldera. Irakasle horrek adierazi duenez, "tokia eta behar nagusiak aztertzeko egindako landa lanaren lehenengo fasearen ondoren, orain lanean dihardugu, Donostiako Eskola Politeknikoarekin lankidetzan, lehenengo sorospenetarako zentro bat diseinatzen. Aldi berean, prebentzioari buruzko ikastaroak eskainiko dizkiegu herritarrei, osasun arloan ariko diren langilez osatutako talde txiki bat prestatuko dugu herrixkan eta zentroa eraikitzeko finantziazioa bilatuko dugu".

Baina, ezaugarri horiek biltzen dituen ekintza bat gauzatzeko, ezinbestekoa da hor bizi diren herritarren eta tokiko agintarien inplikazioa lortzea. Mitxelenak azaldu duenez, "Silva Macuak laguntza ikaragarria eman zigun. Bertakoek boluntarioei lagundu zieten emakhuwa hizkuntza ulertarazten, eta agintariek, berriz, kooperanteek egonaldia bertan egiteko lagundu zuten komunitatea inplikaraziz, baita boluntarioek proposatzen zituzten jardueretan parte harraraziz ere.

Horrenbestez, maCOOa proiektua garapen konplexu eta dimentsio anitzeko prozesua da, betiere garapena existitzen den errealitate baten (eta horren berezko ezaugarrietatik abiatuta) hobekuntza kualitatiboaren etengabeko prozedura gisa ulerturik. Definitutako birsorkuntza integralaren proiektu hau esku hartze espezifikoa bideratu eta dimentsio endogenoa bermatzen duen marko global eta malgu gisa proposatu da. Era horretara, sektorez sektoreko esku hartzeek, aipatutako lehen sorospenetarako zentroaren kasuan bezalaxe, aukera ematen dute epe ertainera zehazteko zein diren detektatutako beharrak tokiko populazioaren bizi kalitatearen hobekuntzaren ibilbide progresiboan dagoen lehentasunaren arabera. Bestalde, proiektu hau etengabe ikasteko eta modu kolektiboan egiteko prozesu gisa antolatu denez, ezagutza plural eta dibertsifikatuetan oinarrituta, aukera izan da ikasleen kontzientziatze eta konpromiso maila sendotzeko, baita haien prestakuntza hobetzeko ere. Proiektuari aurre egiteko modu berri bat ikasi dute, haien izaera kontuan hartuz errealitate fisiko eta sozial bat eraldatzeko etengabeko esperientzia gisa proposaturik.

Hortaz, Silva Macuak eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak bat egin dute lankidetza eta elkartasunaren bidez.

 

Argazkiak: UPV/EHU