euskaraespañol

Redes sociales campusa

Iñigo Legorburuk ‘Oihenart' Aforismoen V. Lehiaketa irabazi du

Bigarren saria Juan Ramon Alberdik jaso du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/26

Iñigo Legorburuk eta Juan Ramon Alberdik  jaso dute UPV/EHUko ‘Oihenart' Aforismoen V. Lehiaketaren lehen eta bigarren sariak. Hauek banatu ditu Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzu buruak.

Saria jasotzerakoan Iñigo Legorburuk azaldu du "aforismoak ahozkotasunean duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Nire kasuan, bertsolaritza izan da aforismoaren mundura hurbildu nauena,ironiaz eta zentzu bikoitza duten esaldiak oso gustuko ditut. Komunikazioaren arloan, aforismoa da tresnarik eraginkorrenetako bat".

Halaber, Juan Ramon Alberdik agertu du "Esan beharrik ez dago sari honek sekulako ilusioa egin didala eta lagungarria izango zaidala aforismoak egiten jarraitzeko. Izan ere, niretzat, aforismoak egitea udara igarotzeko era atsegin eta emankorra da. Eta emankorra diot, aforismoak gure pentsamendu eta esperientzietan behatzeko zirrikitu moduko batzuk direlako. Kontzeptu eta zirkunstantzia ezberdin aunitz ikuskatzeko eta hausnartzeko aukera ematen duten zirrikitu zuhur eta irudimenezkoak".

Iñigo Legorburu bertsolaria da, bertsopapera eta literatura lehiaketan trebatua. Lehiaketara aurkeztu duen lanak ‘Itsasoa den basamortu urdinean‘ du izena. Juan Ramon Alberdi aldiz, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean antropologiako masterra egiten ari da. Lan sariduna ‘Soaren zirrikitutik' delarik.

Aurtengo edizioan lehiaketara aurkeztu diren lanak epaitu dituzte: Cristina Lasak (irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea), Eider Rodriguezek (irakaslea),  Antonio Casado idazkari moduan aritu delarik.

Lehiaketa UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz, abian jarri zuen 2010ean.

 

Argazkiak: UPV/EHU