euskaraespañol

Redes sociales campusa

Guillermo Quindós Andrés

Zein da gaur egun baginako kandidiasia arazo mediko hain ohikoa izaten jarraitzeko arrazoia?

Mikrobiologia Medikoko katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/15

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Baginako kandidiasia mundu osoan hedatuen dauden genitaletako gaixotasunetako bat da. Gaixotasuna baginitis edo bulbobaginitis kandidiasiko izenarekin ere ezaguna da, eta, modu arruntean, “kandida izatea” ere esaten zaio. Zenbatetsi da hamar emakumetatik zortzik beren bizitzan zehar gutxienez gertakari akutu bat izango dutela. Kopuru horretatik, erdia berriro gaixotuko da, eta, gutxi gorabehera, hamar emakumetatik batek kandidiasi errepikatua izango du; hala deitzen zaio pazienteak urtean gaixotasunaren lau agerraldi edo gehiago dituenean. Guztira, kalkulatu da 140 milioi emakumek dutela infekzio mota hori.

Zergatik gertatzen dira?

Baginako kandidiasi gehienak ‘Candida albicans’ izeneko onddo mikroskopikoak eragiten ditu. Onddo hori modu naturalean gure mikrobiotan dago, inolako kalterik eragin gabe. Baginan, “Candida” bakterio onuragarriekin batera bizi da, hala nola laktobaziloekin, oreka mikrobianoa mantentzen duen ingurune azido batean. Hala ere, baginako mikrobiota asaldatu egiten denean, adibidez, antibiotikoak hartu ondoren, ‘Candida’ bakterioak infekzioa eragin dezake.

Sintoma ohikoenak honako hauek dira: azkura (pruritoa); erremina; lesio zurixkak baginako mukosan; eta fluxua areagotzea. Kasu larrienetan, gernu egitean (disuria) eta sexu harremanak izatean (dispareunia) mina ager daiteke. Baginako kandidiasia izateko arriskua areagotzen duten beste faktore batzuk dira haurdun egotea, hormona bidezko terapia ordeztaileak, diabetesa, zenbait faktore genetiko eta hainbat bizi ohitura.

Normalean, diagnostikoa sinplea da: aipatutako sintomak identifikatu, baginako laginetan onddoa maila mikroskopikoan behatu eta mikrobiologia laborategian kultiboa egiten da.

Nola sendatzen da kandidiasia?

Badaude farmako antifungikoak erabiltzen dituzten tratamendu eraginkorrak, eragindako eremuan aplikatzekoak (topiko intrabaginala) nahiz ahoz hartzekoak (sistemikoa). Azolak dira modu topikoan gehien erabiltzen direnak, hala nola klotrimazola, micknazola edo nistatina. Ahozko flukonazola ere oso ohikoa da. Hala ere, tratamendua izanda ere, emakume batzuek agerraldi berriak izaten dituzte, edo agerraldiak errepikakor edo ezgaitzaile bihurtzen dira.

Arazo horiek saihesteko, ahozko bi farmako esperantzagarri onartu dira duela gutxi: ibrexafungerpapa eta otesekonazola. Gainera, kandidiasi errepikakorra saihesteko bi txertoren (NDV-3A eta PEV7 -Pevion7-) erabilgarritasuna aztertzen ari dira.

Desberdinkeria eta pobrezia, bi arrisku faktore

Hala ere, infekzio horren iraunkortasunak osasun arlotik harago doazen erronkak dakartza. Faktore sozialek, ekonomikoek eta kulturalek eragina dute arreta ginekologikoan, batez ere hezkuntza maila txikiko, baliabide ekonomiko eskaseko eta genero desberdinkeria handiko eskualdeetan. Afrika, Amerika eta Asiako herrialde askotan baginako kandidiasia ohikoagoa da, pobrezia, eskolaratze baxua, erlijio-ideologia edo politika menderatzaileak eta emakumeak baztertu edo eginkizun sozial mugatua eta mendekoa esleitzen dizkieten egitura sozialak direla medio.

