euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Lehen genozidioa streamingean

EHUgunek giza eskubideetan eta lankidetzan adituak bildu zituen “Palestina. Genozidio eta militarismoari planto” jardunaldian. Ekitaldi hauetan ohikoa ez den informazioa eta emozioa uztartu ziren topaketan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/09

Rakel Martí UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboa, Raji Sourani abokatu palestinarra eta giza eskubideen defendatzailea eta Noé Cornagok, EHUko nazioarteko harremanetako irakaslea. | Argazkia: Fernando Gómez. EHU

«Lehen aldiz, genozidio bat zuzenean eman dute». Esaldi horrekin laburbildu zuen Raji Sourani abokatu palestinar eta giza eskubideen defendatzaileak Gazako egoeraren gordintasuna EHUgune zikloak antolatutako ‘Palestina.Genozidio eta militarismoari planto’ jardunaldian. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ehun bat parte hartzaileren aurrean, gatazketan eta giza eskubideetan ibilbide eta aitortza handia duten eta Israel Gazaren aurka burutzen ari den genozidioa oso gertutik bizitzen ari diren ahots akademiko eta adituek Israelen inpunitatea, pasibotasun globala eta, Souraniren arabera, "17 urte mamuen eta hildakoen leku bihurtuta" daramatzan lurralde horren suntsipena salatu zituzten.

Saioa EHUko errektoreak, Joxerramon Bengoetxeak eta EHUguneko zuzendariak, Igor Ahedok, inauguratu zuten eta unibertsitateak Palestinako herriarekiko eta giza eskubideekiko duen konpromisoa azpimarratu zituzten. Palestinar zapien eta "Genozidioa Stop" lelodun txapen artean, ehun bat lagun bildu ziren, Gazatik eta nazioarteko lankidetzatik lehen aldiz zuzenean ematen ari diren genozidio hori salatzen ari direnen ahotsak entzuteko.

Izan ere, Rakel Martí UNRWA Espainiako (Ekialde Hurbileko Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentzia) zuzendari exekutiboa tragedia Gazako mugetatik ateratzea posible egiten dutenei omenaldia eginez hasi zen: eraildako 400 argazkilari eta kazetari inguru. Lehen mahai inguruak ia hiru orduko iraupena izan zuen eta, bertan, fotokazetariek Palestinan ateratako irudiak proiektatu zituzten.

Saioaren ardatz nagusia Raji Souraniren esku-hartzea izan zen eta Noé Cornagok, EHUko nazioarteko harremanetako irakasleak, moderatu zuen. Sourani Gazako Zerrendan giza eskubideen defentsan aritzen den abokatua da. Bere ahotsak, lasai baina tinko, zartako batek bezala zeharkatu zuen aretoa. “Urriaren 7a ez zen hasiera izan”, gogorarazi zuen. “Gazak 17 urte zeramatzan blokeo baten mende eta, horren ondorioz, tokia mamuz eta hildakoz betetako hiri bihurtu da. Urriaren 7 hartan, Europa Israelekin lerrokatu zen autodefentsaren izenean. Genozidioa da; Israelek autodefentsarako eskubidea duela esatea kafkiarra da. Hildakoak zenbatzeaz nekatuta gaude. Gazaren % 90 edo gehiago dago ezabatuta. Eta gu zer? Israelen begitara, gu ez gara existitu ere egiten. Nire moduko aktibistak, haientzat, trajedun terroristak gara”.

Souranik salatu zuen Nazioarteko Justizia Gorteak agindutako neurriak ez direla ezarri: “Bi urteko genozidio etengabea, eta Nazioarteko Justizia Gorteak orain arte hartutako neurririk ez da ezarri. Lotsagarria da nazioarteko komunitatearen jarrera ikustea”. Eta, historian lehen aldiz, mundua zuzeneko genozidio bat ikusten ari dela, “streaming bidez”. “Holokaustoaren kasuan, zer gertatzen ari zen inork ez zekiela esan zuten. Gaur, ordea, denek dakite, denek ikusten dute eta denek sentitzen dute. Israelek biktima onak izatea nahi du. Gizatiarra al da biktima ona izatea”, galdetu zuen.

