euskaraespañol

Redes sociales campusa

Sexu-erasoak egiteko aukeratutako hiri-eremu publikoak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/03

Hirigune publikoak diseinatzea da gakoetako bat

Nerea Martín Fernández UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko ikertzaileak sexu-erasoak izan ohi diren gertalekuen ezaugarriak aztertu ditu, bai eta erasotzailearen jokabidean eragin dezaketen alderdiak ere, egoerari eta inguruari lotuta. Ikerketa honetan lortutako emaitzekin diseinu-jarraibide batzuk ezarri nahi ditu ikertzaileak hirigune publikoak seguruagoak izan daitezen.

Gizartean alarma gehien sortzen duten delituetako bat da sexu-erasoa, eta bereziki larritzat jotzen da biktimari eragiten dizkion ondorio fisiko nahiz psikikoengatik; eremu publikoa erabiltzeko beldurra eta askatasun-falta ere izaten dituzte emakumeek. Lan honen helburua izan da, Martinek azaldu bezala, "sexu-erasoaren jokabidean inguruneko faktoreek duten eragina sakonago ezagutzea. Horretarako, delitu hori dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Probintzia Auzitegietan bildutako kondena-epai irmoak aztertu ditut, egoerari eta inguruari lotutako alderdiei erreparatuz, hala nola erasotzaileen erabakietan eragina izan dezaketenak, erasotzaileen mugimendu-portaerak eta delituaren gertalekuaren ezaugarriak, leku publikoetan gertatu direnean".

Zenbait faktorek erasorako aukera errazten dute, eta haietaz baliatu ohi dira erasotzaileak. Inhibitzaileak izan daitezkeen faktoreak, berriz, ez dira beti egoten. "Alkohola eta drogak kontsumitzeak erasotzaileek izan ohi duten permisibitate-uste okerra handitu lezake batzuetan, eta horrek desinhibitzera eraman dezake", dio Martínek. Festa handietan, hala nola Sanferminetan, aukera gehiago dituzte biktimengana iristeko, eta biktimak ezagutzen ez dituzten lekuetan daude askotan, beren segurtasun-espazioetatik urrun". Horregatik, ingurunearen prebentzioa, edo leku publikoen diseinua, funtsezko faktorea da horrelako jokabideei aurre hartzeko.

Erasoa errazten duten gertalekuak

EAEko leku publikoak aztertu ondoren, bi leku-mota identifikatu ditu ikertzaileak: alde batetik, ingurumen-kalitate handikoak eta landare ugarikoak —horiek izan dira erabilienak eraso egiteko—, eta, bestetik, ingurumen-kalitate txikiko eta landare gutxiko lekuak. "Deigarria da landaredia duten gune batzuk, egunez jendeak lasaitzeko eta gozatzeko erabiltzen dituenak, hau da, jendea erabiltzera eta gozatzera eramaten dituztenak, bidezko jarduerak egitera eta oinezkoak ibiltzera, besteak beste, gauez nola bihurtzen diren delitu jakin batzuk egitea errazten duten gune. Gune horien ezaugarrietako bat da ikusgaitzak direla, bai kaletik (gertalekuaren ondoko kaleetatik), bai eraikinetatik. Landarediak eragiten du hori askotan; izan ere, oso zuhaitz handiak badaude, behar bezala zainduta ez daudenak, ezinezkoa da ondoko eraikinetatik gertalekua ikustea. Gauza bera gertatzen da gehiegi luzatzen utzi diren heskai edo zuhaixkekin, espazioak banatzeko erabili ohi direnekin, ondoko kaleetatik ikustea zaildu egiten baitute. Horien guztien eraginez, zailagoa da inguruko jendeak, edozein hiritarrek, gerta daitezkeen erasoei erreparatzea eta horiek zapuztu ahal izatea. Hori gutxi balitz, gainera, erasotzailea gune horiez balia daiteke erasoa egin baino lehen ezkutatzeko" adierazi du Martínek.

Horrelako jokabideei aurre hartzeari eta emakumeen hiriko bizi-kalitatea hobetuko duten proposamenak aurrera eramateari dagokionez, Martínen ustez, berdegune deritzen eremuetan "garrantzitsua da argiztapena eta parkeen, zuhaitzen, zuhaixken eta abarren mantentze-lanak zaintzea. Eraikinez, lurpeko pasabideez eta halakoez ari garenean, berriz, saihestu egin beharko litzateke ikusgaitzak diren guneak diseinatzea, kontrol informala egitea zailtzen baitute". "Berariaz aztertu behar da zer diseinu- edo birdiseinu-neurri har daitezkeen hirietako guneek eurek horrelako erasoak egiteko sortzen dituzten aukerak murrizteko", gaineratu du.

Ikertzaileak azaldu duenez, "lortutako emaitzetatik zenbait ikerketa-lerro sortu dira, eta lerro horietan aurrera egin ahala, hiri-segurtasuna handituz joango da, gune publikoak diseinatuz eta kudeatuz, baita horrelako delituak aztertuz ere". Hori dela eta, "gure oraingo helburua da —dio— ikerketa nazio osora zabaltzea, ikusteko EAEn lortutako datuek bat egiten ote duten beste leku batzuetakoekin, eta orduan ekin diseinu- edo birdiseinu-estrategiak proposatzeari, hirigune publikoak ziurragoak izan daitezen eta emakumeak askatasun osoz mugitu ahal izan daitezen hirietatik".

Informazio osagarria

Nerea Martín Fernández Psikologian doktorea eta Kriminologian lizentziatua da, eta berriki bukatu du bere doktorego-tesia UPV/EHUko Psikologia fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia sailean. Hau da bere lanaren izenburua: Análisis del delito de agresión sexual desde una perspectiva ambiental: patrones espacio-temporales, conductas de movilidad del infractor y características del escenario del crimen ubicados en espacio público urbano (Sexu-erasoaren delituaren analisia ingurunearen ikuspuntutik: eredu espazio-tenporalak, erasotzailearen mugikortasun-jokabideak, eta hirietako gune publikoetan izandako krimenen gertalekuen ezaugarriak) César San Juan Guillén eta Laura Vozmediano Sanz doktoreak izan ditu zuzendari, biak ala biak Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia sailekoak.