Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko ikasleek udaletan praktikak egingo dituzte
Energia efizientziaren inguruko azterketak egingo dituzte aurten Udalbiltzaren eskutik
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/03/17
Udalbiltzak indarrean jarritako Ikerbiltza programaren bidez Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleek udaletan praktikak egin ahal izango dituzte aurten. UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) koordinatzaile Jose Ignacio San Martin Diezek eta Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek akordio horren berri eman dute gaur.
Hauek azaldu dute aipatutako ikastegiko ikasleek Udalbiltzako kide diren lau udaletan energia efizientziaren inguruan azterketak egingo dituztela. Udalbiltzak lotura lanak egin ditu UPV/EHUren eta udalen artean eta horren ondorioz lau udalek prestutasuna agertu dute egun Euskal Herriko Unibertsitatean sortzen den jakintza hori modu praktikoan aplikatzeko euren udalerrietan.
Hau honela, 6 proiektu bultzatuko dituzte UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar)ikasleek lau udalotan. Atxondon (Bizkaia) bertako eskolaren efizientzia energetikoaren inguruko azterketa egingo dute ikasleek, indarguneak eta ahulguneak aztertuz eta efizientzia hobetzeko aukeren proposamenak eginez.
Hernanin (Gipuzkoa), berriz, bi proiektu bultzatuko dira. Alde batetik, herrian biomasa sistema ezberdinak martxan jarri eta hauek bertako ezpalarekin hornitu ahal izateko beharrezko azpiegituraren inguruko azterketa burutuko dute eta bestetik, udal eraikin publikoen azterketa termografikoa burutuko da, hauek galtzen duten beroaren inguruko dokumentazio grafikoa biltzea helburu izanik.
Aramaion (Araba) udalaren baso sail publikoan dagoen egur baliabideen azterketa osatuko dute ikasleek eta bertatik lor litekeen energia kopurua kalkulatu beharko dute.
Azkenik, Orexan (Gipuzkoa) beste bi proiektu bultzatzea aurreikusi dute. Herriko gazta kooperatibaren efizientzia energetikoaren azterketa egingo dute, energia kontsumoaren galera nagusiak identifikatuz eta hauek murrizteko proposamenak eginez. Eta bestetik, herriko zentral hidroelektriko zaharra berriztatu eta martxan jarri ahal izateko aukerak aztertuko dira. Aldeko aukeren zein kontrako aukeren aurrean, hori aurrera eramateko proposamenak luzatuko beharko dizkiote ikasleek udalari. Orotara, praktuika hauetan 6 ikaslek parte hartuko dute.
UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) koordinatzaile den Jose Ignacio San Martin Diazek berriz azpimarratu du, Udalbiltzak Ikerbiltza programaren esparruan emandako aukera eskertzen duela. "Kolaborazio akordio horrek, egun Eibarko Atalean irakasten den Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua ikasten ari diren ikasleei, Gradu Amaierako Lanaren proposamenak errealitatean gauzatzea ahalbidetuko die. Zentzu horretan, ikasleek efizientzia energetikoa eta jasangarritasun garapenarekin erlazionatutako teknologia sailean jasotako ezagutza teorikoak praktikan jarri ahal izango dituzte. Hortaz, Euskal Herriko hainbat udalerritan, efizientzia energetikoaren erabilera eta aurrezte neurriak, eta Energia Berriztagarrietako teknologiak ezartzeko proposamenak aztertuko direla azpimarratu behar dugu".
Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek azaldu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin abiatutako elkarlan honek emaitza onak besterik ez dituela emango. "Ikasleak unibertsitatean jasotzen ari diren jakintza osatu ahal izango dute udaletan, unibertsitateak bideak zabalduko dizkie ikasleei formakuntza horretan eta jakintza eta formakuntza horiek gure herrietan energia burujabetzaren inguruan urratsak diren neurrian denok irabaziko dugu". Intxauspek gaineratu du Udalbiltzaren asmoa dela Ikerbiltza programa sendotzea eta mota honetako hitzarmenak gehitzea aurrerantzean, beste hainbat alor jorratzeko ere.
Argazkia: UPV/EHU