Jesús Pérez Dasilva
Teknologia eta hezkuntza berrikuntza: erronka unibertsitatearentzat
UPV/EHUko Ziberkazetaritzako Idazketako irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/07
Gure unibertsitateetako irakaskuntza eredu nagusiak, neurri handi batean, aurrez aurreko irakaskuntza izan du oinarri denbora luzez, non eskola magistrala lehenesten baitzen. Norabide bakarreko irakaskuntza metodologia da hori, ezer gutxi parte hartzen duten ikasle pasiboak dituena hartzaile. Hala, ikasle horien kezka nagusia irakasleak azaldutakoa islatzen duten apunte onak hartzea da. Modalitate hori eraginkorra zen ikasgela masifikatuz beteriko sisteman –eta gutxik zuten horren inguruko zalantza–, non gaitegi oso luzeak irakatsi behar baitziren.
Europako Goi Mailako Hezkuntza Espaziorantz (EGHE) doan bidaiarekin eta ECTS kredituarekin hasi zen unibertsitateko irakaskuntza erreformatzeko prozesua: hasiera batean, funtsean egiturari eta antolamenduari zegokion. Apurka-apurka adostasuna sortu zen: erreformak gainditu egin behar ditu maila akademikoa eta instituzionala, eta unibertsitatearen inguruko ikuspegi berria eta irakasteko moduaren inguruko filosofia berria bilatu behar ditu. Gradu berriak abiarazten ari diren sasoi hau egokia da formula eraginkor horiek bilatzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, baita irakaskuntza estrategia klasikoak modernizatzeko ere. Argi dago antolakuntzari dagozkion aldaketez gain (titulazioak edo ikasketa planak erreformatzea), irakasleek beren pentsamoldea ere aldatu behar dutela. Azken batean, irakaskuntza ulertzeko beste modu bat lortu behar da, arrakastaz lortzeko Europar Batasunak aurkeztutako erronka.
Horri dagokionez, argigarri da J. Esteveren hausnarketa bat: konparatu egiten ditu "irakasleek gizarte garaikidean bizi duten egoera jendez beterik dagoen areto batean antzerki klasikoko pieza bat antzezten duen antzezlearekin: antzezleak arropa luzeak ditu soinean, eta bertsoz errezitatzen du pieza tragiko bat, oholtzako argiteria apalduta; halako batean, aurretik ohartarazi gabe, dekoratua aldatzen diote, eta oihal postmodernoa eta fluoreszentea jarri; halaber, oholtzan komun bat eta ile laranja eta berdea duen manikia jartzen dizkiote. Hauxe da ondorioa: ezin da rol bera egiten jarraitu, dekoratua aldatu bada".
Dekoratu berri honetan, irakaskuntza ereduak –gaitasunetan datza orain, irakaskuntza birtualarekin batera bizi da eta ikaslea du ardatz– irakasleak orientatzaile eta gainbegirale gisa duen zereginaren alde egiten du, ikasleei autoikaskuntzako prozesuan laguntzeko. Unibertsitateko ikasgeletara iristen diren belaunaldien ikasteko modua aldatzen ari da, eta ez da guk aurreko mendean jasotakoa bezalakoa. Garai digitalean sortu dira: jaiotzearekin batera, ordenagailua edo tresna mugikor bat ekarri dute besapean. Horregatik dira hain garrantzitsuak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak unibertsitate irakaskuntzan, irakaskuntza prozesua hobetzeko ematen dituzten aukera zabalak direla eta. Ildo horretatik, unibertsitate kalitatea hobetzeko, nahitaez jo behar da IKTetan oinarritutako berrikuntza estrategiara, lehen aipatu dudan dekoratu berrira egokitzeko: teknologia trebetasunak ezinbesteko bihurtu dira hor.
Universitic 2014 txostenaren arabera, bost ikasgelatik lauk multimedia proiektorea eta Interneterako konexioa dute jada. Txostenak nabarmentzen du unibertsitateetan 90.000 ordenagailu daudela ikasleen eskura, eta haririk gabeko sareak, batez beste, urtean zortzi milioi konexio kudeatzen dituela unibertsitate bakoitzean. Bestalde, irakasleen % 91k eta ikasleen % 95ek erabiltzen dute beren ikastegietan erabilgarri duten plataforma birtual lagungarria. Datu horiek pozgarri badirudite ere, arazoa da teknologiak, bere horretan, ez duela hezkuntza berrikuntzarik ekoizten. Ordenagailuak eta proiektoreak sartzea, berez, ez da nahikoa Unibertsitateko irakaskuntza metodologia aldatzeko. Izan ere, sarri ez da ikusten IKTek goi mailako hezkuntzan duten potentziala, eta parte hartzeko aukera gutxi ematen duten estrategiak lehenesten dira. Askotan, irakaskuntzako berrikuntzan, arbel zaharraren ordez, PowerPoint bidezko dinamika bat ezartzen da, edo fotokopiak baztertu eta eskolako apunteak Moodle plataformara igotzen dira.
Horrenbestez, IKTak, duten potentziala dela eta, elementu nagusi izan daitezke prozesu pedagogikoak berritzeko, baina ikasgelan egoteak ez du ezer bermatzen. Berrikuntzen arrakasta, neurri handi batean, hezkuntzako aktoreen jarreraren araberakoa da, haiek moldatzen baitituzte irakaskuntza praktiken erreformak. IKTak unibertsitatean sartzearekin batera, jardunbide pedagogiko egokiak gauzatu behar dira, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan eraginkortasuna lortu nahi bada.
Kezka horien karietara antolatu genituen "Hezkuntza Berrikuntzako III. Jardunaldiak" Kazetaritza II Saileko kideok. Bizkaia Aretoan egin ziren, urriaren 5ean eta 6an. Ekimen horren helburua izan da ikastetxe batzuetako zenbait irakaskuntza estrategia berri ezagutaraztea; horretarako, zenbait profesionalek beren ikasgeletan ezarritako esperientzien berri eman zuten. Bi egunean, adituek ekarpenak egin zituzten irakaskuntza modernizatzeko IKTen alderdi pedagogikoei buruz; bada, espero da erabilgarri izatea eta gure irakaskuntza estrategiak hobetzeko baliagarri izatea, trebetasun teknologikoak barneratzea gero eta garrantzitsuagoa baita egun. Aurretik aipatu den bezala, gure ikasgeletara iristen ari direnen ikasteko modua aldatzen ari da, eta, horregatik, garrantzitsua da ikaskuntza berriak identifikatzea eta UPV/EHUn sortutakoekin konektatzea, irakaskuntza prozesua hobetzeko.
Argazkiak: Mikel Martínez de Trespuestes. UPV/EHU