EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (GPAC) nazioarteko lankidetza proiektu arkeologikoa zuzentzen du 2022tik Cabo Verdeko artxipelagoan, Makaronesiako eskualde horretan iberiar populaketaren eta merkataritzaren inguruko ezagutza sakonak jasotzeko helburuarekin.
-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUk errekurritu egingo du USaPen harira epaileek hartutako erabakia
-
Unibertsitate irakasle izateko deialdi berri bat
-
Oceanus Plasticus proiektua saritu dute diseinu grafikoko lehiaketa garrantzitsuenetan
-
Euskal kazetarien artean Adimen Artifizialaren erabilera zalantza etikoek baldintzatzen dute
Proiektu arkeologikoa Cabo Verden
EHUk hiru urte daramatza Cabo Verdeko ondarea lantzen eta indusketa lanak egiten, eta orain beste misio arkeologiko bat zuzenduko du bertan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/02
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (GPAC) 2022tik zuzentzen du nazioarteko lankidetza proiektu arkeologikoa honako hauekin batera: Lisboako Universidade Nova, Cabo Verdeko Ondare Kulturalaren Institutua, Granadako Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea. Ikerketaren helburu nagusia da Makaronesiako eskualde horretan iberiar populaketak eta merkataritzak nola funtzionatu zuten modu sakonean ulertzea. Horretarako, arreta berezia jarri da Afrikako esklabotzaren historian eta merkataritza triangeluarraren baitan horrek eragin zituen ondorio kultural eta ekonomiko handietan.
Merkataritza triangeluarra XV. eta XIX. mendeen arteko Atlantikoko merkataritza bide atlantikoen sarea izan zen. Bertan, europarrek manufakturak trukatzen zituzten Mendebaldeko Afrikan esklabo bihurtutako pertsonen truke. Pertsona horiek Amerikara eramaten zituzten gero, lehengaien (azukrea, kafea, kotoia edo kakaoa) landaketetan lan egiteko. Azkenean, gainera, lehengai haiek ere Europara bueltan esportatzen zituzten.
Cabo Verdeko misio arkeologiko honetan hiru urte daramatzate Cabo Verdeko ondarearen gaineko lanketak eta indusketa lanak egiten, eta Palarq Fundazioak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak emandako ezinbesteko laguntzari esker egin ahal izan da. Horretarako, EHUko GPAC ikerkuntza taldeak hutsune historiko hori betetzeko diziplina anitzeko lantalde diakronikoa sendotu du. “Nazioarteko eta diziplina arteko ikerketa taldea osatu dugu, eta arkeologoek, analisi geokimikoetan adituek, ingeniariek, museologoek, ondarearen kudeatzaileek eta kontserbadoreek osatzen dute”, nabarmendu du Javier G. Iñañez GPACeko ikertzaileak.
Esku-hartze arkeologikoaren erdigunea Ribeira Grande antzinako hiria da, Cidade Velha izenez ezaguna. Santiago uhartean (artxipelagoko handiena) dago. Portugaldarrak 1460an iritsi zirenetik 1769ra arte, Ribeira Grande Cabo Verdeko hiriburua izan zen Praiara lekualdatu zen arte. Horren ondorioz, hiria partzialki abandonatuta geratu zen eta, horri esker, bertako hondakinak denboran zehar inolako aldaketarik gabe kontserbatu izan dira nahiko modu ezohikoan. Hain zuzen ere, gaur egun oraindik ere ikusgai daude hiriko garai kolonial moderno hartako eraikuntza eta azpiegitura handiak.
Hiriaren bilakaera
Orain arte egindako lanen artean, Rua Bananan etxeko eremu batean egindako diziplina anitzeko indusketa lana dago. Izan ere, bertan, elite kolonialen bi solairuko etxetzarra aurkitu zen. Horrez gain, Sé Catedral izeneko eraikin erlijiosoan esku-hartze arkeologikoak egin dira. Eraikin hori tropikoetako lehen katedrala izan zen, eta hiriaren bilakaera eta koloniaren kontrol instituzionala aztertzeko aukera ematen du. Lan horien bidez, eraikin osoaren 3Dko modelatze geometrikoa eta topografikoa lortu ahal izan da. Gainera, hiriko arkitekturaren arkeologiari buruzko lehen ikerlana egin da, eraikinaren eraikuntza etapak aztertuta, baina baita joan den mendean egin ziren zaharberritze lanak ere.
