Kutxabankek laguntza eman dio EHUri Arabako Campusean unibertsitateko ikasleentzako zaintza integraleko zerbitzu aitzindari bat abiarazteko
Proiektuak 5 arlotan lagunduko die ikasleei eta unibertsitate-komunitatea osoari: pertsonala eta akademikoa, osasun mentala eta desgaitasuna, egoitza eta ostatua, ekonomikoa eta berdintasuna
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/04
Kutxabankek babestu egin du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Arabako Campusean duen 8.000 ikasleko unibertsitate-komunitatea laguntzeko zaintza integraleko zerbitzu aitzindaria abian jartzen.
Zerbitzuak lagundu egingo die komunitateko kideei, arreta berezia jarrita ikasleengan, beren garapen akademikoa baldintzatu dezaketen egoeretan, eta bizitzako bost eremu jorratuko ditu: arlo pertsonala eta akademikoa; osasunekoa, alderdi psikologikoak (osasun mentala) eta behar espezifikoak barne hartzen dituena; egoitzarekin eta ostatuarekin lotutako eremua, arlo ekonomikoa eta berdintasunekoa.
Proiektu honetan, Kutxabankek Arabako Campuseko Errektoreordetzaren eraikinean dituen lokalak (600 m2) lagatzen ditu. Eta, gainera, 50.000 euro jarriko ditu unibertsitate-komunitatearen zaintza integralerako lehen zerbitzua egokitu eta martxan hasteko.
"Proiektua sortu zen erakundeak gure ingurunean duen inplikazioa aztertuz, lurraldeko eragileekin izandako elkarrizketetan beharrak hautemanez, eta gure gizartearen erronkei soluzioak emateko konpromisotik. Eta, zentzu horretan, gazteak funtsezko kolektiboa dira gure etorkizunerako, eta eman egin behar zaizkie garapen pertsonal eta profesionalerako tresnak", azaldu du Fernando López de Eguilaz Kutxabankeko iraunkortasun zuzendariak.
Bestalde, Ixone Fernández de Labastida EHUko Arabako campuseko errektoreordeak nabarmendu duenez, "proiektu hau berritzailea da unibertsitate-komunitatearen zaintzaren arloan, eta pertsonak ikusteko eta artatzeko modu integral bat planteatzen du; eta horrek diziplinarteko lana bultzatuko duen espazio egoki bat eskatzen du". Ildo horretan, nabarmendu duenez, "lurraldeko eragile eta erakundeekiko lankidetzari esker, horrelako proiektuak abiarazten ari gara, unibertsitatearentzat estrategikoak diren pertsonen zaintza integralari buruzkoak, eta horien onurak zuzenean eta zeharka islatuko dira gizartean".
Erreferentzia-zerbitzu bat emateko gaitasunen batura
Proiektuak arreta- eta laguntza-ibilbide bat aurreikusten du, eta bertatik koordinatuko dira unibertsitatearen berezko baliabideak (gizarte-arretako eta laguntza psikologikoko zerbitzua eta hezkuntza-laguntzaren berariazko premiei erantzuteko arreta) eta komunitateko gizarte-babeseko baliabideak (Osakidetza, udaletako eta aldundietako gizarte-zerbitzuen sistema, diru-sarrerak bermatzeko sistema – Lanbide – eta etxebizitza-sistema – Etxebide –).
Lehendik dauden zerbitzu eta programetatik abiatuta, neurriak sustatuko ditu zerbitzu berriak unibertsitateko ikasleen garapena mugatzen duten faktoreen eragina prebenitzeko eta neutralizatzeko. Ildo horretan, diziplinarteko arreta malgu, integral eta kalitatezkoan aurrera egingo da, eta ikasleei erreferentziazko zerbitzu bat eskainiko zaie, beren ikasketak arrakastaz garatzeko laguntza guztiak eta baldintza egokiak bideratuz.
Kutxabank Eragin, bankuaren ikuspegi iraunkorra eta soziala
Kutxabank Eragin-en bidez bideratzen du Kutxabankek bere estrategia eta jarduera jasangarri eta soziala. Arlo horretatik, gizartean eragina duten proiektuak bultzatzen ditu; besteak beste, ingurunearen garapen sozialean, ingurumenaren zaintzan, finantzaketa iraunkorrean, finantza-kulturan eta lurralde hustuetan.