Partekatu autoa, aurreztu dirua eta iritsi zuzenean campusera
EHUk hiru campusetara zabaldu du KAROS auto partekatuaren zerbitzua: dagoeneko 570 erabiltzaile ditu eta 6,3 tona CO₂ isuri aurreztea lortu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/15
Bere hiru campusetara zabaldu du KAROS auto partekatuaren zerbitzua Euskal Herriko Unibertsitateak. Aplikazio horrek ibilbide eta ordutegi bateragarriak dituzten pertsonak automatikoki konektatzen ditu, campuserako joan-etorriak errazteko. Proiektu pilotua 2026ko otsailean jarri zuten abian Araban, eta urrian Bizkaira eta Gipuzkoara zabaldu da.
Martxan jarri zenetik, zerbitzuak erregistratutako 570 pertsona izan ditu, eta 921 bidaia partekatu egin dira. Bidaia horiei esker, erabiltzaileek 17.400 euro aurreztu dituzte, eta unibertsitaterako joan-etorrien ingurumen inpaktua murrizten lagundu dute.
“Araban egindako proiektu pilotuaren datuek agerian uzten dute ekimen hau erabilgarria dela unibertsitate komunitateko kideen joan-etorrietarako. Bidaia bakoitzaren batez besteko distantzia 57 kilometrokoa da, eta horrek agerian uzten du hiriarteko joan-etorriak errazteko duen potentziala. Gainera, ibilgailuaren erabilera partekatuari esker, emisioak 6,3 tona CO2murriztu dira”, adierazi du Elisa Sainz de Murieta Zugadik, EHUko Garapen Jasangarriko eta Gizarte Konpromisoko zuzendariak, ekimenaren balorazio positiboa eginez.
Ekimenaren helburua unibertsitateko kolektibo guztien eguneroko joan-etorrietarako mugikortasun baldintzak hobetzea eta isuriak murriztea da, aparkalekuen gaineko presioa arintzearekin batera. Zerbitzuaren erabilera sustatzeko, unibertsitateak bidaien kostuaren zati bat finantzatzen du, eta bidaiari gisa doazen pertsonei lehen hiru bidaiak doan eskaintzen dizkie, EHUra iristeko joan-etorriak merkatuz.
“Proiektuak lurraldeko hainbat puntutatik hiru campusetara egunero joaten direnen beharrei erantzuten die. Unibertsitateak garraio publikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duen arren, autoa partekatzeak aukera ematen du garraio publikoaren alternatibarik ez duten edo ibilgailu pribatua erabili behar duten pertsonen joan-etorriak optimizatzeko, eta, horrela, mugikortasun eraginkorrago eta jasangarriagorantz aurrera egiteko”, azaldu du Sainz de Murietak.
Hiru campusetara zabalduta, hurrengo helburua erabiltzaile komunitatea handitzea da, ikasleen, IRIen eta teknikarien, kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen (TEKAZEL) artean, eta erregistro berri horiek ohiko partekatutako bidaia bihurtzea.
Nola funtzionatzen du KAROSek?
Aplikazioak automatikoki lotzen ditu erabiltzaileak, haien ibilbideak eta ordutegiak kontuan hartuta. Horretarako, nahikoa da KAROS deskargatzea, unibertsitateko helbide elektronikoarekin erregistratzea eta ohiko ibilbidearen datuak sartzea (bizilekua, helmugako campusa eta ordutegiak barne). Hortik aurrera, aplikazioak kointzidentziak proposatzen ditu, eta bidaia eskaerak bidaltzeko edo onartzeko aukera ematen du.
Pertsona bakoitzak erabakitzen du bere ibilgailua gidari gisa partekatu nahi duen, ala bidaiari gisa joan nahi duen. Gainera,, norekin, noiz eta zenbateko maiztasunez bidaiatu nahi duen aukera dezake. Gainera, aplikazioak emakumeen arteko bidaiak soilik egiteko aukera ere eskaintzen du. Plangintza, komunikazioa eta ordainketen kudeaketa plataformaren beraren bidez egiten dira.
Bidaia bakoitzean aurreztea
KAROSi esker, bai gidariek bai bidaiariek aurreztu dezakete. Adibidez, 15 kilometrora arteko bidaia batean, gidariak 1,80 eurotik aurrerako konpentsazioa jasotzen du; aldiz, bidaiariarentzat, prezioa 0,30 eurotik aurrerakoa izaten da.. Zenbatekoak ibilbidearen baldintzen araberakoak dira.
Ordainketak aplikazioaren bidez automatikoki kudeatzen dira. Gidarien konpentsazioak diru zorro birtualean metatzen dira, eta hilabete bakoitzeko 15ean transferitzen dira haien banku kontura. Bestalde, bidaiariek lehen hiru joan-etorriak doan egiteko aukera dute, KAROSen eta EHUren arteko akordioari esker.
Aurrezki ekonomikoaz gain, autoa partekatzeak aukera ematen du campusera garraio aldaketarik egin beharrik gabe iristeko, CO₂ isuriak eta aparkalekuen eskaria murrizteko eta bidaia unibertsitate komunitateko beste pertsona batzuk ezagutzeko aprobetxatzeko.
Aplikazioa iOS eta Android gailuetan deskarga daiteke. Laguntzak eskuratu ahal izateko, unibertsitateko helbide elektronikoarekin erregistratu behar da.
Informazio gehiago eta deskarga hemen: www.karos.es.