euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iñaki Irastorza, Pediatriako irakaslea

«Presarik gabe, pausarik gabe eta eztabaidatu gabe jaten irakastea»

Haurren elikaduraren inguruko gezurrak eta egiak argitu ditu 'Mi niño no me come' kanpainan

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/29

UPV/EHUko irakasle Iñaki Irastorza Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean

'Mi niño no me come. ¿Qué come mi niño?' kanpainak informazioa helarazi nahi die gurasoei, irakasleei eta eskolako jantokiko langileei. Xede nagusia da haurren elikadurari buruzko gezurrak, egiak eta gomendioak argitzea. Azaroan hasi zen kanpaina, UPV/EHUko Pediatria Sailak bermea eman zuenean; Iñaki Irastorzak da kanpainaren buru, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko irakasle atxikia eta pediatra.

Nola sortu zen egitasmoa?
Kasualitatez, pixka bat. Pediatra gisa aholkuak ematen dizkiodan lagun batek proposatu zidan hitzaldi bat ematea bere seme-alabak dabiltzan ikastolan, azaroan. Gero, Pediatriako lankideek beste zentro batzuetan hitzaldiak ematera animatu ninduten. Orduan, Sailarekin hitz egin nuen, eta harrezkero bost hitzaldi aurkeztu ditut. Datorrena otsailean emango dut, Abusu Ikastolan. Hasieran, berez, erizainei eta pediatrei ematen nien informazioa, baina egoki iritzi genion eskolan ere elikadura ohitura onei buruz hitz egiteari.

Zertan datza kanpaina?
Hitzaldietan, denok dakizkigun baina gutxik betetzen dituzten zenbait kontu azaltzen dira; sukaldaritza tradizioan oinarritutako kontuak ere argitzen dira, denboraren joanarekin desitxuratu egiten baitira. Halaber, telebistako iragarkiek sortutako gezurrez ohartarazten dugu; ildo horretatik, haragi, esneki eta zuku ekoizleen presioa ikusarazten dugu, ia-ia sinismenak ezartzen baitizkigute, baita osasun arloko langileoi ere.

Gurasoek nola hartzen dute informazio hori?
Interesa agertzen dute, baina, batez ere, harritu egiten dira erraz-erraz erakusten diezunean fruta eta barazkiak jatea ona dela, baina natillak jatea ez hainbeste, eta zukua ez dela frutaren ordezkoa.

Esan duzu gezurrak eta sinismenak zabaltzen direla historiaren eta hedabideen eraginaren ondorioz.
Gezur ohiko-ohikoa zukuena da: jendeak uste du fruta zukuarekin ordezka daitekeela, umeari ez bazaio fruta gustatzen. Bada, hori guztiz faltsua da. Beste adibide bat gure memoria kolektiboarekin eta Gerra Zibilaren ondorenarekin dago lotuta. Garai hartan, asko jaten zen arto ogia, ogi beltza, barazkia eta lekalea, baina oso gutxi haragia eta arraina, herritar gehienek ezin zutelako erosi. Hortik sortu zen "haragia eta arraina jatea ona da" ideia, eta sakratutzat jo zen, berrogeiko urteetan animalia-jatorriko proteina asko falta zelako elikaduran. Ideia hori memorian ezarri da, eta jendeak oraindik ere uste du hobe dela oilasko bularkia, legatza edo arrautza frijituak jatea letxuga edo porrusalda jatea baino, nahiz eta ez den beharrezkoa horrenbeste animalia proteina hartzea.

Eta orain, berriz, muturreko dietak dira nagusi; adibidez, okela bakarrik jatea edo animalia proteinarik ez jatea.
Kontuan hartu behar da hau: dieta arrautza-esne-begetariano bat erabat osasungarria da; ez du osagarririk behar eta ezin dugu kritikatu, ezta haur batek egiten badu ere. Hori bai, gure kultura tradizionalean beti jan izan dugu okela pixka bat. Egokiena da haur batek bere kalorien ehuneko 10 eta 12 arteko proteina kopurua lortzea, eta heldu batek zertxobait gehiago, baina inola ere ez % 15 baino gehiago.

«Ezin dugu dieta arrautza-esne-begetarianoa kritikatu»

Alabaina, nutrizio inkesten arabera, gaur egun beharrezkoak direnak baino animalia proteina gehiago jaten dira: % 50 eta % 100 artean. Hori ez da osasungarria, ez helduen artean, ez haurren artean. Gainera, gizartean, baita medikuen lanbidean ere, ustea dago proteinak hazten laguntzen diola umeari; haurrak hazteko faktore erabakigarria, ordea, elikadura osasuntsu eta egokia da. Gaur egun jakina da umetan proteina gehiegi hartzea dela arrisku faktore nagusietako bat helduaroan obeso izateko, tentsio arterial handiagoa edukitzeko edo kolesterol gehiago izateko. Finean, dieta desorekatu bat izanez gero, oso litekeena da helduaroan gaixotasun kardiobaskularrak, garuneko infartuak, miokardioko infartu akutuak edo aneurismak izatea. Eta horrek guztiak zerikusi handia du ama batek haurdun gelditu aurretik eta haurdunaldian izan duen dietarekin eta haurtxo edo haur batek jaten duenarekin.