“Kultura materialaren bidez (jendeak bere egunerokotasunean erabiltzen zituen "gauzen" bidez), gizarte hura osatzen zuten pertsonen egunerokotasuna, etxeko eta produkzioko espazioak eta tropikoetako lehen hiri europarraren hiri bilbearen berreraikitzea berriz egin nahi ditugu, eta Europako eta Afrikako populazioek elkarri nola eragin zioten aztertu. Beste era batera esanda, Cabo Verdeko komunitateari eta beste ikertzaile batzuei tresna zientifikoak eskaini nahi dizkiegu, 2009an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen ondare mestizo eta kreole horri balioa emateko. Era berean, Humanitate Digitalen teknikak erabilita, ondare hori kontserbatu eta zabaldu ere egin dugu”, adierazi du Javier G. Iñañezek
Horrez gain, tokiko produkzioa uhartearen barrualdeko eguneroko bizitzarekin eta bertako tradizioa azukre produkzioarekin zuzenean lotzen zuen tokiko buztingintzako tradizioa dokumentatu den beste ingurune periferiko eta landatar garrantzitsuak ere aztertu dituzte. Hala, lehenengo azterketa etnoarkeologikoa egin da, Fonte Limako komunitateko buztingileekin elkarrizketak eginez, haien jakintza eta zeramika tradizionalaren produkzioari lotutako kultura ondarea kontserbatzen laguntzeko. Horren bidez, gainera, produkzio zeramiko kreoleak hobeto ezagutu ahal izan dira. "Azpimarratzekoa da Santiago uharteko bi buztingintza komunitate nagusietako bat dela, eta biak emakumeek soilik osatzen dituztela. Haiek dira beren komunitatea egituratzen duen tradizioa bizirik mantentzen dutenak”, adierazi du EHUko ikertzaileak.
Makaronesiaren konkista
Iberiar erresumek Makaronesiako artxipelagoak konkistatu zituzten XV. mendean: Madeira (1418), Azoreak (1427) eta Cabo Verde (1460) portugaldarrek; eta Kanariak (1402an Lanzaroteren konkistatik hasi eta 1496an Teneriferen konkistara arte), berriz, gaztelarrek. Honako hauek ziren helburu nagusiak: beren lurraldeak zabaltzea, laborantzarako lurrak handitzea eta Afrikako mendebaldeko kostaldeko Saharaz gaindiko karabanekin salerosketan aritzeko kokapen estrategikoetan ezartzea.
Cabo Verde funtsezko lurraldea da Europako kolonialismoaren hedapena ulertzeko, bereziki iberiarra. Izan ere, portugaldarrak 1460an iritsi ziren arte, uharteak erabat hutsik zeuden. Europaren, Afrikaren eta Amerikaren artean (erdi-erdian) duen kokapen estrategikoari esker, globalizazio historikoaren lehen laborategi handi bihurtu zen. 1462an Ribeira Grande hiria sortu zen, gaur egungo Cidade Velha, Santiago uhartean. XVI. eta XVII. mendeetan zehar, haren garapena estuki lotuta egon zen Atlantikoko merkataritzarekin. Eskala portu gisa rol estrategikoa bete zuen, bai eta Afrikako kostaldearen eta Amerikako merkatuen arteko esklabo bihurtutako pertsonen salerosketan bitartekari gisa ere. Horrela, Ribeira Grande Atlantikoko sistema esklabistaren lehen gune nagusietako bat bihurtu zen, eta europarren eta afrikarren arteko elkarrekintzarako gune garrantzitsua izan zen. Hain zuzen ere, bertan sortu zen Atlantikoko lehen gizarte kreole mestizoa. Gainera, kokaleku horrek aparteko garrantzia du Amerikaren konkista eta kolonizazioa ulertzeko. Bereziki, Afrikako kontinentean harrapatu eta lehenik Cabo Verdera, eta handik Amerikara eta Karibera eramandako eta esklabo bihurtuta pertsonen merkataritzarekin lotuta dago.