euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Partekatu autoa unibertsitatera joateko

EHUren Arabako Campusak programa pilotu bat jarri du abian, ibilgailu pribatuaren erabilera arrazionalagoa eta iraunkorragoa sustatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/12

Ezkerretik eskuinera, Uxue Fernandez, Elisa Sainz de Murieta, Ixone Fernandez de Labastida eta Inés Ylla | Argazkia: Nuria González. EHU.

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako Campusak unibertsitate komunitate osoari irekitako ekimen bat jarri du abian, ibilgailu partikularrak partekatzeko eta campusera modu zuzenagoan, merkeagoan eta jasangarriagoan iritsi ahal izateko. Zerbitzu berria aurkezteko prentsaurrekoan Ixone Fernandez de Labastida Medina Arabako Campuseko errektoreordea, Elisa Sainz de Murieta Zugadi EHUko Garapen Jasangarri eta Konpromiso Sozialerako zuzendaria eta Inés Ylla Gelabert Karos Proiektuaren Espainiako burua izan dira. “EHUren lehentasuna garraio publikoaren erabilera eta mugikortasun aktiboa sustatzea bada ere, partekatutako garraioaren erabilera sustatzen duen ekimen honek benetan erantzuten die gure erkidegoko atal handi baten beharrei, Euskal Autonomia Erkidegoko puntu askotatik egunero bertaratzen dena", adierazi du errektoreordeak.

Aplikazio informatiko baten bidez, Arabako Campuseko ikastegietara joan-etorriak ibilgailu pribatuan egin ohi dituzten eta partekatzeko interesa duten pertsonen arteko elkarretaratzea erraztean datza zerbitzua, joan-etorriak optimizatuz eta ingurumen inpaktua murriztuz.

Abian jarri da jada sei hilabetetan luzatuko den programa pilotua, ibilgailu pribatuaren erabilera arrazionalagoa eta jasangarriagoa sustatzea helburu harturik. Ekimen honen bidez, EHUk inbertsio aktiboa egin nahi du ikasleei, irakasleei eta teknikarien eta kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetako langileei (TEKAZEL) Arabako Campusera iristeko zerbitzu bat eskaintzearren. "EHUk mugikortasun plan bat egingo du hiru campusetarako, mugikortasunari modu integralean heltzeko, baina beharrezkoak dira era honetako ekimenak, gure komunitateko eta inguruko bizimodua hobetzen dutelako", gaineratu du Ixone Fernandez de Labastidak.

Zer da Karos?

Karos aplikazio sinple eta adimentsua da, erabiltzaileak automatikoki lotzen dituena, zein bere ibilbidearen eta ordutegiaren arabera:

  • Aukera dezakezu gidari edo bidaiari gisa bidaiatu nahi duzun.
  • Aukera dezakezu autoa norekin partekatu.
  • Bidaiak aldez aurretik planifika ditzakezu.
  • Dena app-tik kudeatzen da: Plangintza, komunikazioa eta konpentsazio ekonomikoa.

Horretarako, Karos app-a deskargatu behar da, EHUren posta elektronikoarekin erregistratu eta datuak osatu, etxeko helbidea, unibertsitatearen helbidea eta ohiko ordutegia adierazi. Ondoren, bidaia proposamenak jasoko dira, eta bidaia-eskaerak bidali edo onartu ahal izango dira.

Aplikazioa konpromisorik gabe proba daiteke, kointzidentziak ikusi eta nahi denean erabiltzen hasi.

Ordainketa guztiak automatikoki kudeatzen dira aplikazioaren bidez. Gidariek konpentsazio ekonomiko bat jasotzen dute bidelagun bakoitzeko, app-aren diru-zorroan pilatzen zaiena. Iragandako hilaren 15ean bidaliko zaie pilatutako zenbatekoa zein bere banku kontura.  Bidaiariek doako lehenengo 3 bidaiak izango dituzte, Karos eta Arabako Campusaren arteko hitzarmenari esker. "Proiektu pilotu honek otsailaren 9tik abuztuaren 9ra arte iraungo du, eta, aplikazioaren erabilera sustatzeko, EHUk kofinantzatuko du kilometrajearen ordainketa ", azpimarratu du errektoreordeak.

Zergatik erabili Karos Arabako Campusean?

Karosi esker, eraginkorragoak, merkeagoak eta atseginagoak izango dira joan-etorriak:

  • Aurreztu eguneroko joan-etorrietan.
  • Aurreztu denbora unibertsitatera zuzenean iritsita, garraio aldaketa bakar bat ere gabe.
  • Murriztu egiten ditu CO₂-ren isuriak eta arindu aparkatzeko presioa.
  • Jende berria ezagutu unibertsitaterako bidean.
  • Estresik gabeko bidaia.
  • Erabateko malgutasuna: aukeran dago norekin, noiz eta zein maiztasunez bidaiatu.
  • Aplikazio adimenduna, lehentasunak, txata eta parekatze automatikoak dituena.

Zerbitzuari buruzko informazio gehiago webgunean.