Hala ere, badirudi gurasoak gehiago kezkatzen dituela seme-alabek jaten dutenak, dietaren kalitateak baino.
Gurasoek esaten dutenean seme-alabek ez dutela jaten, hiru kasu aurki ditzakegu: haurrak gutxi jaten du; haurrak ez du egoki jaten; edo nahikoa jaten du, baina gurasoei iruditzen zaie gutxi jaten duela. Azken kasu horretako gurasoak kezkatu egin ohi dira seme-alabak errazio txikiak jaten dituela iruditzen zaielako, nahiz eta egokiak diren eta haurrak ondo elikatuta dauden, baina gurasoek gehiago jan dezaten nahi dute, horrela osasuntsuago edo altuago izango direla uste baitute. Gero, jatun txarrak diren haurrak daude: gustuko dutena baino ez dute jaten. Gurasoek azaltzen dute seme-alabek barazki gutxi, haragi gutxi eta fruta gutxi jaten dutela, baina, egiatan, askotan jaten dute esnea zerealekin, galletak, Kinder arrautzak edo gozokiak. Hau da, dirudiena baino gehiago jaten dute, nahiz eta mahaian ez jan lehen platerkada, bigarrena edo postrea. Azken batean, haurrak jan egiten du, baina gaizki.

«Gehiago jateak ez gaitu osasuntsuago egiten»

Azkenik, kasurik ezohikoena dugu: benetan gutxi jaten duen haurra. Bi profil desberdinak ditugu; haurrak gutxi kontsumitzen duena, baina alaia eta dibertigarria da eta mugitu egiten da; egoki hazi eta loditzen da, eta dagokion pertzentilean doa. Hori bai, aurki dezakegu dibertigarria eta bizia den haur bat denboran makalago haztea: urte batean 75eko pertzentilean dago, eta ondorengo urteetan pertzentila 50era, 25era… erortzen hasten da. Bada, kezkatu egin behar dugu ume horretaz; izan ere, zoriontsu bizi den arren, litekeena da gaixotasunen bat izatea. Gero, haur gaixoa dago: gutxi jaten du, triste egoten da eta ez da jolasten. Bi kasu horiek dira ezohikoenak lehen mailako arretako pediatrian eta ospitaleko korridoretan aurkituko dugunak.

Eta, haur osasuntsuen artean, ordea, nola alda daiteke elikadura, behar bezala jan dezaten?
Oso-oso zaila da ohiturak aldatzea, eta sekula ez dugu ahalegindu behar astebetean aldatzen. Norbait inoiz kirolik egin gabe badago, ez da joango kirol jantziak erosi eta lehen egunean hamar kilometro korrika egitera.

Eta zer gomendio emango zenizkieke gurasoei?
Hona hemen gomendio nagusiak: gatazkak saihestu; ez tematu ez duelako jaten; garbi izan jaten denean jan egiten dela; eta haurrek inoiz ez dezala jan bakarrik ezta telebista edo Play kontsola piztuta ere. Azken batean, haurrek gurasoekin bazkaldu eta afaldu behar dute, edo ikaskideekin, eskolan. Ahal dela, ez da eztabaidan jardun behar janariagatik, eta saiatu ez etsitzen haurraren presioagatik. Ezin dugu onartu haurrak porru patatak jateari uko egitea baina saltxitxak tomatearekin jan nahi izatea. Gainera, mahaian ematen den denbora ere garrantzitsua da: jatordua ordu erdikoa bada, lehen platerkada 10-15 minutu igarotakoan kenduko da, eta berdin egingo da bigarrenarekin, haurrak jan edo ez jan. Gero janaria eskatzen badu, ez zaio eman behar; ordea, inoiz ez da umearekin eztabaidan aritu behar. Urtebete egiten dutenetik aurrera, umeek lehenengoan ulertzen dute zer esaten zaien, eta ez badute kasurik egiten, gurasoak desafiatzen ari dira.

Haurrek nola ikasten dute jaten?
Gurasoekin. Gurasoek jateko ohitura txarrak baldin badituzte, seme-alabek ere gaizki jango dute ziurrenik. Haur bati ezin diogu eskatu barazkiak eta entsalada jateko astean zazpi aldiz, eskatzen dugun hori geuk egiten ez badugu. Era berean, ezin dugu helburutzat eduki frutarik apenas jaten duen 4, 6 edo 8 urteko ume batek bat-batean astean 15 ale jatea (hori da gutxieneko kopurua).

«Haurrek ondo jateko, geuk ere ondo jan behar dugu»

Beste ohiturekin gertatzen den bezalaxe, hori aldatzeko hilabeteak edo urteak behar dira. Alegia, fruta ale txikiekin hasi behar dugu, sagar zati edo mandarina atal batekin adibidez, haurrak ale osoa jan arte. Denbora behar da.

