euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Euskal Herriko Unibertsitateak 2016ko aurrekontuen proiektua onartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05

Gobernu Kontseiluko egungo taldearen azken saioa

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2016ko aurrekontuen proiektua onartu du gaur. Bere zenbatekoa 402.757.095 eurokoa da; 2015ean onartu zena, berriz, 396.557.681 eurokoa izan zen, eta, beraz, % 1,56ko igoera dago. Aurrekontu aurreproiektuak aldeko 26 boto, kontrako 3 eta 6 abstentzio jaso ditu.

Zenbateko horretatik Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz 307.901.095 €, hau da, aurrekontuen % 76,45. 2015ean, berriz, kontzeptu horretan 303.170.804 € zeuden, aurrekontuaren % 76,50. Atal hau honela banakatzen da: Ekarpen arrunta: (276.359.872 €. Barne dago 2012ko abenduko aparteko soldatei dagokien kopurua: 2.800.000 € eta pertsonalaren ordainsarien % 1eko igoera); Programa kontratuak (31.041.223 €) eta Hainbat urtetarako inbertsio plana (500.000 €).

Aurrekontu orokorretatik datorren ekarpenarekin batera daude: Beste sarrera batzuk, eskubide publiko edo pribatuetakoak (tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekin egindako kontratuak eta abar.), guztira, 94.400.000 €. Sarrera hauek aurreproiektuaren % 23,44 da; 2015ean, berriz, sarrera hauek 93.150.000 €koak izan ziren, % 23,50. Horretaz gain, UPV/EHUk 456.000 € eskuratzen ditu Gizarte Kontseilurako (2015ean, 236.877 €).

Gastuei dagokienez, langileen atalerako 308.891.573 €-ko aurrekontua dago. Kopuru hori aurrekontu osoaren % 76,69 da, eta gainerako % 23,31 era honetara dago banatuta: ikerketa; ohiko funtzionamendua; errektoreordetzetako, ikastegietako eta sailetako jarduerak; eta ekipamenduko inbertsioak.

Iñaki Goirizelaia errektorearen esanetan, "aurrekontuak onartzea beti da berri ona. Erakunde batentzat ez baitago aurrekontu gabeko egoera baino okerragorik. Krisi ekonomikoa pairatzen ari garen honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak tinko egin du lan ahalik eta zerbitzu onena bermatzeko, euskal gizartearekiko dugun konpromisoa betez. Gure aburuz bederen, agerian geratu da unibertsitatearen finantziazio eredua aldatu beharra".

Eta erantsi du: "ahalik eta unibertsitaterik onena egiten jarraituko dugu, egingo dugu. Euskal gizarteak gure esku jartzen dituen baliabideekin eta unibertsitateak berak lortzen dituen kanpo baliabideekin, ahalik eta unibertsitaterik onena egingo dugu. Hori da helarazi nahi nizuen azken mezua: aurrekontu aurreproiektua onartu dugun arren, dauzkagun mugen jakitun gara eta, gure esku dagoen guztia egingo dugu euskal gizarteari eraiki dezakegun unibertsitaterik onena eskaintzeko".