euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Guillermo Quindós Andrés

‘Candidozyma auris’, klima aldaketatik sortu zen patogeno arriskutsua

Mikrobiologia Medikoko katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/13

Candida auris andui bat laborategi batean Petriren plaka batean landatuta
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Orain gutxi izan dugu bere berri: ‘Candidozyma auris’ (‘Candida auris’ hitzaren sinonimoa) lehen aldiz 2009an deskribatu zuten Japonian, kanpoko otitisa zuen emakume batengan (abizenak, “auris” hitzak, belarrikoa esan nahi du). Baina bizkor bihurtu da osasun publikoaren aurkako mehatxua.

Kezkatzeko arrazoi nagusia da onddo mikroskopiko hori kandidiasiak tratatzeko erabili ohi diren antifungikoekiko erresistentea dela, hauekiko, alegia: flukonazolaanfoterizina B eta, neurri txikiagoan, ekinokandinak. Horrez gain, onddo termotoleratzailea da, lehortzearekiko erresistentea eta iraunkorra giza larruazalean eta ospitale inguruneetan. Horrek pertsonen arteko kontaktuaren bidez kutsatzea ahalbidetzen du.

Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da mikosiek onddo mikroskopikoek eragindako infekzioek, urtero 1,5 milioi pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten dutela (tuberkulosiak edo malariak eragindakoa baino heriotza tasa handiagoa). Gainera, tratamenduekiko erresistenteak diren mikosiak gero eta ohikoagoak dira. Hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lehentasunezko interesa duten onddoen zerrenda argitaratu zuen 2022an. Diagnostikorako eta tratamendurako arreta eta baliabide gehiago behar dituzten onddoak dira.

Honela jarduten du ‘Candidozyma auris’ek

Hesteetako mikrobiotaren parte diren beste ‘Candida’ espezie batzuek ez bezala, ‘Candidozyma auris’ek larruazala kolonizatzen du. Kaltetutako pertsonek onddo kantitate handiak kanporatzen dituzte arropa, lurra eta instrumentu medikoak (fomiteak) kutsatuta. Leku horietan, onddoak inguruneko estresari aurre egiten dio, eta asteak iraun dezake. Errotik desagerrarazteko, garbiketa intentsiboa egin behar da produktu kloratuekin, argi ultramorearekin edo hidrogeno peroxidozko lurrunarekin, eta beharrezkoa da eskuen higiene zorrotza mantentzea.

Oro har, oso ohikoak dira azaleko mikosiak (atleta oina, ezkabia edo baginako kandidiasia), baina ez dute arrisku handirik eragiten. Eta ‘Candidozyma auris’ek kolonizatutako pertsona gehienek gaixotasuna garatzen ez duten arren, batzuek kandidiasi larriak jasan ditzakete: heriotza tasa % 30etik gorakoa da inmunoeskasia duten pertsonetan, zauri kirurgikoetan edo odolean zain barneko gailuen bidez sartzen denean. Barneko organoei eragin diezaieke: bihotzari (endokarditisa eta miokarditisa), hezurrei (osteomielitisa) edo garunari (meningitisa).

Infekzio agerraldiak ohikoagoak izaten dira ZIUetan, erreanimazio unitateetan eta egoitza geriatrikoetan, toki horietan pazienteak kalteberagoak izaten baitira.

Diagnostikoa konplexua da, teknika konbentzionalak ez direlako nahiko izaten eta laborategi guztietan eskuragarri ez dauden teknika molekularrak behar direlako. Gainera, tratamendua zaila izaten da ‘Candidozyma auris’en isolamendu kliniko askoren erresistentzia dela eta. Horrek, batzuetan, sendatu ahal izateko, aste batzuez botikak konbinatzera behartzen du.

