Mikel Laboa Katedrak Beñar Antxustegiren ‘Ohm' abestia saritu du
Iñar Sastreren ‘Tiro' kantari akzesit bat ematea erabaki du ere
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/11/20
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Mikel Laboa Katedrak Mikel Laboa saria: Doinua hitz, hitza doinu ematea erabaki du. Irabazlea Xikinkei eta Txemak musika taldeetan aritutako Beñat Antxustegi musikaria izan da Ohm kantagatik. "Abesti hau meditazioari dedikatu diot - azaldu du Antxustegik- Aurreko aste santuan lagun batzuk zelai batean borobilean begiak itxita ikusiz inspiratu nintzen musika eta letra egiteko. Lasaitasuna transmititu nahi izan dut. Berez Ohm izenez deitzen diogu abestiari, elektronika ikastearen nahasteak, baina meditazioaren munduan Om erabiltzen da. Abestiaren hamahirugarren bertsioa da hurrengo disko izango den Saudade é fatal-aren parte izango dena beste zotzi abesti berrirekin".
Physis versus nomos (Beñat Antxustegi Goikoetxeta donostiarra 1989an jaioa Barakaldon) proiektua 2010 urtean hasi zuen buruan zituen abestiak askatzeko, lehenago Xikinkei taldean ibilitakoa zen. 2011 urtean "Zartada eta ferekaren artean" diskoa autoekoiztu zuen eta 2013an "Ezin" diskoa. Lan hauetan lagun askoren kolaborazioak jaso zituen. Orain hurrengo lana izango den "Saudade" bukatzen ari da Alberto Lizarralderen laguntzarekin eta Physis versus nomos bandarekin kontzertuak jotzen. Taldean Xalba baterijolea, Joska baxujolea, Gartxot Korista eta Xierra Saxofonojoleak laguntzen diote. Kitarra jo, abestiak egin eta abesten ditu hark. Aldi berean Txemak, Bi zaldi, Pelax & Cowboys orchestra eta Liher taldeetan dabil ere.
Akzesit
Halaber, akzesit bat ematea erabaki du ere Antton Valverde, Joxan Goikoetxeak eta Juan Kruz Igerabidek (idazkari gisa) osatutako epaimahaiak: Iñar Sastre pianojoleak sortutako Tiro kantari. "Gure sentimenduek egitera eraman gaitzaken ekintza baten inguruan ari da kanta, tiro egitearen inguruan. Kasu honetan, tiro egindako batek bere sentipenak kontatzen ditu. Duda, damua, ezina, muturreko sentimenduek izan dezaketen gertutasuna, bere sentsazio psikosomatiko eta bestelakoak deskribatuz. Bizitzan zehar ekintza bera modu ezberdinetan sentitu eta baloratu daiteke, eta kanta honetan, tiro egin duena bere izatearen unerik baxuenean aurkitzen dela esan genezake, deskantsatu ahal izateko aukera bakarra bere heriotzan ikusten baitu".
Gaztetatik musikazale, Iñar Sastrek goi mailako musika ikasketak burutuko ditu Musikenen (pianoa, ganbera musika, ahots akonpainamendua) eta Conservatoire National Supérieur de Musique et de Danse de Paris-en (Inprobisazioa, harmonia eta kontrapuntua, moldaketak, dantza akonpainamendua). Era berean, musika klasikoko ikasketak, jazz piano ikasketekin osatuko ditu parisko Ravel Kontserbatorioan. Musika klasikoa, jazz-a eta herri musika oinarri izanda, bere lana batez ere musika beste disziplina artistiko batzuekin uztartzean sustraitu da, batez ere arte bisual eta eszenikoekin. Bakarlari gisa bere konposizioak biltzen dituen bi diska kaleratu ditu ausArt diskaetxearekin. Abeslari modura saritua izan da Euskal Kantu Txapelketan lehen saria eta publikoaren saria eskuratuz.
Mikel Laboa Katedra
UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bidez bultzatutako Mikel Laboa Katedraren helburuak dira euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberastea, bereziki arte-sorkuntza eta adierazpenei dagokien alorra sustatu, ikertu eta nazioartean zabaltzeko nahiz arteen ikerkuntzan diharduten erakunde eta pertsonekin elkarlanean euskal arte historikoa nahiz garaikidea jorratzea.
