Sormena eta konpromisoa unibertsitate inklusibo baten alde
"Unibertsitate inklusiboa" kartel lehiaketak ikasleen aniztasunarekiko konpromisoa saritu du
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/12
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) “Unibertsitate Inklusiboa” kartel lehiaketaren VII. edizioko sari banaketa egin zuen atzo, otsailak 11, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Dagoeneko sendotuta dagoen hitzordua da, eta balioa ematen dio ikasleek aniztasunarekin eta aukera-berdintasunarekin duten konpromisoari.
Lehiaketa Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatu du, eta haren helburua da unibertsitate inklusibo bat sustatzea, desgaitasuna duten eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen sarbide- eta partaidetza-berdintasuna bermatuko duena, bai ikasketetan, bai unibertsitate-jarduera guztietan.
Asier Blas IIkasleen eta Konpromiso Sozialerako Errektoreordea izan zen ekitaldiaren burua, eta unibertsitate-eredu irisgarriago, bidezkoago eta aniztasunarekiko konprometituago baterantz aurrera egiten jarraitzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Berak banatu zituen lehiaketako lehen hiru sariak.
Lehenengo saria Zuriñe Eraña Pérez Farmazia Graduko bosgarren mailako ikasleak irabazi zuen, ‘Unibertsitate inklusiboa egokitu eta aurrera doa’ izenburua duen kartelagatik. Irabazleak telematikoki parte hartu zuen atzerrian zegoelako, eta bere proposamenak inklusioa etengabeko hobekuntza-prozesutzat hartzen duela azaldu zuen. Horretarako, unibertsitatea kameleoi bat bezala irudikatu zuen, errealitate eta egoera desberdinetara egokitzeko gai den animalia, ikasle bakoitzaren behar espezifikoei erantzuteko beharra islatuz: "Unibertsitatean benetako inklusioa egon dadin, ikasle bakoitzaren behar espezifikoetara egokitu behar da. Horregatik, unibertsitatea kameleoi bat bezala irudikatu nuen, egoera eta errealitate desberdinetara egokitzeko sinboloa”.
Bigarren saria Urko Artola Zubizarretak jaso zuen, Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleak, ‘Inklusioa eraikiz’ kartelagatik. Bere hitzartzean, kartelaren mezua argia eta zehatza izatea nahi zuela azaldu zuen irabazleak: “Interesgarria egin zitzaidan inklusioa irudikatzea forma ezberdineko blokeen bidez guztion artean eraikitako egitura gisa”. Horrela, bere helburua unibertsitatean inklusioa lortzeko talde lanaren garrantzia azpimarratzea zen, eta hortik dator bere kartelaren leloa: “Inklusioa eraikiz”.
Eta, azkenik, hirugarren saria Anne Martínez Martín Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko ikaslearentzat izan zen, ’Batzen gaituen sarea, indartsu egiten gaituen inklusioa’ izeneko proposamenagatik.
Ekitaldiak lehiaketara aurkeztutako proposamen guztien artean aukeratutako 25 kartelekin egindako erakusketa inauguratzeko ere balio izan zuen, EHUko ikasleen talentuaren, sormenaren eta inklusioarekiko sentikortasunaren islatzen duena.