Hedapen bizkorra Europan

Europaren kasuan, Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) argitaratutako azken txostenaren arabera (2025eko irailaren 11), ‘Candidozyma auris’en hedapenak erritmo bizkorrari eusten dio, eta ospitaleetan dauden pertsonentzako mehatxua da. 2023 arte, 4.012 kandidiasi eta larruazaleko eta mukosetako kolonizazio antzeman dira Europar Batasunean. Intzidentzia handiena Espainian (1.807 infekzio), Grezian (852) eta Italian (712) detektatu da. 2023an bakarrik, 18 herrialdetan 1.346 kasu izan ziren.

Orain oso gutxi agerraldiak izan dira Zipren, Frantzian eta Alemanian, eta endemia mailara iritsi da Espainiako, Greziako, Italiako eta Errumaniako eskualde batzuetan zazpi urte baino gutxiagoan.

Arazoaren punta

Txostenak hutsune handiak aurkitu ditu zaintza epidemiologikoko sistemetan eta infekzioen prebentziorako eta kontrolerako jarraibideetan. Herrialde gehienek mikologian erreferentziazko laborategiak dituzten arren, 17k bakarrik dute zaintza sistema nazionala, eta 15ek dituzte jarraibide horiek indarrean.

Pentsatzekoa da, beraz, zifra horiek arazoaren punta baino ez liratekeela izango, ez baita ezagutzen ospitaletik kanpo gaixotasunaren maiztasuna zein den. Gainera, infekzio kopurua eta haien banaketa geografikoa handitzearekin batera, epidemiaren kontrola zaildu egiten da, eta, aldi berean, hedatzeko arriskua handitu.

Espainia izan zen ‘Candidozyma auris’ek eragindako ospitaleko infekzioaren agerraldia jakinarazi zuen Europako lehen herrialdea. 2016an izan zen, Valentziako La Fe Opitale Unibertsitario eta Politeknikoan, eta oraindik irauten du. Ospitale horretako mediku mikrobiologoaren, Javier Pemánen, hitzetan, “infekzioek zerbitzu eta ospitale beretan kontzentratzen jarraitzen dute, baina mediku eta gaixoen kontzientziazio handiagoa dago. Bestalde, zaintza protokolo espezifikoak ezarri dira eta kontrol neurriak modu goiztiarragoan aplikatzen dira”.

Klima aldaketaren babesean

‘Candidozyma auris’en hainbat espezie aldi berean azaldu izanak ingurumeneko jatorria duela dioen hipotesia indartu du. Dirudienez, tenperatura globalaren gorakadak eta klima aldaketak lagundu egingo zioten onddo horri, hezetasun eta lehortze zikloekiko erresistentea baita, eta ondoren giza ingurunera egokitzea ahalbidetuko zion.

Jatorriari dagokionez, litekeena da ‘Candidozyma auris’ paduretatik landa girora eta hortik hiri ingurura salto egin izana, hegazti migratzaile, ugaztun txiki eta pertsonak bezalako ostalari transmisoreen parte hartzeari esker. Padura, hondartza, igerileku, hauts atmosferiko, txakur eta anfibioen laginetan onddoa isolatu izanak hipotesi hori indartzen du.

Tenperatura igoerara egokitu izanak emango zion gure endotermia hesia (esklusio termikoko eremua) gainditzeko aukera; izan ere, onddo askok ez dute bizirik irauten ugaztunetan, gorputzeko tenperatura altuagatik. Baina nekazaritzak, pestiziden erabilerak edo urbanizatze lanek nitxo ekologiko horiek aldaraztea eragin zezaketela dirudi.

Gainerakoan, sekuentziazio genomiko osoaren (WGS) ikerketek ‘Candidozyma auris’en sei espezie edo klado identifikatu dituzte, geografikoki eta genetikoki ezberdinak. Birulentzia eta antifungikoekiko erresistentzia aldakorrak dituzte. Hala ere, mundu osoan edozein espeziek eragindako kandidiasiak daude, pertsonen joan-etorrietan izandako gorakadaren ondorioz.

Gaur egun, aurrean dugun erronka nagusia ‘Candidozyma auris’en biologia hobeto ulertzea da, barreiadura prebenitzeko modu eraginkorragoak, diagnostiko metodo azkarragoak eta eraginkorragoak diren botika eta txerto berriak garatu ahal izateko.