Francisco Javier Caballero, Aconcaguako Unibertsitateko honoris causa doktore
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/03/17
Txileko Santiagoko Aconcaguako Unibertsitateko (UAC) Gastón Zegard Latrach errektoreak eman zion honoris causa doktore titulua Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarearen zuzendari den Francisco Javier Caballero Harriet akademiko entzutetsuari, bere ibilbide akademikoa, bere ezaugarri pertsonal adierazgarriak eta gizarteari egindako ekarpena aitortzeko.
Ekitaldia Machalíko ohore aretoan egin zen eta, Unibertsitateko agintari gorenez gainera, Txileko Administrazioaren ordezkariak eta ordezkari politiko eta judizialak ere izan ziren bertan.
Francisco Javier Caballero Harriet irakaslea UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko katedraduna da, eta Zuzenbidean doktorea. Gaur egun Paris XII Unibertsitateko eta Puerto Ricoko Universidad Interamericanako irakasle gonbidatua ere bada. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea zuzentzen eta koordinatzen du, eta Latinoamerikako zortzi herrialdetako (Mexiko, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Peru, Brasil, Bolivia, Txile eta Guatemala) bederatzi unibertsitatetan eskaintzen den ‘Gizarte Demokratikoa, Estatua eta Zuzenbidea' master eta doktoregoa ere zuzentzen du
Ikerketa eta doktorego tesi ugari zuzendu ditu, eta sari akademiko asko jaso ditu hainbat unibertsitatetan. Honoris causa doktorea izendatu zuen Universidad Autónoma de Santo Domingo UASD – Primada de América unibertsitateak, eta Cuscoko San Antonio Abad Unibertsitate Nazionaleko (UNSAAC) ohorezko irakaslea da, unibertsitate horrek ematen duen sari gorena izanik. Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen eta Donostiako Lege Soziologiako Laborategiaren fundatzailea da, eta, besteak beste, zuzenbidearen soziologiari, neoliberalismoari eta globalizazioari buruzko lan ugari ditu argitaratuta.
Argazkia: UAC