Bestalde, abokatuak sakoneko gaiak saihesten dituzten proposamen politikoen bideragarritasuna ere zalantzan jarri zuen: “Trumpena bezalako plan batek gerraren amaiera, genozidioaren amaiera edo giza eskubideak aipatzen ez baditu, nola espero dezakegu horrek funtzionatzea? Bakeaz hitz egiteko, lehenengo eta behin, okupazio kriminala dagoela onartu beharra dago. Gaza nazioarteko giza zuzenbidearen eta gizakiaren duintasunaren hilerri bihurtzen saiatzen ari dira”.

Eta, diagnostikoa gogorra izan arren, erresistentzia eta itxaropen mezuarekin itxi nahi izan zuen bere hitzaldia: “Ontzidia, jendetza bildu duten manifestazioak... Gobernu batzuk aldatzen ari direla ikusten ari gara. Hormak dagoeneko pitzadura bat du eta handitu egin nahi dugu. Badakigu historiaren alde zuzenean gaudela eta kausa justua dugula. Gure ahalegin partekatuak Palestina askoz indartsuagoa izatea eragingo du, eta gerra, genozidioa eta okupazioarekin amaituko dugu”.

Rakel Martí UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboak egoera humanitarioan sakondu zuen bere hitzaldian: Israelek osasuna gerra arma gisa erabili duela salatu zuen, ospitaleak setiatuz, sendagaiak sartzea eragotziz eta bizirauteko behar diren elikagaien laurdena bakarrik igarotzen utziz. “Gaza, gaur egun, gaixotasun berri eta hilgarriak azaleratzen diren zaborrontzia da”, azaldu zuen Martík.

Horrez gain, Israelek UNRWAri, Zerrendako eragile humanitario nagusiari, gorrotoa bultzatu eta Hamasi lagundu izana leporatuz zilegitasuna kentzeko egindako kanpaina azaldu zuen. Egindako presioen ondorioz, 22 herrialdek finantzaketa eten zuten; eta, haietako bik (Suitzak eta Estatu Batuek) oraindik ez dute itzuli.

Souranik ere UNRWAren garrantzi politikoa azpimarratu zuen: “Ez dugu iheslari soilak izan nahi. UNRWAk aitortu eta defendatu beharreko hezkuntza, osasun eta zerbitzu sarea eratu du”.

Bi hitzartzeak amaitzean txalo zaparrada luze batekin erantzun zuten bertaratutakoek. EHUgunek gonbidatutako abokatu palestinarraren bisita hurrengo egunean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egindako agerraldiarekin osatu zen.

Kongresuak arratsaldera arte jarraitu zuen. Jardunaldiak akademikoak, aktibistak eta profesionalak bildu zituen, Palestinari buruz hausnartzeko, bakea, aktibismoa eta analisi kritikoa oinarri hartuta.  "Bakearen aldeko ekintza" mahaian, Pilar Eirene de Pradak eta Pamela Urrutiak justizia trantsizionala eta genero ikuspegia aztertu zituzten gatazketan; Iñaki Markez psikiatrak indarkeriaren sustraiak aztertu zituen, eta Javier Zulaikak mobilizazio antimilitarista aldarrikatu zuen. Arratsaldean, aldiz, Eneko Gerrikabeitia (Mundubat), Lidon Soriano (RESCOP) eta Ibon Meñikak bertako elkartasun esperientziak partekatu zituzten. Eguna amaitzeko, Teresa Aranguren, Juan Luis Ibarra eta Barbara Ruiz de Balzolarekin "Palestina: La Existencia negada" liburuaren inguruko mahai ingurua egin zuten.

Arangurenek, ibilbide profesional luzeko kazetaria eta Golkoko gerraren eta Balkanetako gatazkaren berri eman zuenak, gogorarazi zuen Palestina zein Mediterraneo osoa gure bizilagunak direla, ez Estatu Batuetakoak, eta aipatu zuen Trumpen bake planak gerraren amaiera eta genozidioaren amaiera ez badu jasotzen ere, goizean Souranik aipatu zuen bezala, behintzat, zerbait eman diezagukeela berriro hasteko.