4G estaldura-eremu bera partekatzen duten erabiltzaileei ematen zaizkien multimedia-edukien formatua egokitu ahal izateko metodo berriak definitu ditu UPV/EHUko Networking, Quality and Security (NQaS) ikerketa-taldeak. Horretarako, EAEko hainbat udalerritan operadoreek hedatu dituzten 4G sareek erabiltzen dituzten kanalen kalitatea neurtu eta haren ezaugarriak definitu dituzte, hainbat erabilera-testuingurutan (mugimenduan, zenbait egoeratan, zenbait distantziatan) eta zerbitzuetarako hainbat sarbide erabiliz (tableta, smartphonea, ordenagailu eramangarria...).
Telefono adimendunetatik sareen kudeaketa adimendunera
Sare mugikor bidezko zerbitzuen kudeaketa aurreratua ikertzen ari da UPV/EHU, sare mugikorren eta zerbitzu mugikorren kudeaketaren arteko koordinazio hobea lortzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/06/22
Banda zabaleko sare mugikorren bidezko Interneteko sarbideak ugaritu egin dira asko, eta horrek zenbait erronka eragiten ditu zerbitzu-horniduran, hala nola edukiak erabiltzailearen testuinguruaren arabera egokitu ahal izatea. Irrati-baliabideak mugikor-erabiltzaile bakoitzari ematen dizkion kalitate-mailen arabera edukiak egokitu ahal izatea da 4G sareen bidez zerbitzuak hornitzearen faktore garrantzitsuenetako bat, baina kalitatea oso aldakorra da eta transmisio-kondizioen mendekoa erabat.
Gaur egun, Interneteko zerbitzu-hornitzaile gehienek kudeaketa-algoritmoak dauzkate, banako kalitate-aldaketen arabera erreakzionatzeko eta une bakoitzean lor daitekeen zerbitzu-kalitate onena emateko. Nolanahi ere, 4G sareetako irrati-baliabideak partekatu egiten dira mugikor-erabiltzaile guztien artean, eta, horrenbestez, banakako kudeaketa egiteak egoera ezegonkorrak eragiten ditu, eta lortutako kalitatean etengabeko aldaketak.
Sare mugikor bidezko zerbitzuak kudeatzeko algoritmo berriak definitzen ari dira UPV/EHUko Networking, Quality and Security (NQaS) taldeko ikertzaileak, sare mugikorren kudeaketaren eta zerbitzu mugikorren arteko koordinazio handiagoa eta hobea eragiteko. Testuinguru horretan, José Oscar Fajardo ikertzaileak 4G eta 5G sareetan edukien formatuak pertsonalizatzeko algoritmo berriak definitu ditu, bere doktore-tesian.
Neurketa esperimentalen kanpaina baten bidez, EAEko hainbat udalerritan operadoreek gaur egun hedatuta dauzkaten 4G sareen kalitatea aztertu du, tesian. Hala bildutako datuak aztertuz, lortu dute ohiko kalitate-patroien ezaugarriak zehaztea, hainbat mugikortasun-egoeratan (autoan, autobusean, etxean...) eta hainbat erabileratan, eta ezaugarri horiek erabili dituzte mugikor-zerbitzuak kudeatzeko algoritmo-proposamen batzuk ebaluatzeko. Hala, "lortu genuen modelizatzea nola aldatzen den benetan kanalaren kalitate-adierazlea, erabiltzailearen mailan, denboraren arabera, zenbait denbora-eskalatan, eta zenbait erabileratan, zenbait mugikortasun-egoeratan eta zerbitzuetako sarbideen arabera", dio ikertzaileak.
Formatuak era pertsonalizatuan egokitzeko bidean
Fajardok adierazi duenez, kalitatearen karakterizazio hori "oinarri-estazioen elementu adimendunetan" aplikatu dute, "une bakoitzeko erabiltzaile guztien artean irrati-baliabideak banatu ahal izateko, eta gerta daitekeenari aurrea hartzeko, adibidez, erabiltzaile bati gehiegizko hornidura emateagatiko erroreak saihesteko"; halaber, zerbitzu-hedapenean aplikatu dute kalitatearen karakterizazioa, 4G estaldura-eremu bera partekatzen duten erabiltzaile-multzoari ematen zaizkion multimedia-edukien formatua dinamikoki egokitu ahal izateko.
Tesian lortutako emaitzekin batera, ikertzaileak nabarmendu duenez, "orain zerbitzu-hornitzaileek tresna berri bat daukate, ulertzen lagunduko diena zer ari den gertatzen 4G sareetako beheko mailatan, eta, hala, beren zerbitzuak egokitu ditzaten mundu errealean gertatzen denaren arabera, era proaktibo batean".
Kudeaketa aurreratuko algoritmo-mota hori ezartzeak hainbat onura ekartzen dizkie bai mugikor-erabiltzaileei bai sare-hornitzaile eta mugikor-zerbitzuei. Hala ere, egungo 4G hedapenetan erabiltzen diren teknologiek eragotzi egiten dute sareen eta zerbitzuen artean izan behar den interakzio-maila. 4G sareen bilakaeraren arabera, hornidura-inguruneak hodeian izatera helduko dira, eta horrek aukera handiak zabaltzen ditu zerbitzu mugikorren pertsonalizazioan. Sare mugikorren etorkizuneko belaunaldia, 5G, definizio-fasean dago, 2020 inguruan lehenbiziko hedapen komertzialak egingo baitira; horri esker, bai sare mugikorraren konexio-puntuak bai zerbitzuak berak hodeian exekutatuko dira, eta haien kudeaketa koordinatua egin ahal izango da.
UPV/EHUko ikertzaileak SESAME proiektuan ari dira lanean orain (Small cEllS coordinAtion for Multi-tenancy and Edge services); hain zuzen ere, 5G sareak definitzeko Europako Batzordeak finantzatutako hemezortzi proiektuetako batean. Nazioarteko zenbait bazkiderekin batera, lanean ari dira garatutako algoritmoak hedapen-mekanismoetan eta 5G sareen kudeaketa-mekanismoetan sartzeko.
Informazio osagarria
José Oscar Fajardo (Gasteiz, 1979) telekomunikazio-ingeniaria da. Doktoretza-tesia, zeinak Analysis of channel quality reporting mechanisms and their impact into 4G and beyond technologie izenburua baitu, Fidel Liberalek zuzendu du, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Komunikazioen Ingeniaritza Sailean. Gaur egun, Fajardo H2020 SESAME proiektuan dabil ikertzaile gisa.