Adina garrantzitsua al da ohitura onak hartzeko?
Egiatan, elikadura ohiturak gurasoekin hasten dira, esan dugun moduan, bai eta ama haurdun dagoenean ere; izan ere, amak jaten duenaren arabera, likido amniotikoa zaporez aldatzen da. Amak askotariko dieta bat jaten badu, fetuak likido amniotikoa irenstean askotariko dieta horretara ohituko da. Jaiotzen denean, bularra ematean ere eragina izango du haurraren elikaduran, esnearen zaporea aldatu egiten baita jan denaren arabera. Amak dieta egokia badu, haurrak ere errazago jango du dieta egokia, eta errazago onartuko ditu bizitzako lehen hilabeteetan probatuko dituen jaki berriak. Bestalde, badago jaioberri mardulak eduki nahi izateko joera bat, uste delako haur mardulak osasuntsuak direla, baina hori ez da horrela. Jaioberri osasun batean, urte bat betetzean munduratzeko pisua hirukoiztea da egoki, hala ume batek 3,300 kilo pisatzen badu jaiotzean, onena da hortik urtebetera 10 kilo pisatzea. Modu horretara, helduaroan arrisku gutxiago edukiko du bihotzekoak, tentsio arazoak edo kolesterol arazoak izateko.

Eta haurrak bizitzako lehen hil horietan elikagaiei uko egiten hasten badira, zer egin daiteke?
Zenbaitetan, uste dugu uko egiten diotela, baina egiatan jaten ikasteko prozesuaren parte da hori. Hau da, xurgatzea ekintza erreflexua da, baina mingaina mugitu eta elikagaiak eztarrira eraman behar direnean, oso normala da haurtxoek kanpora botatzea jakiak, ez dakitelako nola egin.

Ikasteko prozesu horretan, zer gomendio orokor emango zenizkieke gurasoei?
Gogoan eduki behar dute haurrak ikasten ari direla bizitzako lehen hilabeteetan, ez direla ari jakiei uko egiten. Halaber, ulertu behar dute haurren izaerak eragina izan dezakeela jaki berriak onartzean; kasu horietan, baina, ez dira traumatizatu behar janariarekin eta ez dira jatera behartu behar, 9 urte zein 6 hilabete izan. Fruta purearen koilarakada bat bakarrik jaten badu, bada, bakarra jango du; behin eta berriz jateko eskatzen bazaio eta azkenerako negarrez hasten bada, umeak sufrimenduarekin lotuko du fruta purea, eta fobiak sortuko zaizkio. Hortaz, gauza berri guztiak astiro barneratu behar dira. Gaur fruta bat edo bi jango ditu, baina baliteke bihar berriro eskaini eta hiru jatea. Presarik eta etenaldirik gabe, jaten irakatsi behar diegu; eztabaidatu gabe, baina etsi gabe. Gainera, jarrera hertsagarria eta borrokazkoa duten gurasoak dituzten haurrek, urtebeteren buruan, gutxiago pisatzen dute eta okerrago jaten dute, eztabaida gutxiago egiten duten gurasoak dauzkaten haurrek baino. Hori bai: eztabaidarik ez egiteak ez du esan nahi amore eman eta haurrari nahi duena egiten utzi behar zaionik.

Ume batek zergatik jaten du eskolan eta ez etxean?
Eskola funtsezko lekua da jateko ohiturak hartzeko. Kontuan hartu behar dugu hiri eremuko haurren % 80 inguruk eskolako jantokian jaten dutela. Eskolako dieta, oro har, nahiz eta hobetu daitekeen, etxe gehienetakoa baino egokiagoa da oraindik ere. Gainera, errazioak hobeto egokitzen dira haurren beharrizanetara. Haurrak eskolan ondo eta etxean gaizki jaten badu, litekeena da gurasoek izatea desoreka, seme-alaben inguruan espektatiba gehiegizkoak dituztelako eta etxean gehiago jan dezaten nahi dutelako.

«Eskolako dieta hobetu daiteke, baina egokia da haurrentzat»

Horrez gain, etxean askoz ere arreta gehiago jartzen zaie, eta eskolan, berriz, zaintzen dituztenek ez diete hainbeste eskatzen. Eta, esan bezala, gainean egoteak ez du gehiago eta hobeto jaten laguntzen. Horrekin batera, eskolan, haurrak ikusten du bere gelakidea ere jaten ari dela, eta horrek hobeto jaten laguntzen dio.

Egun bereziek, Gabonek adibidez, zenbateraino eragiten dute haurren elikadura ohituretan?
Urtebetetze eguna urtebetetze eguna da; Olentzero Olentzero da; eta errege erroska errege erroska da. Ez da ezer gertatzen dieta ez betetzeagatik eta turroia jateagatik. Ondo, osasun eta askotariko jan behar da, besterik gabe. Esaten da natillak edo txokolatezko kopak jatea ez dela ona, baina horrek ez du esan nahi ezin direnik sekula jan; hau da, egun berezi batean edo igandean sar dezakegu dietan elikagai mota hori, edo pizza edo hanburgesa bat. Eguneroko bizimoduan, ordea, arauak bete egin behar dira, eta Gabonak edo urtebetetzeak bezalako salbuespenak guztiz onargarriak dira.

Argazkiak: Mikel Mtz de Trespuentes eta Laura López. UPV/EHU