Desberdinkeria bereziki nabarmena da diru-sarrera baxuak dituzten herrialdeetan, bertan pobreziak neurrigabe eragiten baitie emakumeei eta neskatoei. Egoera horrek kalitatezko osasun arretarako sarbidea mugatzen du, baita kontsulta ginekologikoetarako, tratamendu farmakologikoetarako eta higiene intimoko produktuetarako sarbidea ere.

Osasuneko zerbitzu publikoa duten herrialdeetan ere, askotan ez dago genero ikuspegirik, eta ez daude emakumeen premia espezifikoei erantzuteko diseinatuta, edo profesionalek prestakuntza eskasa dute emakumeen osasunaren arloan. Horrek milioika emakumeren hezkuntza, lanbide eta gizarte arloko aukerak mugatzen ditu, eta emakumeen bazterketa iraunarazten du.

Gainera, gaia tabua izateak eragin dezakeen lotsak, informaziorik ezak edo arazo txikia delakoaren usteak askotan eragiten dute emakumeek osasun arretarik ez bilatzea. Are gehiago, zerbitzu ginekologiko espezializatuen eskuragarritasuna eskasa denez, osasun sistema askotan ez dira funtsezkotzat hartzen.

Bestalde, autodiagnostikoak eta proba mikrobiologikoetarako eta tratamendu enpirikoetarako sarbide mugatuak gaixotasuna are gehiago iraunaraztea eragiten du.

Baliabide gutxiko herrialdetara mugatzen ez den erronka medikoa

Besteak beste, Espainiaren egoera askoz hobea da, emakumeek gizartean eginkizun nabarmena eta osasun lanbideetan presentzia handiagoa baitute. Hala ere, emakume askok gure osasun sistemen inguruan duten kexa nagusienetako bat da gaixotasun ginekologikoek jasotzen duten arreta eskasa izaten jarraitzen duela, pazientearen sintoma eta kezkei garrantzia kentzen baitzaie edo baztertzen baitira, ebaluazio egokia egin gabe. Hori osasunean “gas argiarena egitea” o “gaslighting" izenez ezaguna da.

Chailee F. Moss obstetra eta ginekologoak eta bere laguntzaileek National Vulvodyna Associationekin batera egindako inkesta argitaratu dute. Bertan jasotzen denez, gaixotasun ginekologikoak dituzten paziente askok sufrimendua eragiten dieten eta tratamendu medikoa bertan behera uztea dakarten esperientzia negatiboak bizi dituzte.

Ikerlan horretan aurretik batez bestean osasuneko 5,5 profesionalek artatu zituzten 447 emakumek parte hartu zuten. Profesional horietatik, % 43,5 bakarrik hartu zituzten ulerkortzat, eta % 26,6k mespretxua egin ziela adierazi zuten; halaber, % 20,5ak ez zituela pazienteen sintomak sinetsi jakinarazi zuten. Gainera, inkestatuen % 41,6ri “lasaitzeko” gomendatu zioten, eta % 20,6ri edari alkoholikoak edatea ere gomendatu zioten. Inkestatuen % 39,4k adierazi zuen arazo psikiatrikoa zuela sentiarazi ziotela, eta hori izan da aipatutakoen artean estutasun handiena eragiten duen esperientzia.

Posiblea al da inpaktua murriztea?

Erantzuna baiezkoa da: genero ikuspegidun prestakuntza medikoa gakoa da baginako kandidiasia behar adina ez diagnostikatzea edo gutxiestea saihesteko. Halaber, informazio argirako eta sexu heziketa egoki baterako sarbidea ezinbestekoa da gaixotasun hori prebenitzeko eta modu eraginkorrean tratatzeko.

Diagnostikoa hobetu ahalko litzateke ikerketa medikoaren arlotik, metodo diagnostiko irisgarriagoen garapenaren bidez, hala nola etxean egin daitezkeen proba azkarrekin, alferrikako tratamenduak saihestuz eta tratamendu egoki goiztiarra erraztuz. Amaitzeko, eta ikusi dugun moduan, farmako eraginkorragoak bilatzea eta infekzioa prebenitzen duten txertoak garatzea ere badira komunitate zientifikoaren helburu garrantzitsuak.