Aurelio Mateo-Alonso ikertzaileak ERC 'Consolidator Grant' beka bat lortu du.
2 milioi euroko diru-kopurua tarteko, ikerketari zuzendutako Europa mailako laguntzarik garrantzietsuenetakoa da
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/11/28
Aurelio Mateo-Alonsok, UPV/EHUri atxikitutako Ikerbasqueko Ikerketa Irakasleak, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) "Consolidator Grant" beka ospetsua jaso du, 2 milioi euroko finantzaketaz, datozen 5 urteotan e-Sequence proiektua gara dezan.
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko siglen arabera) prestigiozko proiektuak eta ikertzaileak finantzatzen ditu, arrisku handiko ikerketa berritzaileak gara ditzaten. Urtero milaka eskari jasotzen ditu, eta bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazio baten ondoren, % 10-15 inguruko arrakasta-tasak izan ohi ditu. Europako Ikerketa Kontseiluak babestutako ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan.
Grafeno-nanozintak prestatzeko metodologia berri bat garatzea da e-Sequence proiektuaren helburu nagusia. Neurri nanometrikoko zerrenda itxurako egitura hauek grafeno-xaflak ebakiz lortzen dira, beste hainbat metodoren artean.
e-Sequenceren eragina grafeno-nanozinten sintesitik harantzagokoa da, izan ere, nanoegitura hauek oso baliagarriak izan daitezke elektronikan, fotonikan eta energiaren konbertsioan eta biltegiratzean aplikatzeko moduko teknologia berriak garatzeko.
e-Sequence ikerketa-proiektua Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako POLYMAT ikerketa-zentroan garatuko da, BERC (Basque Excellence Research Centres) sarearen barruan .
Aurelio Mateo-Alonso UPV/EHUri atxikitutako Ikerbasqueko Ikerketa Irakaslea da eta POLYMATeko Material Molekularren eta Supramolekularren taldea zuzentzen du. Ikerketa arloan, ibilbide luze eta emankorra egina du: Kimika Organikoko Lizentziaduna eta Graduduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Kimikako Doktorea Londresko Unibertsitateko Queen Mary College delakoan (Erresuma Batua). Aurretiaz, doktore ondoko ikertzailetzat lan egin du Triesteko Unibertsitatean (Italia) eta Friburgoko Unibertsitateko (Alemania) taldeko buru ere izan da.
Ikerketa arloan egin duen lanaren eskerronez, hainbat sari jaso ditu Estatuan zein nazioartean, hala nola: Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (2007), Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (2009); Espainiako Kimikako Errege-Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (2011) eta Estatu Batuetako Elektrokimika Elkarteko Nanokarburoen Ataleko Ikertzaile Gazteen Saria (2012).