euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

UPV/EHUk eta Michelinek lankidetza hitzarmena egin dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/28

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Michelin España Portugal, SA enpresak lankidetzarako esparru hitzarmen bat egin dute, eta UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren eta Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiaren bidez gauzatuko da. UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietak eta Michelinen Lasarte-Oriako lantegiko zuzendari Felipe García Martínek izenpetu dute hitzarmena.

Bi erakundeen arteko akordioak jarduteko bost eremu jasotzen ditu: alde batetik, prestakuntzaren arloan, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak, Michelineko langile espezializatuekin batera, hainbat prestakuntza jarduera antolatuko ditu, enpresaren garapen profesionala lantzeko.

Bigarren jarduketa eremuak, berriz, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko ikasleei praktikak eta gradu amaierako lanak Michelin enpresan egiten lagunduko die. Bestalde, eskola horretako ikasleek eta irakasle ikertzaileek industria prozesuei buruz gehiago jakin dezaten nahi da; horretarako, bisitaldiak antolatuko dira Michelinen lantegira.

Horrez gain, Michelin enpresa unibertsitate ikastegi horretako ikerketa ildoen inguruan ezagutarazi nahi da, eta bertako helburuetara egokitu; halaber, erakunde bietako I+G+b-ko taldeen arteko lankidetza bultzatu nahi da.

Laugarren lankidetza arloa, berriz, laneratzera eta laneko orientaziora bideratuta dago, eta helburu du UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko titulazioetako ikasle egresatuei lanean hasteko laguntza ematea.

Azkenik, hitzarmenak sustapen arloa ere jasotzen du: besteak beste, urteko Michelin Saria emango zaie gradu amaierako lan edo espedienterik onenei, betiere Michelinen enpresa edo marketin helburuekin lotuta badaude. Era berean, bi erakundeek UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko MotoStuden proiektuan esku hartuko dute.

"Orain hogei bat urte, Ricardo Echepare zenean zuzendari, gure eskolak pentsatu zuen hala ikasleentzat nola irakasle eta ikertzaileentzat estrategikoa izan zitekeela ikastegia enpresekin harremanetan egotea. Orduz geroztik, bada, gero eta enpresa gehiagorekin aritzen gara elkarlanean. Lasarte-Oriako Michelin enpresarekin izenpetu dugun hitzarmen honi esker, lan emankorra indartu eta areagotuko dugu, eta, aldi berean, bi erakundeei mesede egiten dieten harremanak finkatuko ditugu" azpimarratu du David Esteban Rodríguezek, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko zuzendariak.

Bestalde, Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko zuzendari Felipe Garcíak hauxe adierazi du: "Enpresa batek ez du jardun behar soil-soilik alderdi ekonomikoari begira; enpresok orekan bizi behar dugu gizartearekin batera, eta komunitateei garatzen lagundu. Michelin, betidanik, tokiko bizitzaz arduratu izan da lantegiren bat duen leku guztietan. Hori garbi erakusten du prestakuntza zentroekin duen harreman estuak: zentro horiek industria eta enpresa munduaren errealitatera hurbiltzen ditu, eta etorkizuneko profesionalei trebatzen laguntzen die".
 

Argazkia: UPV/EHU