Legeak betetzeko erantzukizuna eta enpresatik kanpoko erakundeen aitorpena Enpresen Gizarte Erantzukizunaren (EGE) alorrean dira laneko segurtasuna eta osasunaren kudeaketa genero ikuspegitik sustatzeko bultzatzaile nagusiak, UPV/EHUko ikerketa honen arabera.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Genero ikuspegia Laneko Segurtasuna eta Osasunaren kudeaketan
UPV/EHUko ikerketa batek lehendabizikoz batzen ditu Enpresen Gizarte Erantzukizunaren, genero-berdintasunaren eta laneko segurtasuna eta osasunaren kontzeptuak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/28
Ikerketaren helburua da aztertzea gaur egun zenbateraino kontuan hartzen den genero ikuspegia laneko segurtasuna eta osasunaren kudeaketan. Halaber, kudeaketa horretarako ikuspegi berritzaile bat proposatzen dute ikertzaileek. Berdintasun Ministerioak (Emakumearen Institutuak) babesten duen proiektu baten baitan kokatzen da ikerketa eta UPV/EHUko Eva Velasco Balmaseda irakaslea da proiektu horren burua. "Esplorazio-ikerketa berritzaile bat da. Izan ere, lehenengo aldia da Espainiako estatuan zein nazioartean maila honetako azterketa enpiriko bat egiten dena. Lehendabizikoz hiru kontzeptu hauek batzen dira: EGE kontzeptua, genero-berdintasunaren kontzeptua eta laneko segurtasuna eta osasunaren kontzeptua" gehitu du Izaskun Larrieta Rubín de Celis, UPV/EHUko ikertzaileak.
Laneko segurtasuna eta osasunaren kudeaketa lan-arriskuen prebentzioaren, diskriminazioaren aurkako eta sexu- eta lan-jazarpenen aurkako legeetan eta abar oinarritu da batik bat. Hala ere, Larrietak uste du enpresak Enpresen Gizarte Erantzukizunaren (EGE) —gizartean nolabaiteko eragina sortzen duten ekimenak eta enpresaren onura ekonomikoa baino haratago doazenak— ahalmena aprobetxatu lezakeela laneko segurtasuna eta osasunaren alorreko neurriak sakonago garatzeko. Hala, "EGE ekimenetatik sortutako laneko segurtasun eta osasun alorreko ekintzek enpresa sendotzen laguntzen dute; enpresaren jarraitutasuna bermatzen dute eta enpresaren irudian, talentua eusteko eta erakartzeko garaian eta enpresaren ekoizpen eta emaitza ekonomikoetan eragina dute" gehitu du.
"Genero ikuspegia bere baitan hartzen duen laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketa egoki batek emakumeen behar espezifikoak islatu behar ditu" azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak. Horretarako, enpresa-literaturak zazpi neurri eskaintzen ditu EGEan behar espezifiko horiek bete nahi dituzten enpresentzat: gaixotasun eta istripu tipologi ezberdinak generoaren arabera sailkatu eta aztertu; emakumeen estres-faktoreak kontrolatu; Prebentzio Batzordea parekidea izatea sustatu; lanpostu edo prozesu batetako lan-baldintzak aldatu edo berraztertu emakumeak lan hori egin dezan errazteko; genero alderdiak txertatu prebentzio eta laneko segurtasunaren eta osasunaren formakuntzan; lanean sexu-jazarpen egoerak prebenitzeko, deusezteko eta zigortzeko neurriak txertatu; eta etxean genero-indarkeria jasaten duten langileentzat laguntza-neurriak eskaini.
Araudia eta enpresaz kanpoko aitorpenak
Genero-berdintasunarekin maila ezberdinetan konprometitutako Espainiako 117 enpresatan burutu dute azterketa, proposatutako zazpi neurri horiek zein neurritan txertatuta dituzten neurtzeko asmoz.
Emaitzek adierazi dute laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketara bideratutako genero ikuspegia duten EGEaren ekimenak neurrian txertatzen dituztela enpresek. "Ekimen aipagarrienak sexu-diskriminazioaren prebentzioa, zigortzea eta saihestea, laneko jazarpena eta genero-indarkeria alorretara zuzenduak dira" dio Larrietak. Hortaz, "legeak betetzeko erantzukizuna eta EGEaren alorreko enpresaz kanpoko aitorpenak dira laneko segurtasuna eta osasunaren kudeaketa genero ikuspegitik sustatzeko bultzatzaile nagusiak" gaineratu du. Horrenbestez, EGEaren ahalmena aprobetxatzea laneko segurtasuna eta osasunaren kudeaketarako erreminta aproposa izan daitekeen fase batean aurkitzen gara" adierazi du Larrietak. "Hiru erpinetako (EGE, generoa eta laneko segurtasuna eta osasuna) eredua osatzen joango dela eta enpresetan erabilgarriagoa izango dela uste dugu, neurri berriak txertatzerako orduan eta egun neurrian txertatutakoak baino sendoago txertatuko direla" ondorioztatu du.
Safety Scienceko artikulu hori Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioak (Emakumearen Institutua) finantzatutako 175/09 ikerketa-proiektuaren emaitzetako bat da.
Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU.
Erreferentzia bibliografikoa
- Women’s occupational health and safety management: An issue for corporate social responsibility
- Safety Science (2017)
- DOI: 10.1016/j.ssci.2016.07.019