Estuarioetako eta goi-mendietako kutsadura metalikoak zer banaketa geografikoa duen, denborarekin nola aldatu den eta kutsadura horrek zer ondorio toxikologiko dituen aztertu du bere tesian Azibar Rodriguez IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak. Ikerketaren ondorioetako bat izan da inguruetako trafikoak eta jarduera industrialek eragindako kutsadura metalikoa Pirinioetako atmosferara heltzen dela airetik.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Industria eta trafikoaren kutsadura metalikoa Pirinioetaraino heltzen da
UPV/EHUko tesi batek agerian utzi du Pirinioetako landaredian eta aintziretan aurkitu daitekeela
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/01
Kutsadura metalikoa izan da Azibar Rodriguez Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa (IBeA) ikerketa-taldeko ikertzailearen tesiaren ardatza. Elementu metalikoak ez dira degradatzen, ez kimikoki ez biologikoki, eta, horren ondorioz, iraun egiten dute ingurumenean. Gainera, toxikoak izan daitezkeela kontuan hartuta, arazo larriak sor ditzakete. Sistema naturaletako metalen eta metaloideen —metalen eta ez-metalen propietateak dituzten elementuen— kutsadura ikertzen aditua da Rodriguez.
Tesiak iraun bitartean, batetik, munduko bost estuariotako uretan, sedimentuetan, izaki bizidunetan eta abarretan kutsadura metalikoa zenbaterainokoa den ikertu du, baita kutsaduraren banaketa geografikoa zein den eta denborarekin nola aldatzen den ere: Brasilgo Santa Catarina estatuko Tubarão ibaiaren estuarioan; Portugalgo Esposende hiriko Cávado estuarioan; India ekialdean, Bengalako Hugli ibaian —Gangesen ibaiadar garrantzitsuenetako bat—; eta, Euskal Herrian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Oka ibaiaren estuarioan, eta Nerbioi-Ibaizabalen estuarioan. Bestetik, atmosferako kutsadura metalikoaren efektuak aztertzeko, Pirinioetako landarediak duen kutsadura metalikoa eta 2.000 m-tik gora dauden 18 aintziratako sedimentuak analizatu ditu. Tesia, beraz, zazpi ataletan banatua dago, eta bakoitzetik "ondorio bereiziak atera ditugu, kasu eta zonalde bakoitzak bere bereizgarriak baititu", adierazi du Rodriguezek.
Atmosferaren kutsadura metalikoari dagokionez, Irati oihaneko pago-hostoak, likenak eta goroldioak analizatu dituzte, Pirinioetako atmosferako kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa aztertzeko. Hala, frogatu dute mendebaldetik datorren haizearen bidez distantzia luzeetan garraiatzen direla jatorri antropogenikoko elementu metalikoak, inguruetako industrien jardueraren (hala nola altzairugintzaren) eta trafikoaren ondorioz sortuak. Gainera, 18 aintziratan egindako ikerketatik ondorioztatu dute "antzinako meatzaritza-jarduerek eta azken urteotako erregai fosilen errekuntza masiboak eragin zuzena izan dutela aintziretako ekosisteman", adierazi du ikertzaileak.
Nerbioi-Ibaizabalen eta Urdaibain hobera egin du
Euskal Herrian aztertutako bi estuarioei dagokienez, ikertzaileak adierazi du egoerak hobera egin duela: "Sedimentuek izaki bizidunetan eragin dezaketen toxikotasunak behera egin du denborarekin, eta kutsadura metalikoa gero eta txikiagoa da". Nerbioi-Ibaizabal estuarioko 50 puntutan hartutako sedimentu-laginen elementu metalikoen kontzentrazioak neurtu zituzten, 2009, 2010, 2011 eta 2014an, eta kontzentrazio horien denborarekiko bilakaera aztertu. Karakterizazio horrek balio izango du gaur egungo Zorrotzaurre uhartearen eraikuntzak —sedimentuak mugitzeak, egoera hidrodinamikoa aldatzeak eta abarrek— estuarioaren egoeran etorkizunean zer ondorio izan ditzakeen kuantifikatzeko. Ikerketan, "agerian geratu zen sedimentuetako kutsadura metalikoa nabarmen aldatu zela 2009-2011tik 2014ra", azaldu du; izan ere, "2014ko laginketan, ordura arte ikusi gabeko kontzentrazio handiak zituzten puntuak agertu ziren, Abra inguruan eta Portuko kaian, eta litekeena da itsasontzi handiak porturatzeko egindako obren ondorioz izatea".
Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Oka ibaiaren estuarioan, sedimentuetako eta ostretako elementu metalikoen kontzentrazioak analizatu ziren, estuarioko kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa ikertzeko eta denborarekiko duen bilakaera ikertzeko. Hiru hilean behin, monitorizazio-lanak egin ziren 2010ean eta 2011n. Horrez gainera, estuarioko ostren osasun-egoera ikertu zuten, ostren zelulen eta ehunen indize biologikoak neurtuz. "Sedimentuen toxikotasuna txikia zen, eta bat zetorren ostretan hautemandako indize biologikoen alterazio txikiekin", adierazi du ikertzaileak. Ikerketa honetan erregistratutako datuak aurreko beste ikerketa batzuekin alderatuta, "frogatu da ostren osasun-egoerak hobera egin duela urteak pasatu ahala", ondorioztatu du.
Azibar Rodriguezen tesia nazioartekoa da, eta Edinburgoko Unibertsitatean jardun da hainbat hilabetez. Egonaldi horretan, zilarrezko nanopartikulen kutsaduraren inguruan ikertzen aritu da, Indiako ekialdean dagoen Bengalako Hugli ibaiaren sedimentuak aztertzen. Ikertzaileak adierazi duenez, "nanopartikulekin lotutako kutsadura gorabidean dago, eta ibai hartan zilarrezko nanopartikularik ba ote zegoen analizatu genuen ibaiko sedimentuetan". Nahiz eta nanopartikulak detektatzeko oso teknika sentikorra erabili "Hugli ibaiko sedimentuetan ez zen zilarrezko nanopartikularik detektatu. Baina han ikasitako guztiarekin, nanopartikulen gaian gehiago sakontzen hasiko gara hemen", adierazi du.
Informazio osagarria
Azibar Rodriguez (Bilbo, 1987) Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, Ingurumenaren kutsadura eta toxikologiako masterra egin du, eta Kimika Analitikoan doktore da. Metal pollution in estuaries and high altitude mountains: geographical distribution, evolution in time and toxicological implications izeneko tesia egin du, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean, Alberto de Diego eta Silvia Fernandezen zuzendaritzapean.
Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
